Gaur egun herritarren partaidetza funtsezkoa da gizarte moderno eta demokratikoen garapenean. Horrelako gizarteetan erabaki politiko eta sozialak biztanleriaren eta bere ordezkariekin elkarlanean hasi eta garatzen dira. Azken asteetan ikusten dugun arabera joera geldiezina da, oztopoak oztopo eta zailtasun guztien gainetik.

Harrigarria bada ere, Estatu Espainiarra munduko Top-10ean dago eta Frantsesa gertu. Estrategiak desberdinak dira, eta herrialde batzuetan gardentasuna eta gobernu dokumentu guztiak irekitzeko asmoa erakusten badute (Erresuma Batua) beste batzuetan atari digitalak sortu dituzte herritarren parte hartze prozesuak bultzatzeko (Estonia). Herritarrok parte hartzea errazten duten tokian tokiko mekanismoak eta estrategiak bilatzen ditugu, erritmo eta eskaera maila desberdinetan. Parte hartze eskaera honek sustrai sakonak ditu: Desadostasun politiko sakonak, alderdi politikoekiko urruntasuna, gardentasun falta eta administrazio publikoaren eta herritarren arteko distantziak, esate baterako. Hauek dira joera honen gorakada azaltzen duten arrazoi batzuk, baina orain arte legeak eta prozesu hauen logistika beharrak asko mugatu ditu parte hartze sistemen zabaltzea.

Legearen aldetik gutxi esateko, hori ez bait da nire arloa. Ibatuz enpresako lagunek adierazitakoaren arabera Euskal Elkarte Autonomoan 2/2016 legea begiratu behar dugu, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa. Lege horretan hiru artikulu nabarmendu behar ditugu:

  • 79. artikulua.– Herritarren parte-hartzea, udal-aurrekontuetan gastu publikoko konpromisoak erabakitzen.
  • 80. artikulua.– Herri-galdeketak.
  • 81. artikulua.– Sektoreko edo lurralde-eremu mugatuetako galdeketak.

Artikulu guztien artean 80. artikuluak atal esanguratsuenak ditu, eta perspektiba logistiko batetik zortzigarren atalean parte hartze elektronikoa sustengatzen duen zutabea daukagu:

“8.– Prozesu horietako bozketa-sistema –paperezko botoa edo sistema elektronikoa– dagokion toki-erakundeak erabakiko du, zeinak bere biztanleriaren eta eremuaren ezaugarriak kontuan izanik hartuko baitu ebatzia. Toki-erakundeak erraztasunak eman beharko ditu parte hartzeko eskubidea duen pertsonak orok behar adina bermerekin parte har dezan.”

Tamalez Nafarroaz eta Iparraldez datu handirik ez daukat, baina eskertuko dut irakurleren batek zehetasunak helarazten badizkit.

Goazen teknologiara. Nahiz eta bozketen mundua gaur egun belaunaldi analogikoan mantentzen den arren (paperezko botoa, hautetsontziak, eskuzko zenbaketa eta abar) teknologia digitalak tresna eraginkor batzuk eskaintzen dituzte, datuen biltze eta prozesuan bereziki. Bozketa elektroniko integralak egiteko saiakera asko egon dira ere, eta aurrekari interesgarriak daude.

Oro har, bi bozketa elektroniko mota nagusiak identifikatu daitezke:

  1. Bozka elektronikoa hauteskunde-agintaritza gobernu edo independenteen ordezkariek fisikoki gainbegiratuta (hauteslekuei dagozkien boto elektronikoak)
  2. Urruneko bozketa Internet bidez (e-bozka ere deitutakoa) non hautesleak botoa etxean edo hauteslekuetatik aparte emateko gaitasuna daukaten

Arazoak izan dira eta hainbat tokitan bozketa elektronikoen emaitzak zalantzagarriak gertatu dira, zenbait prozesu atzera bota dira eta parte hartze sistema digitalak mesfidantza sortu dute. Teknologi digitalak hainbeste aurreratzen diren garai honetan, aurrerapenik ez? Bai, eta gertu esan behar.

Aurretik birritan hitz egin dugu bloke-kateen teknologiari buruz. Lehen Akilesen orpo digitalaren gaineko sarreran eta bigarrenez Iñaki Alegriak idatzitako sarreran. Teknologi hau erabiliz eDemocracity (eDemocracity.org) startup euskaldunak parte hartze prozesuak iraultzeko plataforma sortzeko bidean dago, eta urtea amaitu aurretik hainbat udalerritan pilotuak egiteko prestaketetan dabil.  Enpresa berri honen helburua da garatzea, hain zuzen, bozkatzailearen anonimotasuna bermatuko duen eta bozkari legezko balioa emango dion bozketa elektronikoetarako moduak. Bloke kateekin hori eskaini ahalko duela uste du eDemocracityk. Erronka handia da: parte hartze prozedurak seguruagoak, gardenagoak eta errazagoak izatea. Horretarako sortu zen bloke-kateen teknologia eta enpresa berriak bozketa prozeduretarako erabiltzeko asmotan dabil.

Bloke kate hori bozka digitalen erregistro bat da, eta, erregistro horretan, informazioa eta bozkak aldaezina dira. Ondorioz, parte hartze sistema bera da prozesuaren egiaztatzailea eta, hala, erraztu egiten dira bozketa prozesuak. Horrenbestez, egiazkotasuna, segurtasuna eta gardentasuna eskaintzen ditu, eta, aldi berean, parte hartze prozesuak bizkortzen ditu.

e-Votarem!