Musikako CDak erosten ditudane… – ZER?!?!?! CDak?!?!?! EROSI?!?!?! MILIOIKA ABESTIREN KATALOGOA ESKURA JARTZEN DIZUTEN DOAKO STREAMING ZERBITZUAK ESKURA DAUDEN GARAIOTAN?!?!?!… – Bada, barkatu baina bai, oraindik ere musika CDak erosten dituen apur horietakoa naiz. Batetik, behin eta berriro entzungo dudan musika bat aldiro streaming bidez jaisten ibili behar izatea ez zait buruan sartzen, nahiago dut behin eskuratuta nire gailuetatik entzun aldiro deskargatzea baino (nahiz eta badakidan CDa grabatu eta niganaino helarazteak streaming bidez entzungo nukeen aldi guztiak batuta baino karbono aztarna handiagoa uzten duela agian, eta streaming sistema batzuk cache sistemak ere badituztela beti deskargatzen ez ibiltzeko). Bestetik, ez dut atsegin entzun nahi dudan musikaren jabego edo kontrolik ez izatea, eta konpainia batek ematea musika entzuteko baimena edo lizentzia beraiekin kontua dudan bitartean eta beraiek nahi duten baldintzetan. Nire musika nire eskuetan nahi dut, nahi dudanean entzuteko, nahi dudanari utzi edota emateko (nahiz eta jada ez dagoen ia musika nori pasatu, denok baitute Spotify kontua…). Horrez gain, doako streaming-a ez da doakoa, ez dago ezer doakorik. Doako streaming-ean publizitatea tragatu behar duzu, eta ziurrenik zure datuen eta gustuen kontura negozioa egiten dute horiek hirugarrenei salduz, eta gero horien inguruko publizitatez bonbardatuko zaituzte. Ordainpeko kontuarekin ez dugu zuzeneko publizitaterik jasoko, baina horrek ez digu ziurtatzen gure datuak saltzen ez dituztenik eta zeharkako publizitate hori jasotzen jarraituko ez dugunik. Azkenik, atsegin dudan musikagatik ordaintzeak ez dit axola, artistei beren lanagatik dirua emateari ongi deritzot. Badakit bitartekariei doakiela zati handi bat, baina nahiago dut hurbileko bitartekariei ordaindu (diskoetxeak, banatzaileak eta dendak), praktikan monopolioa duen multinazional erraldoi bati baino (gainera, esan didatenagatik, artistentzat gutxiago uzten duena). Beharbada nire buru-eskemak itxiak eta zaharkituak dira (eta apur bat kontraesankorrak ere bai, ikusi denez), baina zer egingo diogu ba, ni horrelakoa naiz…

 

 

Musika “ripeatzea”

Bada, zuek moztu aurretik nioen bezala, musikako CDak erosten ditudanean, ez da izaten beti CDtik entzuteko (nahi izango banu ere, gero eta zailagoa da: ordenagailu eta automobil gero eta gutxiagok dute CD jogailurik, telefono mugikorrean ezin dira entzun…). Ez, CDtik musika “ripeatu” egiten dut, hau da, abestiak erauzi eta bakoitza MP3, OGG edo dena delako formatuko fitxategi bihurtu, eta gero horiek nire gailuetara pasatzen ditut hortik entzuteko.

Prozesu horretan, ripeatutako fitxategien izena abestiaren izenaren bera izatea komeni da eta fitxategiak karpeta-hierarkia batean antolatzea musika-generoaren, artistaren eta albumaren arabera, bestela gero ez dago artista edo abestiak aurkitzerik. Horrez gain, audio fitxategiaren metadatuak (ID3 formatuan, Vorbis Comment formatuan edo besteren batean) ongi betetzea ere komeni da, erreproduzigailuek abesti, album eta taldeen informazioa erakuts dezaten.

Abesti edo disko gutxi batzuei izena jartzea eta metadatuak betetzea ez da lan handia, baina ia 600 CD eta ia 9.000 kanta badituzu, oso nekagarria bihurtzen da… Zorionez, CDak ripeatzeko erabiltzen diren programek lan hori errazten dute: diskoarentzako identifikatzaile uniboko bat kalkulatzen dute, Disc ID izenekoa, abesti-kopuruaren eta horien iraupenen araberakoa dena; identifikatzaile horren bidez onlineko musika datu-baseren baten bilatzen dute disko horri buruzko informazioa; egonez gero, diskoaren informazioa (diskoa, artista, urtea…) eta abestien zerrenda eskuratzen dituzte eta ripeatutako fitxategiei automatikoki jarri; diskoa ez badago datu-basean, abestien izenak eta diskoaren informazioa guk eskuz sartzea beste erremediorik ez dugu izango, baina programak informazioa datu-basera bidaliko du, horrela disko hori ripeatuko duen hurrengoak informazioa aurkituko du eta ez du berriz sartu beharko. Modu horretara, erabiltzaile-ripeatzaileak datu-basea elikatzen eta osatzen doaz elkarlanean, Wikipedia moduko proiektuen gisara nolabait, eta aldi berean denentzat onuragarria da lana aurrezten baitu.

