Zure pasahitza iraungi egin da, aukeratu ezazu beste bat gutxienez 8 hizki dituena, zenbaki bat, letra larri bat, eta ez dadila izan orain arte erabilitako bat… Eta hau guztia bete ondoren gogoratu pasahitz hau eta ez errepikatu inon.

Kontuan hartzen badugu ehunka webgunetan sartzen garela, eta egunero milaka aplikazio erabiltzen ditugula, zoratzeko moduko egoera larri baten aurrean jartzen gara.

Ongi da, beste behin ere esageratzen ari naizela esango didazue, eta gaia ez dela larria, pasahitzak askotan errepikatzen ditugulako eta normalean arazo gutxi izaten ditugula. Baina zer gertatzen da, pasahitz sortzaile bat martxan jartzen badugu eta minutu gutxian gure pasahitzik zailena azaleratzeoi gai bada? Eta gainera pasahitz bera produktu ezagunenetan probatu eta sartzeko baimena lortzen badu. Akabo bakea!

Hau dena entzun eta gero, pasahitzik gabeko etorkizunik imajinatzen duzue? Utopia bat izango litzateke? Azken albisteei so eginez gero ordea, denbora gutxian errealitate bihurtuko dela dirudi. Microsoft, Apple eta Google enpresek eta W3 kontsortzioak aurrera eraman nahi duten proiektua oinarria izango litzateke hau. Eta horretarako, FIDO elkartea sortu dute, sareko kredentzialak kudeatzeko taldea.

Lan horretarako sistema biometrikoez gain (hatz irakurgailuak, aurpegi errekonozimendurako programak…), kanpoko elementuak gehitu nahi dituzte pasahitzak ordezkatzeko. Ez da sistema berria, urteak baitira enpresa askok lizentzia zehatzak kontrolatzeko TOKEN sistema erabiltzen dutela. Euren produktuak eta kanpoko dispositiboak aldi berean parekatuz “pasahitz” bera emateko gai direnen sistemak garatu izan dituzte. Programaren lizentzia erosteak, aparailua erostea dakar, eta biak sinkronizatu ezkero, kontrola eramateko erraztasunak sortzen dira.

Noski, hau enpresa zehatz batek, produktu zehatz batekin egitea, ez da “hain zaila”, baina sistema hau estandarizatu eta mundu zabalera hedatu nahi baduzu, pasahitzak behar diren toki guztietan erabili ahal izateko, nahasmen eta aparailu pilaketa erraldoia sortuko luke. W3 kontsortzioak eta sareko enpresa erraldoiek bluetootha eta telefono mugikorra erabili nahi dituzte, kanpoko aparailu hori ordezkatzeko, eta aplikazio bitartez edozein lekutan sarbidea lortu ahal izateko. Euren esanetan, hau aurrera eraman ezkero phishing erasoak murrizteko erraztasunak sortuko lirateke.

Googlek bere blog ofizialean aditzera eman duenez, 2023. urtea baina lehen ikusiko dugu sistema hau gure artean.

Argi itzalak

Pasahitzek sortzen duten arrakala alde batera uzteko, dirudienagatik, FIDO elkarteko kideei informazio gehiago eskaini beharko diegu sareko erabiltzaileok. Kanpoko gailu hori izan ezean, gure datu biometrikoak erabili nahiko baitituzte gu identifikatzeko. 

Orain arte, enpresa zehatz batek datu horien datu basea izan zezakeen, orain ordea informazio hori beste enpresekin elkarbanatu beharko luke beste datu baseekin gurutzatu eta datuak alderatzeko. Datu sakabanatuak, informazio bihurtuz.

Nola ez, honek hausnartzeko beta ematen du. Etorkizun erraz, sinple eta eroso bat esku artean izateko gure arima gehiago saldu beharko baitugu aurrerantzean.