Azken urte hauetan Blockchain, Bitcoin edota kriptotxanponak era ezberdinetan agertu izan zaizkigu komunikabideetan. Hasiera batean, “dirua irabazi edota aberastu” diren pertsonen berriak izaten ziren ohikoak. Ondoren, Bitcoinen prezioaren gora(-beherek) izan dute arrakasta komunikabideetan. Azken aldian ordea, NFTak dira medioetako lerroburuetan ikusten ditugunak, baita Sareaneko azken artikuluetako baten ere.

Seguraski, Blockchain teknologiaren inguruan kuxkuxeatzen hasi diren pertsonen gehiengo batek, berri horiek sortutako interes eta irrikan du abiapuntua. Alabaina, egia ahal dira teknologia hau inguratzen duten berri guztiak? Arestian aipatu bezala, azken aldian NFT da behin eta berriz lerroburuetan ikus dezakegun hitza. Eta, NFT hitz hau irakurtzen dugun bakoitzeko, elementu digital batengatik ordaindu den diru kopuru ikaragarri bati lotutako lerroburu batekin aurkitzen gara. Horren adibideetako bat, martxoaren 11an “EVERYDAYS: THE FIRST 5.000 DAYS” artelan digitalarengatik ordaindutako 69.346.250 dolarrak ditugu.

Hurrengo lerro hauetan, NFTei lotutako ondorengo kontu biak aipatuko dira:

Alde batetik, NFTak zer diren eta nola funtzionatzen duten.

Bestetik, NFTen salerosketa, ekosistema eta ondorioen inguruko zertzelada batzuk emango dira.

NFT siglak, ingeleseko “Non Fungible Token”etik datoz. Kasu honetan token bat, Blockchain batean ordezkatua den elementu bati dagokio, aldaezina eta bakarra den elementu bati. Mundu digitalean duen bakartasun horrek askorentzat balio berezi bat hartzen du, eta ondorioz, asko dira NFT ezberdinengatik diru kopuru handiak ordaintzen dituztenak. Badira baita, mundu fisikoko elementu batek balio duena baino gehiago ere ordaindu izan dutenak berau ordezkatzen duen NFTrengatik. Horregatik, gero eta gehiago dira Metaversoaren kontzeptuak indarra hartu dezakeela diotenak, baita indarra hartzen doan errealitate bat dela diotenak. Metaversoaren kontu hau ordea, hurrengo baterako utziko dugu.

Berriz ere NFTen kontuari eutsiz, esan bezala, NFTak mundu fisiko zein digitaleko elementu baten ordezkapena dira Blockchainen. “Non fungible” aldiz, kontsumitu ezin daitekeen eta bakarra den aktiboei dagokie, adibidez: artelan bat, bideo bat… edota Sareaneko aurreko artikuluan aipatzen zen bezala, bizikleta bateko kuadro bat eta, haren irudikapen digitala. Bitcoinen koloretako txanponekin edota Ethereumeko Cryptopunkiekin hasi zenak, egun merkatu zabal bat du atzetik. Gainera, badira baita ere bakoitzak bere NFT propioa sortzeko aukera ematen duten plataformak.

Teknikoki, estandar bati jarraituz hedatzen den Smart Contract bat baino ez da. Eta horri jarraituz, token bakarrak sortzen dira, NFTak. Hala ere NFT hauen sorrerak bere kabuz ez du baliorik. Horregatik, NFT bakoitzari ordezkatzen duen elementuarekiko lotura egin behar zaio. Eta gaur egun, asko dira hori ahalbidetzen duten plataformak.

Ondorioz, bildumazale digitalen ekosistema eta merkatu berri bat loratzen hasi dela esan dezakegu, gero eta gehiago baitira NFT ezberdinetan inbertitzen dutenak. Eta horren ondorioz, Ethereumen funtzionamendua baldintzatu da, besteak beste, aplikazio askoren biziraupena zalantzan baitago.

NFTen boomaren ondorioz, Ethereumen transakzio sinple bat egiteak 20€tik gorako balioa hartu izan du, Ethereumeko kriptotxanponaren balioa goraka baitoa. Horregatik, asko dira NFTen loraldi honek sortzen dituen zalantzak. Teknologia honi ematen ari zaion aplikazio honek arrakasta izango ahal du edo Blockchainen inguruan sortu den eredu espekulatibo berri baten aurrean gaude?