Blockchain teknologiak izan ditzakeen aplikazioaren inguruko adibide ezberdinak irakurri edota bere funtzionamendua azaltzen duten artikuluak aurkitzea ohiko kontua da. Artikulu horietan jasotzen dena praktikara eramateak ordea, bere konplexutasuna du. Konplexutasun horren baitan, garatu nahi dugun Blockchain proiektua aurrera eramateko zein Blockchain erabili izaten da lehendabizi hartu beharreko erabakietako bat. Hurrengo lerroetan, Blockchain mota eta inplementazio nagusiak aipatuko dira, teknologia honekin esperimentatzen hasi nahi duen orok nondik hasi ere izan dezan.

 

 

Sarritan aipatzen den bezala, Bitcoin dugu Blockchain teknologiaren lehendabiziko inplementazio ezaguna. Bitcoinek diru elektronikoa trukatzeko aukera ematen digu, ez digu ordea bestelako eragiketarik egiteko aukerarik eskaintzen. Hori dela eta, Bitcoinek duen muga hau gainditzeko asmoz, duela 5 bat urte Ethereum jaio zen. Honi esker, bakoitzak bere kodea (Smart Contract) idatzi dezake eta Ethereum plataforma erabili aplikazio deszentralizatuak eraikitzeko. Azken finean, hori baita Ethereumek eskaintzen diguna: Blockchain teknologiaren ezaugarriak beste testuinguru batzuetan probesteko parada, norberak garatutako programen bitartez. Dena den, aipatu beharra dago, Bitcoinek ere baduela bere programazio sistema, scripting deiturikoa. Era berean, badira Bitcoinen programazio sistema baliatuz, norberak bere Smart Contract propioak garatzeko aukera eskaintzen duten proiektuak, RSK kasu.

 

Bitcoin zein Ethereum ordea, izaera berdina duten proiektu bi dira, eta ondorioz, Blockchain publiko bezala sailkatzen dira. Hau da, parte-hartzeari dagokionean inolako mugarik ez duten sistema bi dira biak ala biak. Azken finean, Blockchain publikoen ezaugarri nagusiak ondorengoak baitira: alde batetik, edonork parte har dezake sistema hauetan; bestetik, bloke-katearen bloke eta informazio guztia eskuratzen ditu sarean parte-hartzen duen orok. Horren ondotik, merkatuen eskaerei erantzuteko asmoz, Blockchain pribatuak azaltzen hasi ziren.

 

Blockchain pribatuak, Blockchain teknologiaren ezaugarriak probestuz, bestelako ezaugarriak asebetetzen dituzten Blockchain sistemak dira. Blockchain sistema hauetan, parte-hartzea kontrolatu egin daiteke eta informazioaren konfidentzialtasuna ziurtatzen da. Azken urteetan, berauen inguruko interesa haziz joan da, bestelako sektore batzuetan hasi baita Blockchain teknologiarekin esperimentatzen. Blockchain pribatuen artean ezagunenak Hyperledger fundazioaren baitan kokatzen diren inplementazioak ditugu, bereziki, Besu eta Fabric proiektuak. Hyperledger Besuren kasuan, Ethereumen espezifikazioa betetzen duela aipatu beharra dago. Besuk ordea, bestelako ezaugarri batzuk ere eskaintzen ditu, zeintzuen bitartez posible den parte-hartze kontrolatua duten Blockchain sare itxiak sortzea.