Gauza gutxirekin ibiltzea atsegin dut: kalera irtetean arropa eta tankerakoez gain mugikorra, etxeko giltzak eta diru-zorroa eraman ohi ditut soilik. Eta horietako bi sobera daude.
Mugikorra uztea ez da oso erraza gaur egun… egin nahi duzunaren arabera. Baina orokorrean ondo datorkigu mugikor bat gertu izatea (emergentzia deiak, argazkiak…). Erlojuak eta eSIMen gaia beste baterako lagako dugu. Kontuak kontu, mugikorra ez dago sobera.
Etxeko giltza desagerraraztea berriz erraza da: mugikorraren bidez irekitzen diren zenbait soluzio tekniko ikusiko zenituzten dagoeneko. Beldur pixkat sortzen dit urrats horrek baina, tira, agian egunen batean ausartuko naiz. Gauza bitxia horren beldur egotea: kotxea mugikorrarekin ireki eta gidatu dezaket eta ez dit beldurrik ematen. Zorionez, etxeko giltza nonbaiten ezkutatuta uztea aukera ona da oraindik. Azken finean, giltza sobera egon daiteke ere.
Eta horrek diru-zorroa uzten du.
Izenak ez dio ohore egiten: dirurik ia ez daramat, hortaz zorroa deituko diot aurrerantzean. Izan ere, zorroan txartelak daramazkit gehienbat: NANa, gidatzeko karneta, bankuko txartela, Osakidetzakoa, Mugi txartela, Barik txartela, eta Baskoniaren bazkide txartelak. Zortzi guztira. Horietatik:
- NANa, Mugi eta Barik ezinbestekoak dira gaur egun; ez ditut eraman nahi, baina behar izanez gero fisikoki eraman behar ditut.
- Gidatzeko karneta eta Osakidetzakoa, teorikoki, ez, baina harrapatzen zaituen pertsonaren arabera funtzionatzen duenez, badaezpada nahiago soinean eramatea. Mugikorrean txartel hauek izatearen kontua berri-berria da.
- Bankukoa aspalditik ez da beharrezkoa leku gehienetan. Eskuzko dirua lortzea ere posible da hau gabe. Badaezpada daramazkit… baina izatez ez ditut eraman nahi.
- Baskoniarenak ere ez dira ezinbestekoak baina, tira, politak dira eta etxeko txikienak gustuko ditu gainera (eta nik baita, ez dut gezurrik esango).
Beraz nahi ez ditudan txartelez dut beteta zorroa. Kontuz: ez nabil esaten txartelak desagertu behar direnik (hori geroago esango dut). Bai ondo legoke zenbait gauza soinean plastiko zati bat eramatearen menpe ez egotea.
Bitxia da: entitate publikoei lotutako txartelak dira ezinbestekoenak. Enpresa pribatuei lotutako zerbitzuek aspaldi ikusi dute txartel gabe ondo egin daitezkeela gauzak… eta merkeago, baita.
Bere garaian txartel gehiago nituen: Eroskikoa, Forum Sportekoa, liburutegikoa… Txartelak, txartelak eta txartelak. Noizbait 15etik gora eraman izan ditut, erokeria hutsa! Eta asko ez nituen eramaten benetan nahi nuelako. Okerrena: zenbaitengatik ordaindu beharra (Mugi, NAN, etab.). Eta are okerragoa: baten batek funtzionatzeari utz diezaioke. Batzuk desmagnetizatu daitezkeelako, eta beste zenbaitetan zaharkitze programatuaren erruz (Barik kasu). Lotsagarria bezain tamalgarria.
Dena den, eta laburbiltzen: kartera eramateko beharrik ez dago. Edota ez luke egon beharko. Euskotrenek kontrakoa dio: “makina honetan txartelarekin ordaindu daiteke” jartzen du txartelak erosteko makinetan, aparteko zerbait bailitzan. Horrek esan nahi du beste askotan ez dela posible izango, hau da, txanponekin ordaindu beharko duzula. Mugikorrarekin ez, noski.
Inpaktu ekologikoa
Txartelak material ezberdinez egin daitezke. Orokorrean plastikozko oinarri bat dute, zein gehienetan PVC (polibinil kloruroa) edo PVCA (polibinilo kloruro azetatoa) izan ohi diren. Ezagunak egiten al zaizkizue izenak? Egun hauetan Ohio eta AEBko zonalde handi bat kutsatu duen sustantzia berbera da.
Hortaz gain, tinta normalak (petroleoa oinarri) eta tinta magnetikoak (oxido metalikoen partikulak). Kasuaren arabera, bestelakoak egon daitezke (txipak). Material hauek guztiek milaka kilometro egin dituzte zure patrikara heltzeko, eta bidean papera, bestelako plastikoak eta beste hainbat material extra gehitu zaizkie. Fabrikatzeko beharrezko energia, ur eta bestelakoei buruz ez dugu besterik esango.
Guztira: nahi eta behar ez ditudan 50 g material daramatzat karteran, nahiko kutsagarriak diren eta nigana heltzeko gutxienez 10.000 km egin dituzten 50 gramo. Material guzti hori ezin daiteke birziklatu/berrerabili/beste bizitzarik eman.
Norbaitek esango du ez direla gramo asko. Baina badakizue zer dioten: ingurugiroa zaintzeko orduan, keinu txiki bakoitzak bere eragina duela. Arrazoi, baina kasu honetan beste behingoz negozioak edo alferkeriak irabazle atera dira.
Soluzioak
Zenbait pertsonek txartelak beharko dituzte, arrazoi ezberdinengatik. Baina belaunaldi gazte eta horren gazteek ez. Ez diete onurarik eskaintzen: ez dute beraien funtzioa ondo betetzen (desmagnetizatu daitezke, argazkiak jarraian zahartu, etab.), ez dute gauza askorik errazten (lapurtzeko/galtzeko arriskuak, puskatzekoak, ezin beti eraman…), eta gainera kostu bat dute.
Mugikor aplikazioek ordezkatuko dituzte txartel gehienak. Erloju adimentsuek, eraztunek eta tankerakoek baita. Energia kontsumo oso txikia gehitzen diote gailuari, soinean eramatea oso erraza da, eta segurtasun biometrikoa gehitzen diote gehienetan.
Zergatik ez dute egin dagoeneko? Norberak erantzun dezala galdera hori. Baina argi izan bezeroek eskatzen dutela: benetan uste du norbaitek gazteek (eta horren gazte ez garenok) ez genukeela nahiago mugikorra erabiltzea Barik edota Mugi txartelak baino?
Kasu askotan biometriak berak ordezkatuko ditu: gure polikiroldegira sartzeko hatz-marka baino ez dugu behar. Zertarako besterik? Mugikorrak aurpegiarekin edo hatz-markarekin desblokeatu ditzakegu, zergatik ez bestelako hainbat?
Etorkizuna esku artean edo begi aurrean dugu, baina ez diogu heldu nahi. Badirudi ez naizela etxeko giltza mugikorrarengatik ordezkatzeko beldur den bakarra!