Egun gogorra igaro eta gero, etxera heldu, zerbait jan, eta lasaitzeko ordua heltzen da; Lagunen txat batzuk erantzun, azken uneko gertaeren berri jaso sare sozialen bitartez, zain daukazun online-erosketa behingoz egin, edota, zergatik ez, streaming bitartez ikusten ari zaren telesailaren kapitulu pare bat ikusi. Zer egin erabakitzen duzun bitartean, tableta hartu, nabigatzailea ireki eta…aghhh!!!… “Ez duzu sare konexiorik, aztertu sare ezarpenak eta saiatu berriro”.
Egoera aztoragarri hau hagitz arrunta da gaur egun; etxeko routerra sarera ondo konektaturik egon arren, ezin dugula gure etxeko Wifia erabili. Bi arrazoi nagusi daude arazo hauen oinarrian: Estaldura- eta Interferentzi-arazoak.
Estaldura arazoak:
Wifia haririk gabeko komunikazio bat da, hortaz, igorlea eta hartzailearen artean aurkitzen den edozein elementu komunikaziorako traba bilakatzen da. Adreilu edo hormigoizko hormak eragiten diote galerarik handiena seinaleari, alabaina, egurrak eta kristalak ere eragiten dio.
Halakotz, gure routerraren kokapena oso garrantzitsua izango da seinalea etxebizitzako eremu guztietara helduko bada. Normalean ezkutaturik jartzen dugulako, armairu baten barruan edo beste gailu baten atzean, eta gomendagarriena, berriz, etxearen erdialdean kokaturik dagoen gelan jartzea izango litzateke, eta ahal den heinean, altzairu baten gainean, estali gabe.
Bestalde, gure etxea oso korapilatsua balitz, edo oso handia, PLC-ak edo Wifi errepikagailuak (“wifi extenders”) erabili daitezke seinalea urruneko geletaraino iritziarazteko.
Interferentzi arazoak:
Hala eta guztiz ere, Wifi-komunikazioetan eragin kaltegarrienena ondoko wifi-gailuek eragiten dituzten interferentziak dira, hots, gure bizilagun guztien wifiak eta haien gailu guztiak. Wifiak, sortzez, 2,4GHzko maiztasun-banda erabiltzen du, 11 kanaletan banaturik. Hala ere, kanal horiek guztiak gainjarriak daude, horregatik, interferentziak guztiz saihesteko, hiru soilik erabiltzea gomendatzen da –1.a, 6.a eta 11.a–. Ondorioz, esparru berean hiru wifi router baino gehiagoren seinaleak jasotzerakoan –gurea eta bizilagunena–, arazoak sortzen hasten dira.
2014. urtean, 5GHzko maiztasun-banda erabiltzen duen wifi estandarra kaleratu zen, IEEE802.11ac estandarrean oinarrituta, “Wifi AC” izenaz bataiatua eta, egun, “Wifi 5G” bezala ezagutua.
5GHzko maiztasun-bandaren erabilera guztiz bestelakoa da, banda zabalera ezberdineko kanalak onartzen ditu eta ez dira haien artean gainjartzen, haien guztien arteko interferentziak asko murriztuz. Hori bai, maiztasun altuagoak erabiltzeak seinalearen estaldura murrizketa dakar, eta ondorioz etxeetan estaldura arazo gehiago eragiten ditu. Baina aldi berean, estaldura murrizketa horrek beste eragin positibo bat dakar, bizilagunen wifien arteko interferentziak neurri berean murrizten dituelako.
Interneten wifi maiztasun-bandak aztertzeko software asko aurki ditzakegu, eta horien bitartez, gure etxeko wifi maiztasun banden interfentzi-maila erraz arakatu daiteke. Ondorengo irudian, hauetako software bat erabiliz, argi ikus dezakegu 2.4GHztako maiztasun-bandan 5GHzko maiztasun-bandan baino interferentzi gehiago dagoela.
Etxeko Wifiaren konexioa hobetzeko aholkuak
Arazo hauei guztiei aurre egiteko, gomendio batzuk proposatzen dizkizuegu:
- Estaldura ona bermatzeko, routerra etxearen erdialdean dagoen gela batean kokatzen saiatu, ahalik eta traba gutxienekin inguruan.
- Etxeko zonalde batzuetan Seinale eskasa baduzu, PLC-ak edo edo Wifi errepikagailuak erabili, ez dira garestiak eta hobekuntza itzela da.
- Posible duzunean 5GHzko maiztasun-banda erabili, interferentziak ekiditeaz gain abiadura irabaziko du zure konexioak.
- Interneten wifi maiztasun-bandak aztertzeko software asko aurki ditzakezu, horietako bat erabili zure etxeko wifi ingurunea aztertzeko eta bizilagunek erabiltzen duten kanalak saihesteko.