ProtonMail Deep Web munduan baino ez zen ezagutzen Mr Robot seriean agertu zen arte. Elliot protagonistak posta elektroniko zerbitzu hau erabiltzen du, eta bere moduko aditu bezain paranoikoa den batentzako nahiko segurtasun, pribatutasun eta anonimotasuna eskaintzen badu, nola ez guretzako… Telesail hau ezaguna izan zen hackerren mundua zorrotz islatzen saiatzeagatik, 4 sasoien zehar mundu horretan ohikoak diren gaiak, teknikak, mitoak …. agertzen dira, besteak beste kriptografia, ingeniaritza soziala, steganografia, RFID lapurrak, Kali Linux, kriptotxanponak, Dark Web… Hainbat adituen laguntza izan zuten, tartean ProtonMail bera, eta ez bakarrik jaso, egun zerbitzuak eskaintzen dituen hobekuntza batzuk ere proposatu zizkieten.
Gaur Xataka gunean ingurumen ekintzaile frantziar bat atxilotua izan dela irakurri dut ProtonMailek honen IPa eman eta gero. Informazioaren arabera, 2020ko udan Parisen gentifrikazioaren kontra izandako protestetan zerbitzu honetako posta elektroniko kontu hori erabili zen hauek antolatzeko.
ProtonMail CERN-eko zientzialari, ingeniari eta programatzaile talde batek 2013an Genevan sortu zuten enpresa da. Sarean Eskubide zibilak defendatzea dute helburu eta horregatik sare bidezko komunikazioen segurtasuna, pribatutasuna eta anonimotasuna ahal den beste bermatzen duen zerbitzua eskaintzen dute batez ere ProtonMail eta ProtonVPN bidez, eta hori dela eta zenbait herrialdeekin, Bielorrusia, Turkia edo Errusiako kasu, arazoak izan dituzte. Hainbeste protokolo garatu eta erabiltzen dituzte, adibidez, ertzetik ertzera zifratuta egoteaz gain, pasahitz bi erabiltzen dira posta elektroniko kontuetan: bat sartzeko beste sistema denetan bezala, eta bestea norberaren gailuan posta elektronikoak deszifratzeko.
Izaera hau izanik, arraroa egin zaigu gertatutakoa. ProtonMailek ondo irabazita dauka bere izen ona, profesionaltasunari zein eskubideen aldeko jarduerari dagokionez, beraz zer izan da?
Bere egoitza eta zerbitzari guztiak Suitzan ditu, Frantziako jurisdikziotik at. Baina Europol bidez, lortu zuten Alpeetako herrialdeko justiziak ProtonMaileri bete beharreko agindua bidaltzea. Andy Yenek, enpresaren CEOak, atzo gertatukoa azaltzen zuen komunikatua plazaratu zuen. Honen arabera betetzera derrigortuta zeuden agindua jaso zuten, eta horregatik eman zieten erabiltzailearen IPa. Garbi uzten du ez dela euren politika eta guztiz gaitzesten dutela beste krimen larriago batzuetarako sortu ziren legeak, horrelako kasuetan erabiltzea. Legeak behartzen dituenean bakarrik gordetzen dutela erabiltzaileen inguruko informazioa eta horrelako eskaera denak banan-banan aztertu (3768 guztira 2020an) eta euren kezken berri ematen diotela Suitzako gobernuari. Jarduera hau gardentasun osoz ikus dezakezue euren gunean.
Legeak borrokatu eta…
Hau da. Herrialde gehienen legeen arabera, gobernuek delituak ikertzerako orduan eta kasu batzuetan epaileen parte-hartze barik, gure hornitzaileei duten informazioa ematera behartu diezaiekete. Batzuetan delitu izaeraren araberakoa da eskubide hori, baina garbi ikusi da kasu honetan “malgutasunez” jokatu dela delituaren larritasunari dagokionez.
Egia da ProtonMailek kasuan, erabiltzen dituen teknologia eta protokoloak direla eta, nahita ere ezin duela gure informazio askorik eman. Ez da gauza bera gertatzen askoagatik erabiliagoak diren Gmail, Outlook eta beste batzuekin. Gainera, gure datuak era garbi edo ilunago baten saltzeko beti prest agertzen diren hauek kezkarik izango dute gobernuen eskaeren aurrean?