Bizi dugu sasoi bat zeinetan ikastaroak, jardunaldiak eta mintegiak perretxikoak bezala hazten diren Euskal Herrian – perretxikoak gutxiago azken urteetan-.

Udan ere ezin ihes egin, zenbat udako ikastaro zenbat erakunde ezberdinek –hau ere gure identitatearen parte- antolatuta! Bada, aurten izan da konkistatu nauen bat: UEUko Udako Ikastaroen baitan antolatutako “Euskal Herria markaz eta markagintzaz: nazio garapena, berrikuntza eta parte hartzea oinarri”, Naroa Juaregizuria soziologoak gidatuta. Eta Izena eta Izana bota nuen, berehala.

Gurean, izena badelako arazo, eus…. zer gara? Eta, atzerrian? Ikastaroan entzun genuen herri sexya garela eta gauza bere usteko dute ingeles hiztun askok, Basque lentzeria mota bat ere baita.

Hizlari aritzekoak ginen: Naroa Jauregizuria, Imanol Esnaola, Juan Jose Ibarretxe, Koldo Diaz Bizkarguenaga, Estitxu Garai, Gaizka Aranguren, Josu Bergara, Iker Elosegi, Izaskun Ellakuriaga eta ni neu.

Egin nezakeen jardunaldiaren kronika, baina euskaldunegia litzateke eginda dagoena ñabardura batekin eta beste izen batekin plazaratzea. Bat egingo dut antolatzaileak elkarrizketa honetan eta honetan esandakoekin, Bergarak jasotako apunteekin eta beste edonork idatzitako guztiarekin. Guztiarekin.

PuntuEUSek erakutsi dit ados egoteko gaitasunaren boterea eta eraginkortasuna. Oso jende ezberdina, ia ezertan ados egongo ez litzatekeena, sekula inon gurutzatuko ez litzatekeena, baina zerbaitek merezi duela sinistu eta gainerako guztia etxean utzita horren alde lan egiteko elkartzea.

Lan horretan aitzindari izan ziren PuntCAT Fundazioko lagunak. 98 erakunde, 2.615 enpresa eta 65.000 norbanakoren babesa lortu zuten ICANNen aurrean. .CAT domeinuak bidea zabaldu zuen, eta PuntuEUSek lekukoa hartu.

Bi gako egin nahi izan nituen publiko ikastaroan, PuntuEUS posible egin duten bi gako:

Inklusibitatea

Iratxe Esnaolak domeinuaren onarpenean bikain azaldu zuen bere prentsa-kolaborazioan: “.EUS domeinuak badu zerbait berezia. Badu zerbait, beste ekimen batzuekin gertatzen den moduan, aniztasunean baina elkarlanean aritzera bultzatzen gaituena. Barnean biltzen du sentimendu orokor bat, .EUS ulertzeko modu ezberdinak egon daitezkeela oinarri hartuta. Batzuentzat .EUS euskara da. Besteentzat, Euskal Herria. Beste batzuentzat, Euskadi. Batzuentzat, informatika hutsa. Beste batzuentzat, marka enpresarial bat. Eta beste zenbaitentzat, Interneten soilik dagoen euskararen txokoa. Baina .EUS-ek badu izaera inklusibo bat. Badu gaitasun berezi bat horien guztien inklusiorako”.

Isiltasuna

Zazpi urteko lana izan zen. Eta, zer komunikatu zen urte hauetan guztietan? Oso gutxi. Isiltasunaren estrategia hautatu zen. Notiziablea zen zerbait zegoenean baino ez zen komunikatzen. Besterik ez. Ez zegoen garbi zenbat luzatu zitekeen, ze emaitza lortuko zen… baina atzeko lan handia egin zen eta jende asko eta oso ezberdineraekin hitz egin zen, banan-banan.

Egindako bidea izan daiteke abiapuntu bat, eredu bat, nazio- marka lantzeko, Durangoko Azokaren eta Lurramaren ibilbideak bezala. Hiru ekimenek, hiru arrakasta kasuek badutelako batzen dituen gauza bat arrakastaz haratago. Zer eta nazio-markari elkarrizketa honen lerroburuan eskatzen zaion gauza bera: «Nazio marka sinesgarria lortzeko adostasun zabalak beharrezkoak dira».

Adostasuna.

Gaia jarraitzeko: @ehkonektatu

Nazio Marka