Garai egokiena ez bada ere, Olentzerori buruzko ipuintxo bat kontatuko dizuet gaur. Ez da nik asmatutakoa, ez pentsa, hemen aurkituko duzue oinarri gisa erabili dudana. Olentzero eta galtzagorriren galtzerdi zikinak.
“Galtzagorriak prestu ari ziren Olentzerok gaueko 12etan banatu behar zituen opariak prestatzen. 1024 kutxa bildu behar zituzten. Kutxa bakoitzean patin pare ederra.F
Banaketa lanak hasteko 10 minutu eskas geratzen zirenean bukatu eta Olentzero deitu zuten. Oraingoan garaiz amaitu zuten lana! Pozik zeuden denak!
Orduantxe, Galtzagorri-txiki-bihurri ohartu zen bere galtzerdi zikinak kutxetako baten barruan utzi zituela.
Olentzero ez zegoen prest opari kutxetako batean galtzerdi zikinak eramateko! Zer egingo zuten?! Lau galtzagorri baino ez ziren. Kutxa guztiak ireki eta berriro paketea egin behar bazuten, kontuan izanik kutxa bakoitzarekin 2 minutu beharko zituztela, 512 minutu beharko zituzten eta 10 baino ez zeuzkaten!!!
Olentzero balantza batekin azaldu zen. Desberdin pisatzen duen kutxa topatu beharko dugu -esan zuen-. Hala ere, ez zeukaten denbora nahikoa. Pisaldi bakoitzeko 2 segundo beharko zuten eta Olentzerok, gauerdia baino lehen atera behar zuen!
Galtzagorri-txiki-bihurri aurreratu zen eta esan: Nik egin dut akatsa eta neuk konponduko dut! Jarri balantzaren alde bakoitzean kutxen erdia. Gehien pisatzen duen erdia hartu eta berriro bitan zatitu. Horietako mugimendu bakoitzak kutxak binaka konparatzea baino denbora gehiago eraman zuen, baina 10 mugimendurekin nahikoa izango zuten galtzerdi zikinak gordetzen zituen kutxa topatzeko eta Olentzero arazorik gabe gauerdia baino lehen atera ahal izango zuen!”
Askok ez duzue ikusiko une honetan ipuina eta sarean.eus-en arteko harremana, ezta? Bada erabatekoa da. Informatika eta Informaziorako eta Komunikaziorako Teknologiak bereizten ikasi behar dugu. Lehenengoa zientzia bat da, eta matematikak zenbakien eta haien tratamendua aztertzen duen bezala, informatikak informazioaren tratamendua aztertzen du. Adibidez, datu bat beste askoren artean bilatzen eta ipuinean aipatu diren tekniken antzekoak erabiltzen dira barra barra.