Gerediaga Elkartea eta Durangoko Udalari esker Barraka bideojokoa landu eta amaitzeko urtebete daukat. Aukera paregabea zein ardura beldurgarria da!

Zein da bideo joko bat garatzeko prozesua? Nik ez daukat egia borobila, baina honen inguruan nere iritzia emango dizuet nere esperientzietan oinarrituta joko eta proiektu txiki batzuk gauzatu ondoren.

Nahiz eta ohiko galderak softwarerraren inguruan izan ohi diren bideojoko bat garatzerako garaian, sormen prozesuaren teoria eta ideiak aztertuko ditut oraingoan gehienbat. Hala ere, betiko galdera hauen erantzun laburra honako hau da: Programatzeko Construct 3 oso erraza eta azkarra delako erabiltzen, marraztu eta animatzeko Krita software irekia eta doakoa delako eta soinuak aldatu eta editatzeko Audacity, hau ere irekia eta doakoa.

Bideojoko bat sortzen hasterako garaian beste edozein gauza sortzerakoan bezala hainbat galderei erantzutea komeni da:

  • Zertan naiz trebea?
  • Zeintzuk dira nire mugak?
  • Zer egin nahi dut?

ZERTAN NAIZ TREBEA?

Objetiboki gure trebeziak edo abileziak ikusi behar ditugu bakarka edo talde moduan. Zalantzak baditugu beste norbaiti iritzia eskatu diezaiokegu, ikuspegi neutralagoa izateko.

Landuko dugun proiektuak gure alde onak begi bistan utzi beharko lituzke eta hauek gere mesedetan erabili. Gainera, proiektua gure puntu indartsuetan oinarritzen bada errazagoa izango da gure auldadeak ezkutatzea.

ZEINTZUK DIRA NIRE MUGAK?

Proiektu orok muga desberdinak dauzka. Epeetatik hasita, gure gabezia pertsonalak, herramienta falta edo jakintza batzuen ezjakintasunetara. Hala ere, ez ditugu mugak alde txarretik ikusi behar, askotan mugak onerako izan ohi dira eta. Izan ere, kasu askotan ideia bikainak espazio oso itxietatik datoz, eta aldiz, limiterik gabe lan egiteak beldurra sortzen digu norantza galdu dezakegulako.

ZER EGIN NAHI DUT?

Zerbaitekin hasi nahi badugu, zerbait argi izango dugulako izango da. Ideia oso orokorra edo zehatza izan arrean ziurrenik ideia tematikoa edo ideia mekanikoa izango da, edo behar bada, bien arteko nahasketa nahiko argi dugulako.

Bideo-jokoak eta orokorrean jokoak garatzerako garaian bi bide edo pentsaera nagusi topatu ditzakegu. Bata behetik gorakoa eta bestea goitik beherakoa.

Behetik gorakoa esaten dugunean jokoaren mekanikak lehentasuna duela esan nahi dugu. Hau da, jokoaren abiapuntua, jokagarritasuna eta jolasteko modua izango dela. Horrelako proiektuetan ideia abstraktuekin lan egiten da eta hauekin asko esperimentatu ondoren, gai bat itsatsi ohi zaio. Bide honen arriskua mekanika eta gaiaren arteko lotura falta izan daiteke nahiz eta jokoa dibertigarria izan.

Esate baterako, argi badugu gure proiektua plataformako joko bat izango dela non hormak eta zoruak suntsigarriak diren helburu desberdinak lortzeko, ideia hauekin programatzen eta diseinatzen hasi gaitezke. Geroago, grafikoak erabakitzerako garain, tematika bat emango genioke: meatze sorgindu bat edo martizeko lurrazpiarena abididez.

Aldiz goitik beherako prozesu batean, giro, istorio edo gai batek lehentasuna izango du. Jokalariak giro edo mundu honetan murgiltzea izango da gure helburua elementu desberdinak erabiliz. Istorio edo mundu hau definitu ondoren, jokagarritasun eta mekanika egokienak aukeratuko genituzke joko hau sortzen hasterako garaian.

Adibidez, betidanik mamu cosmonauta baten istorioa kontatu nahi izan badugu ilargiaren alde ilunean nazien sekretuko laborategietan langileak beldurtzen dabilena, ziurrenik dagoeneko pertsonaia zein paisai desberdinen bozetuak landuta ditugula.

Garapen prozesu baten alde politena gaia zein mekanikak etengabe uztartu daitezkeela da, hau da, mekanika ideia batek gaia kutsatzea eta gero elementu tematiko batek jokagarritasuna sortzea.

Programatzen, jokoaren funtsak sortzen eta erronka desberdinak sortzen trebea bazara, argi dago puntu hauetatik hasi beharko zenukeela sorketa. Bestalde, pertsonaia interesgarriak sortzea eta idaztea gogoko baduzu, argi dago, zurea goitik behera sortzea izango dela.