 

Onlineko musika datu-baseak

Aipatutako erabilerarako, eta baita beste batzuetarako ere, onlineko musika datu-base ugari dago, ezaugarri ugaritakoak parametro ezberdinen arabera: jabegoa, erabilera, duten informazio-mota… Eta garai ezberdinetan datu-base bat edo beste izan da ripeatzeko programek gehien erabili dutena.

Windows erabiltzen nuen garaian (duela 20 urte inguru), CDex programa erabiltzen nuen ripeatzeko eta honek (eta ripeatzeko software gehienek) CDDB datu-basea erabiltzen zuten. Baina nahiz eta hasiera batean libretzat-edo saldu zuen bere burua, denborarekin gero eta argiago geratu zen datu-baseko informazioa (erabiltzaileek elikatutakoa) Gracenote enpresaren jabetzakoa zela (beharbada ezaguna egingo zaizu, kotxeetako erreproduzigailu askok hortik hartzen dute erakusteko informazioa). Orduan Freedb datu-base librea sortu eta hori erabiltzera pasatu ziren ripeatzeko programa asko (nik erabili izan ditudan Linuxerako Grip eta SoundJuicer kasu). Baina datu-base honek gordetzen duen informazioa eta eremuak mugatuak dira, CDDBren oinordekoa izatearen eta ripeatzea helburu bakar izatearen ondorioz, eta denborarekin informazio osatuagoa duten (argitalpenak, formatuak, ekoiztetxeak, konposatzaileak…) beste musika datu-base batzuk gailendu zaizkio eta azkenean itxi egin da. Gnudb datu-baseak eman dio hari jarraipena, arrakasta gutxirekin esango nuke gehikuntza berriei edo programek erabiltzeari dagokionez, baina aurretik zituen datu guztiek hor jarraitzen dute.

 

 

MusicBrainz, musika datu-base librea eta osatua

Gaur egun, esan daiteke MusicBrainz dela musika datu-base libre erreferentziazkoetako eta erabilienetako bat. Hori erabiltzen dute behintzat Linuxeko musika-erreproduzigailu eta ripeatzaile gehienek eta baita Windowseko batzuk ere: Amarok, Banshee, Clementine, CDex, SoundJuicer, Rhythmbox… Izan ere, liburutegi bat dauka, libmusicbrainz, bere APIa atzitzeko, eta hirugarrenen liburutegi ugari ere badaude, programa eta aplikazioetan integratzea errazten dutenak. Eta Wikipediaren arabera, 2 milioi inguru talde, 3 milioi inguru disko eta 25 milioi inguru abesti ditu.

MusicBrainz, esan bezala, CDen oinarrizko informazioa eta abestien zerrendaz harago doa,  musika datu-base oso bat da, informazio ugari gordetzen duena:

  • Artista eta taldeen inguruko informazioa: jaio eta hildako eguna eta tokia, kanpo-estekak, senideak, diskoak… Ikusi, adibidez, Olatz Salvadorren sarrera.
  • Diskoetxe eta ekoiztetxeen informazioa: kokapena, kodeak, kanpo-estekak, sortze- eta desagertze-datak, diskoak… Ikusi, esaterako, Airaka diskoetxearen informazioa.
  • Diskoen informazioa: artista, mota, urtea, ekoiztetxea, azalaren irudia, hizkuntza, argitalpenak, formatuak, kaxa-motak, Disc ID-ak, barra-kodeak, kanpo-estekak, abestiak… Hona nola dagoen Olatz Salvadorren Aho uhal diskoaren eta bere CD argitalpenaren sarrerak.
  • Abestien informazioa: diskoa, izenburua, iraupena, grabazioaren xehetasunak, sortzaileak, parte-hartzaileak, bertsioak… Hemen aurreko diskoko Gaua abestiaren xehetasunak.

 

 

Euskal musikari dagokionez, hobetzeko asko

MusicBrainz musika datu-baseetan ezagun, erabili eta handienetakoa bada ere, euskal musikari dagokionez asko hobetu daiteke. Ez dut azterketa sakonik egin, baina orain arte egindako erabilerarengatik, nire inpresioa da disko zahar edo klasiko askoren oinarrizko informazioa eta abestien zerrenda badagoela (hau da, ripeatzetik datorrena), baina ez bestelako informazio askorik (egileak, musikariak…). Konparatu zenbat informazio dagoen goian estekatutako Olatz Salvadorren inguruko gaietan edo zenbat dagoen The Clash taldearen beraren edo disko edo abesti baten inguruan…

