2019an, meme bilakatu zen iragarki bat egin zuen Peloton bizikleta estatikoen enpresak. Bertan emakume bat da protagonista. Senarrak Peloton bizikleta bat oparitzen dio eta emakumea egunero bizikleta estatikoan ibiltzen hasten da.

Iragarki sexistak zeresan handia eman zuen sareetan, enpresaren Interneteko presentzia nabarmen handituz. Koronabirusaren 2020ko itxialdian, Pelotonen salmentek gora egin zuten, izan ere, bizikleta eskuratzeaz gain, 40€ ordainduz gero, streaming bidezko klaseak jasotzeko aukera zuten erabiltzaileek. Komunitate digital sendo baten sorrera eragin zuen. 2021eko abenduan, Peloton eta HBOren And Just Like That telesailaren inguruan ere zurrumurru ugari egon ziren.

Ainhoa Marzolen esanetan, metabertsoaz ari garenean, komunitate digitalaz ere ari gara hizketan. Hala ere, dena ez dira alde onak. 2020ko itxialdi hartan, Pelotoneko zenbait gizon erabiltzailek bosteko digitalak bidaltzen zizkieten streaming bidez kirola egiten ari ziren emakumeei, haietako asko ezeroso sentiaraziz.  

Urtebete luze igaro ostean, eta kaleak berriz jendez gainezka daudela, Peloton bezalako enpresen arrakastak behera egin duela ondoriozta dezakegu. Bizitza digitalaren gainbeherak erakusten du metabertsoa ez dela gure errealitatea guztiz islatzeko gai izango.