Adimen Artifizialerako hardwarearen arrakastaren gakoak

Adimen artifizialaren, CAD/CAM grafikoen, kriptodiruaren eta bideo-jokoen alorretan marka ezaguna izan den arren, duela gutxi arte NVIDIAz ez da asko mintzatu komunikabide orokorretan. Azken hilabeteetan, berriz, hizpide dugu burtsan izan duen gorakada dela-eta, aurtengo ekainean oso enpresa gutxik lortu dutena erdietsi baitu: bilioi dolarretako kapitalizazio langa gainditzea. Gutxi batzuk dira langa horren gainetik dauden enpresak eta bat izan ezik, gainontzekoak IKT arloko enpresak dira, baina NVIDIA da, Apple-ekin batera, hardware arloko bakarra. Esan beharra dago, Apple alde batera utzita, denbora luzez ez dela egon hardware arloko enpresarik horren goian.

 

Arkitektura eta merkatua

NVIDIAren produktu nagusia GPUa da. Grafikoak prozesatzeko unitate bat (GPU) grafikoak bizkor prozesatzeko edo koma higikorreko operazioak azkar kalkulatzeko erabiltzen den prozesagailu espezializatu bat da, CPUaren lana arintzen duena. Prozesadore bektorial arkitektura duen txartel gehigarri garesti bat izan ohi da GPUa, konputagailuetako CPUari erantsi ohi zaiona. Bektoriala izateagatik agindu bat datu-bektore oso baten gainean buru dezake oinarrizko eragiketa gisa, eta horrek kalkulu-ahalmen handia ematen dio sare neuronalekin, kriptografiarekin edo grafikoekin lotutako eragiketak ebazteko orduan. Teknikoki esanda SIMD motako prozesaketa paraleloa burutzen du: Single Instruction Multiple Data (agindu bakarra, datu anitz). NVIDIA txartelek eta bestelako txipek SIMD arkitektura dute oinarri, baina are arkitektura konplexuagoa eta sofistikatuagoa dute. Adibidez:

Bideo-jokoen merkatua garrantzitsua izan da beti enpresarentzat, eta modelo berriak kaleratzen ditu maiz. Ondoko irudian modelo batzuen ezaugarriak ikus daitezke: 

Txartelak ez dira batere merkeak, gainera asko garestitu ziren moneta digitaletako meatze-lanak egiteko oso egokiak direlako, nahiz eta azken bi urteotan joera hori apaldu den

NVIDIAk txartel eta txip sorta zabala du aipatutako erabilpenetarako, eta adimen artifizialaren alorrean azkar hedatu ziren, mundu akademikoan batez ere, enpresak berak ikerketarako dohaintzat egiteko garatu zuen estrategiari esker. IXA taldean, adibidez, zenbait GPU eskuratu genituen programa horri esker.

Adimen artifizialerako (AA) berezitutako arkitekturari esker, AAk berak izan duen garapena gehituta, enpresak goraldi nabarmena izan du azken urtean. Adibidez, berriki aurkeztu duen Hopper arkitektura berria sekulakoa da duen ahalmenari begira, baita energia-kontsumoaren aldetik ere. Horrek aurreko artikulu batean adierazten nuen kezka areagotu egiten du: adimen artifiziala “gero eta ahaltsuagoa izatearen” paradigman txertatuta dago bete-betean, aztarna ekologikoari eta larrialdi klimatikoari jaramonik egin gabe.

 

Ez da hw-a bakarrik

NVIDIA oso ezaguna da batez ere diseinatzen duen hardwaregatik (mugikorretarako txipak ere egiten ditu) baina duen negozioa askoz ere zabalagoagoa da: softwarezko liburutegiak, hodei-konputaziorako guneak… 

Linux eta BSDrako liburutegi ireki bat eskaintzen badu ere, eskaintzen duen software gehienaren jabeduna da (driver-ak, grafikoetarako eta ikasketa sakonari begirako liburutegiak…). Aipagarria da neurona-sareekin aritzeko eskaintzen duen programazio paraleloa bideratzeko CUDA APIa, jabeduna ere, C, C++ eta Fortran-etik atzigarri dena.

AAren urrezko garai honetan badirudi enpresaren produktuek eta zerbitzuek badutela etorkizuna, eta goraldiak, Metabertsoaren, NFTen edo betaurreko digitalen kasuetan ez bezala, sendotasuna duela. Hazkundea du aldi berean alde eta aurka, energiaren erabilera handia izan baitaiteke muga nagusia negozioaren garapenerako.