Barkatuko didazue aipu zehatzagoa ez egitea, baina aurrekoan irakurri nuen —edo entzun, auskalo!— populazio talde handiak zaintzapean mantentzeko erarik eraginkorrena dela jendeak sekula ez jakitea ziur zaindariak noiz dituen begira eta noiz ez. Horrela, etengabeko errezeloa sortzen da behatutakoen artean, eta norbera zein ingurukoak kontrolatzeko joera gero eta handiagoa.

Eta tira, esango nuke jolas hori oso hurbil dugula. Inguratzen gaituzten alderdi askotan suma daiteke, arreta apur bat jarriz gero. Teknologia alorrean, esate baterako, birus, antibirus eta enparauetan dugu adibide bikaina. Munduko ordenagailu gehienak elkarrekin konektatuta ez zeuden garai ez hain urrun haietan, zalantza klasikoa zen ea antibirusak benetan asmatu ziren erabiltzaileak babesteko… ala birusak ote ziren nahita sortzen zirenak, antibirusen beharra eragiteko. Kontsumoko ekonomiaren lojika ezagututa, arrazoizko zalantza zen, eta oraindik ere bada.

Baina internet eta egia-ostearen garaiotan, zalantza horren mugak zabaldu beharra dago. Gaur egun, birusak eta software gaiztoak (gaizware esan daiteke?) oso sofistikatuak dira. Gehienetan, isilpean egiten dute haien lana, datuak bildu eta beste norabait bidaliz, edota infektatutako ordenagailuetako informazioa pixkanaka eraldatuz, edo ordenagailu horiek interes ilunen zerbitzuko sare zabal eta konplexuen morroi bihurtuz… Gauzak horrela, ematen du, orain bai, behar-beharrezkoak direla antibirus ahaltsu eta sofistikatuak.

Baina, gure sasoi honetan, ezer ez da hain erraza. Azken egunotan albiste izan da Erresuma Batuko segurtasun agentziak informazioa zabaldu diela Britainia Handiko erakunde eta agentzia publiko guztiei, Errusia aldetik datozen segurtasun softwareak -eta batez ere Kaspersky antibirus ezaguna- ez erabiltzeko gomendatuz. Errusia ‘ahalmen handiko ziber-eraso eragilea’ delako. Estatu Batuetako administrazioak ere agindua eman zuen duela aste gutxi, errusiar jatorrizko software guztia desinstalatzeko, Putinen gobernuak ziber erasoak bideratzeko erabil ote dezakeen beldurrez.

Hau da: birus arriskutsuek gure ordenagailua bahitu eta helburu maltzurretarako erabil dezakete, gu konturatu ere egin gabe… Baina birusen aurka babesteko softwareak ere gauza bera egin dezake. Hori bera gutxi balitz, Wikileaks bidez jakin da Estatu Batuetako CIA agentzia ezagunak ere ziber erasoak egin izan dituela jadanik, eta oso teknika sofistikatuak erabili dituela eraso horien jatorria software errusiarra zelako itxura emateko. Adi jokaldiari, e? CIAk erasoak gauzatu, software errusiarra zelako plantak eginez, eta jarraian software errusiarra debekatzeko agindua eman! Honezkero, benetan ez dago jakiterik birusak ote ditugun espioi lanak egiten, antibirusak, antibirus mozorroa daramaten agentzia ofizialak…

Eta tira, ez dugu putzuan gehiago sakonduko. Bestela berehala iritsiko gara beste galdera batera: antibirus errusiarrak ‘debekatu’ dituzte Errusiak bere alde erabil ditzakeelako gerra elektronikoan, ados. Baina orduan… zergatik erabili behar ditugu Microsoft, Apple eta Google bezalako enpresa estatubatuarren sistema eragileak, gure ordenagailu eta gailu mugikorren kontrol osoa dutenak, jakinda hango legediak agerian zein ezkutuan behartzen dituela enpresa horiek haien softwarean AEBetako administrazio eta agentziei sarbidea bermatzen?

Sare sozial eta abarrei buruz beste egun batean hitz egingo dugu, e?