Esku artean ditugun pantailek mundu ezberdinak ezkutatzen dituzte. Askotan errealitateari lotutakoak izan ohi dira, baina beste askotan fantasiazko unibertsoak eratzen dira euren barruan. Zientzia fikzioa badirudi ere, beldurrezko pelikula baten antz handiagoa hartzen dute maiz.
Ez nator inor izutzera, ezta ezer berria esatera ere. Baina tentuz jokatu behar dugula errepikatzea tokatzen zait beste behin ere. Ez dut inor aspertu nahi hainbestetan entzun ditugun gaiak berriro ere gogorarazten, beraz labur-labur azaltzen saiatuko naiz.
Sarea baliatuz egiten diren delituak ikaragarri hasi dira azken hilabete eta urteetan (%80 azken 4 urteetan, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera), eta gaizkileek gehien burutzen dituzten gaiztakerien artean iruzurrak daude. Alor ekonomikoan ziria sartu nahi izaten dute, baina horretarako baliatzen dituzten teknikek ingeniaritza sozialaren antz handiagoa dute, lapur arrunt batek banketxe batean burutu dezakeenarekin alderatuz gero.
Horretarako nahikoa da profil faltsu bat sortzea, ondoren pertsona zaurgarrienengana gerturatzeko: pertsonen konfiantza irabazi, eta horien ahultasunak erabiltzen dituzte euren helburuak lortzeko. Halere, gehienetan, eta hau aitortu beharra dago, helburu ekonomikoak ezkutatu ohi direla atzean.
Bide ezberdinak erabil ditzakete profil hauek sortzeko: ostutako dokumentazioa erabiliz benetan existitzen den pertsona baten identitatea bereganatzen dute. Baina fikziozko irudi bat eratzeko gaitasuna dute ere eta sareetan eskuratutako argazkiak baliatzen dituzte istorio berriak eratzeko. Azken puntu honetatik hasiko gara.
Maitasuna oinarri
Arrakastaz inguratuta bizi den pertsona erakargarri baten profila erabiltzen da maitasunaren maularen kasuan. Atzerriko pertsona bati argazkiak lapurtzen dizkiote gaizkileek, ondoren istorio bat eraiki eta 30-50 urteko pertsonei iruzur egiteko
Bananduta dauden gizon-emakumeei, edo urte asko bikoterik gabe egon diren pertsonei norbait interesgarria topatu dutela ziurtatzen zaie, ligatzeko aplikazioetan match egin ostean. Ondoren egun, aste eta hilabeteetan hitz egin eta harrapatu berri duten pertsona hori konbentzitzea da euren helburua.
Biktima bereganatzen dutenean, honen dirua eskuratzeko aitzakia bila hasten dira: “Ordainketa azkar bat egin behar dut eta nire bankuak mugak jarri dizkit”, “herrialde bateko mugan nago eta dirua zuri bakarrik eskatu ahal dizut… “. Aitzakiak. Hemen idatzita, inork sinetsiko ez lituzkeen argudioak dira…. Baina egoera edo une zaurgarrian dagoen batek (maiteminduta, etsita dagoen batek…) pentsatu ere egin gabe onartuko lituzkeen argudioak dira. Hori bai, momentu jakin batean, biktimek eurek nahi ez dituzten erantzunak ematen hasiz gero, mehatxuetara jotzen dute gaizkileek. Estortsioa da euren tresna nagusia, hitz egiten egon diren denbora horretan biktimarengandik eskuratutako argazki pertsonalak era desegokian erabiliko dituztela adieraziz.
Edonori gerta dakioke eta ziur nago, denok izan dugula inguruan antzeko zerbait jasan duen norbait. Akaso ez fase guztiak bete dituena, baina bai antzeko iruzurren batean erori dena. Ziur behin edo behin, informaziorik ematen ez zuen profil batekin egin duzuela, edo identitate horren atzean argazki faltsuak erabili ohi zituzten pertsonekin hitz egin duzuela.
Ni naiz?
Asmatutako, edo fikziozko pertsona bat sortzea erraza bada, are errazagoa da mundu erreal hau zapaltzen duen pertsona baten identitatea eskuratzea. Horretarako nahikoa baita dokumentazio ofizial baten kopia bat eskuratzea (Curriculum Vitae bat bidaltzerakoan emandako argazkia, bigarren eskuko auto bat erostean elkarbanatutako irudia,…). Sareko hainbat txokotan, kontuak sortzeko nahikoa baita informazio hori ematea.
Duela gutxi arte, aski zen NANaren argazki bat sareko banketxe batean kontu korronte bat zabaltzeko (gaur egun segurtasun sistema apurtxo bat hobetu dute eta leku askotan bideo selfiak erabili ohi dituzte atzean pertsona errealak ote dauden ziurtatzeko). Eta noski, gaizkileek ez dute kontu hori sortzen hilabeteko nominak kobratzeko, edo ur kontsumoa ordaintzeko. Asmatu duzu! Iruzurrak egiteko erabiltzen dira. Norbait ikertzen hasiz gero, nor izango da kontu korronte horren jabea? Asmatu duzu berriro ere! Dokumentazioa galdu zuen pertsona bera.
NANaren argazkia pertsona desegoki batekin partekatzeak epaiketa bat izatera eraman gaitzake. Eta gehienetan, dena bere horretan geratzen bada ere, ez da atsegingarria izaten epaile baten aurretik pasatzea.
Eta orain zer?
Zaindu zure burua, zaindu zure datuak. Zenbat aldiz entzun ditugun horrelako mezuak. Gogaitu arte, ziur aski! Baina egia da, horrelako kasu bat gertatzen denean, ziur nago iraganean gaizki egindako edo egin gabeko lan horrekin oroituko zarela.
Kontuz, eta tentuz jokatu, eta ez egin herriko plazan egingo ez zenukeen hori munduko enparantza den sarean. Azkenean ohiko gomendioa ematen amaitu behar izan dut, eta ziur ez dela azken aldia izango, tamalez!