Trebeziak eta mugak kontuan hartzen baditugu lana apur bat erosoagoa izango da, nahiz eta zer egin nahi dugun mugatzen dugun. Bestetik, gure gabeziei aurre egin nahi badiegu buruan sartu zaigun ideia baten mesederako, ibilbidea gogorragoa eta arriskutsuagoa izango da.

Eredu moduan galdera hauei nik neuk erantzungo diet Barraka erabiliz:

Zertan naiz trebea?

Orokorrean nere espezialitatea irudi eta animazioak sortzea dela esango nuke ideia xelebreak sortzeaz gain. Ez naiz munduko artista apartena izango baina tarteka emaitza politak ateratzen zaizkit.

Zeintzuk dira nere mugak?

Barraka abenduaren hasierarako amaituta egon behar da, eta ordenagailuan jokatzeaz gain mugikorrean ere jokatzeko modukoa izan beharko luke. Horretaz gain, egia esan ez naiz programatzaile oso trebea eta musikaz gain dena nik neuk bakar-bakarrik egiteko asmoa daukat. Lan erraldoia da joko bat diseinatu, programatu eta beharrezkoak diren irudi, soinu, zein animazio guztiak burutzea. Beraz, muga errealak jarri behar dizkiot proiektuari.

Zer egin nahi dut?

Edozein herritako festetako barraka giroan kokatzen den fantasiazko abentura eta esplorazioko joko txiki bat da barraka, stop motion teknikarekin egina. Bertan Ainhoa izeneko neska gazte baten azalean sartuko gara eta barraka sorgindu batean ibili ondoren, erabat eraldatutako ingurua bere onera itzuli beharko dugu.

Barrakaren kontzeptua hasiera batean oso nahasia zen: argi nuen stop motion itxurako joko bat egin nahi nuela eta giro moduan barrakak landu nahi nituela ez delako oso ohiko gaia. Bestalde, aspalditik esplorazioko joko lasai bat egitearen ideiak asko erakartzen ninduen.

Nere barruko nahi hauen jatorria nahiko erreza da azaltzen: stop motion teknikaren ehundaka lantegi eman izan ditut, eta iaz joko baten froga txiki bat sortu nuen irudi errealak erabiliz Arroxa izenekoa (orain bertan Arroxa-ri ere garbitu ederra ematen ari naiz hau idazten dudan bitartean).

Gaiaren jatorri ere argi daukat, alde batetik beti izan dut buruan “autotxoke”-en joko baten ideia, eta batez ere, azken uda honetan parke tematiko ezagun bat bisitatzeko aukera izan nuen.

Barraka proiektuaren defentsa Durangon aurkeztu nuenean, alde tematikoa landu nuen batez ere, alde mekanikoa bigarren mailan utziz. Azken finean, errazagoa da irudien bidez ideia bat erakustea kontzeptu abstraktuak azaltzen saiatzea baino.

 

PROTOTIPOA

Ideiak izatea oso polita da, baina gauzatu egin behar dira. Gainontzeko medioetan ez nago ziur nola lan egiten den, baina argi daukat bideojoko bat ez dela osorik lantzen zuzenean. Kontzeptuak funtzionatu egin behar dute, hau da, dibertigarriak izan behar dira neurri batean. Horretarako, froga edo prototipoak sortzea komeni da.

Froga edo joko txiki hau prest dugunean publikoki edo era pribatuan mugitzea gomendagarria da iritzi desberdinak jaso edo feedback fidagarri bat izateko. Gauza batzuekin sendoak izatea ondo dago eta beharrezkoa da. Baina demagun, berrogei pertsonatik hogeita hamabostek errore moduan ikusten dutela zure proiektu maitearen funtzio edo atal jakin bat. Kasu honetan, nahiz eta mingarria izan iritziei entzun beharko genieke eta eskatzen duten hori aldatu edo konpondu.

Orain bertan, Barrakaren prototipo txukun bat gauzatzen nabil konfidantzazko lagunen artean mugitzeko eta beraien iritzi eta kritikak jasotzeko. Gainera, ibilbide honetako nere kidea den Gonzalo Sardón musikaria ere lehen abestiak jorrazten ari da.

NONDIK HASI

Bideojoko sorkuntzan interesa duenarentzat, nere gomendioa oso argia da: Game jam batean parte hartzetik hasi. Game jam bat bideojoko sorkuntza maratoi bat da. Bertan gai bat ematen da hasieran eta denbora mugatu bat dago gai hori bideojoko moduan lantzeko. Batzuk 48 ordukoak dira, beste batzuk 76 ordukoak eta beste batzuk baita astebetekoak ere.

Aukera baduzue presentziala den horrelako ekitaldi batean parte hartzera animatzen zaituztet jende aparta ezagutzeko esperientzia bikaina bait da. Horrela ez bada, lasai egon zaitezte gaur egun astero game jam ugari antolatzen baitira internet bidez. Itch.io web-ari begiratu bat ematea gomendatzen dut, bertan komunitate oso bizia dago eta.

Zuen arloan jakintzak apur bat prestatu ondoren lagun zein ezezagunez osaturiko talde txiki bat osatu eta erronka onartu!