Iritsi da goi-denboraldia; ez gara hotelen okupazioari buruz ari orain, baizik eta zibergaizkileei buruz. Oporraldi nagusiarekin batera, zibergaizkileen maulak, lapurretak, identitate-ordezpenak, intrusioak… agertzen dira. Erlaxatuta gaudela baliatzen dute erasotzeko. Adi ibili, eta egin kasu aholku hauei bidaia antolatzean, zibergaizkilea zure “erlaxamendu”az balia ez dadin.

Oporretara joan aurretik…

  • Egin erreserbak webgune seguru eta konfiantzazkoetatik. Udan eskaintzak ugaritu egiten dira; iruzurrak bezainbeste. Bidaia bat kontratatzerakoan, ez fidatu “maukez” edo transferentzia urgenteez.
  • Ziurtatu saioa itxi duzula beste norbaitekin partekatzen dituzun gailuetan edo erabilera publikoko gailuetan. Desaktibatu “Gogoratu pasahitza” aukera, eta horrela inor ezingo da sartu zure kontuetan.
  • Sortu segurtasun-kopia bat. Hartara, ziurtatu ahal izango duzu gailua galduz gero zure informazioa ez dela galduko. 
  • Bidaiara eraman behar dituzun gailuak ahalik eta informazio gutxienarekin utzi. Horrela, gure informazioa babestea lortuko dugu, eta argazki gehiago egiteko lekua libratuko dugu.
  • Zifratu zure gailuak, galduz gero inor sar ez dadin zure informazioan.

Oporretan…

  • Eduki gailua beti zugandik gertu, eta babestu zure informazioa pasahitzez, hatz-markaz edo aurpegia ezagutzeko baliabideaz. Nahi gabe galtzen baduzu, zailagoa izango da gailuan sartzea.
  • Wifi publikoak izan daitezke errepidearen erdian gurpil bat zulatzea bezain arriskutsuak. Konektatu wifi publikoetan beharrezkoa denean bakarrik, eta ez sartu horrelakoen bidez informazio konfidentzial edo sentikorrean (banku-kontua…).
  • Desaktibatu geolokalizazioa. Beste batzuek asmo gaiztoz erabiliz gero, zu eta zure ingurunea arriskuan egon zaitezkete.
  • Ez argitaratu bidaiako argazkiak zuzenean: Ez da komeni publiko egitea non zauden, intertzeptatu zaitzaketelako edo delitugileak zure etxean lapurtzeko aprobetxa dezaketelako.
  • Pentsatu bi aldiz zure datuak entregatzeko beharra: Askotan, leialtasun-txartelak edo sustapen bereziak eskaintzen dizkigute plataformetan, izena ematearen eta pribatutasun-baldintzak onartzearen truke. Kontuan hartu ea aurreztuko duzunak konpentsatzen ote duen zure datuak berriro erabiliko ez dituzun leku batean egotearen arriskua.

Bueltan…

  • Garbitu oporretan biltegiratutako datuak. Seguruenik berriro beharko ez dituzun aplikazioak eta wifi-sareak.
  • Itxi saio guztiak: baliteke oporretan zure kontuak zureak ez diren gailuetan erabili izana. Zerbitzu askok saioak urrunetik ixteko aukera eskaintzen dute. 
  • Gorde zure oporretako oroitzapen guztiak biltegiratze-sistemaren batean.

Kontuan izan aholku horiek guztiak udan, eta zibersegurtasun osoz gozatzeaz bakarrik arduratuko zara.

Era berean, malware- edo phishing-kanpaina aktibo bat identifikatzen baduzu, Basque CyberSecurity Centre-ri jakinaraztea gomendatzen dizugu, mezu elektroniko bat bidaliz incidencias@bcsc.eus helbidera, BCSCko CERTek (Computer Emergency Response Team) dagokion analisi teknikoa egin dezan eta ondoren hura arintzeko eta desegiteko beharrezkoak diren neurri teknikoak aplika ditzan, inpaktua mugatu ahal izateko.