Hamaika aldiz esan digute Google, Facebook zein horrelako beste sare bat dohainik erabiltzen dugunean, benetan geu garela produktua eta gure datuen bidez ordaintzen ditugula. Hamaika aldiz ere, zein garrantzitsua den inork irakurtzen ez dituen erabilera baldintzak irakurtzea, onartzen ditugunean (gehienok onartzen baititugu), zer onartzen dugun behintzat jakin dezagun.

Gabon garaia da, eta aukerako oparien artean asko dira sareetara konektatzen direnak. Umeentzako jostailuak, Termomix eta antzekoak, betaurrekoak, xurgagailuak, erloju adimenduak… Geroz eta gehiago dira internetera konektatzeko gai diren tresnak, eta, noski, informazioa bildu eta elkarbanatzeko gai direnak ere.

2017tik Mozilla fundazioak “Privacy not included” ekimena du martxan. Horrelako produktuen azterketa egiten du pribatutasunaren ikuspuntutik, eta gomendioak ematen ditu hauen erosketa eta erabilera prozesuan.

2022ko kanpainari dagokionez, dagoeneko 75 gailu inguru aztertu dituzte, tartean Apple Watch, Nintendo Switch, Google Chromecast, Amazon Echo, Garmin osasun gailuak eta Meta Quest Pro, eta lanean jarraitzen dute. Ezin esan sorpresa handirik hartu dutenik, teknologia enpresa erraldoiek euren betiko ildotik baitabiltza.

Aurkikuntza azpimarragarrienetako bat,  geroz eta gehiago direla umeak helburu dituzten horrelako produktuak. GPSa, kamara edo mikrofonoa dituzten erlojuak adibidez, gurasoei segurtasuna emateko saltzen badira ere, umeen datu mordoa batzen dituzte, eta ez hori bakarrik, urruneko gainbegiratze hori normalizatu egiten da txikitatik.

Beste alde batetik, enpresa handi horiek egindako erosketak ondorioak izaten ari dira, eta ez Twitterren kasuan bakarrik. Orain arte Mozillak ondo baloratu duen iRobot adibidez, Amazonek erosiko duela iragarri da, nahiko balorazio txarrak izan dituena. Edo Fitbit-en kasua, 2021ean Googleek erosi eta bere erabiltzaileak Google kontu bat izatera derrigortuko ditu.

Deigarriak Meta Quest Pro, Meta enpresako (lehengo Facebook) errealitate birtualeko betaurrekoak. 16 kamera eta beste sentsore batzuk zeure etxe eta gorputzean, hainbat bider bere erabiltzaileen konfiantza bertan behera utzi duen enpresa baten eskura. Ez hori bakarrik, bere pribatutasun politikak 37.700 hitz baino gehiago ditu!!! Has zaitez hori dena irakurtzen onartu baino lehen……

Esan beharra dago, azterketa gainditzen duten batzuk ere badaudela, salbuespena zoritxarrez.

Beraz opari teknologiko bat egitera bazoaz, eta bereziki umeentzako bada, adi ibili!!! Begira dituzu eta.