Horrez gain, euskal musikako disko asko, oso ezagun edo klasikoak direnak izan ezik, falta direla esango nuke. Nik baditudan disko asko (eta, beraz, noizbait ripeatu eta abestiak ez bazeuden osatu eta datu-basera igo nituenak) ez daude. MusicBrainz-era egin ditudan gehikuntza eta edizioei erreparatuta, 2018tik aurrera egindakoak dira denak. Ziurrenik, Linuxen aurreko bertsioek defektuz zekarten ripeatzaileek beste datu-baseren bat erabiliko zuten, lehen aipatutako Freedb edo CDDB, eta lehen hara gehituko nuen informazio hori guztia, eta orain darabildan Rhythmbox ripeatzailea erabiltzen hastean hasiko nintzen MusicBrainz elikatzen. Eta ziur aski antzeko zerbait gertatuko zitzaion jende askori, urteetan euskal musikari buruzko informazioa jada erabiltzen ez diren datu-base horietara igotzen aritu gara. Hala ere, logikoena da pentsatzea behintzat Freedb-ko informazioa, librea den neurrian, ekarriko zutela MusicBrainz-era, baina ez da horrela izan, beraien wikian azaltzen dutenez

Bestalde, azken urteetan euskarazko diskoren bat erosten dudan eta ripeatzen hasten naizen ia-ia guztietan, ez da egoten berari buruzko informaziorik MusicBrainz-en eta nik sartzen amaitzen dut. Zalantzarik gabe, hau mundu guztiak streaming zerbitzuak erabiltzearen eta CDak gero eta jende gutxiagok erostearen eta euskal musika ripeatzen aritzen den masa kritiko nahikorik ez egotearen ondorio izango da. Baina hori ere ez da aitzakia, ripeatu gabe ere MusicBrainz eskuz elikatu daiteke.

Garrantzitsua iruditzen zait euskal musika MusicBrainz bezalako musika datu-base libreetan egotea, eta zerbait egin beharko genuke. Nire aldetik, egitekoen artean dauzkat horri begirako hiru gauza: batetik, nire musika CD guztiak (eta euren taldeak, diskoetxeak, abestiak…) badauden begiratu eta ez badaude sartzea; bestetik, abestien informazio osatuagoa sartzea (musikariak, konposatzaileak…), CDaren barruko liburuxketan dagoen kasuetan; eta azkenik, programatxo bat idaztea artista eta disko jakinak Freedb-n (orain Gnudb-n) ba ote dauden eta MusicBrainz-en ez ote dauden begiratzeko eta, hala bada, ekartzeko, nik neuk edo beste edozeinek euskal musikako talde eta diskoak MusicBrainz-era ekarri ahal izateko. Baina beste hainbeste gauza ere baditut beti egiteko euskara eta komikiekin edo informatikarekin zerikusia dutenak, ez dakit honi noiz, edo inoiz, helduko diodan…

 

Beste datu-base libreekiko harremanak: Wikidata, Discogs…

Goian aipatu dut MusicBrainz dela musika datu-base libre erreferentziazkoetako bat. Baina ez da bakarra. Orduan, zalantza ere sor daiteke ea euskal musika MusicBrainz-era igotzeko ahalegina egitea merezi duen, ez ote den gertatuko besteren bat izatea geroago gehien erabiliko dena eta alferreko lana egin izana…

Musikari soilik dagokionez, Discogs datu-basea ere badago, eta antza MusicBrainz-ek baino eduki gehiago dauka: Wikipedian diotenez, ia 8 milioi artista eta 14 milioi disko daude bertan. Eta librea da. Hala ere, begiratu batean iruditu zait euskal musikari dagokionez ez duela MusicBrainz-ek baino gehiago. Baina, gainera, abestiei dagokienez, izenburua soilik gordetzen du, beraz MusicBrainz askoz osatuagoa dago alde horretatik. Bestalde, domeinua .com da, hau da, enpresa bat dago horren atzetik (MusicBrainz-en kasuan, .org domeinu bat da eta irabazi asmorik gabeko fundazio bat dauka atzean). Eta webguneak datu-baseaz gain musika erosteko denda bat ere badu. Eta software libreko software gehienak MusicBrainz baliatzen badu, zerbaitegatik izango dela pentsatzen dut. Esandako guztiagatik, bien artean baten alde apustu egitekotan, nik MusicBrainz aukeratuko nuke.

Bestalde, hor dago Wikidata ere, Wikimedia Fundazioaren (Wikipediaren atzean dagoen erakundearen) datu-base librea. Ez da musikazkoa soilik, baina musikari buruzko informazioa ere badu. Eta argi dago datu-base libreetan erreferentziazkoa dela eta etorkizunean desagertzea ia ezinezkoa dela. Hala ere, ez dagoenez musikan espezializatua, hutsune asko ditu, MusicBrainz-ek baino gehiago. Artista eta diskoak badaude (hala ere ez denak, euskal musikako diskoetan asko falta direla esango nuke), baina abestiak askoz gutxiago: London Calling bezalako disko bateko abesti gutxi batzuk soilik daude, adibidez; beraz, zer esanik ez euskal musikako abestiez; dirudienez, Wikipedian artikulua duten abestiak daude Wikidatan,  orduan, zaila izango da Wikidatan abesti denak egotea. Honegatik soilik, diskoen abestiei buruzko informazioa ere sartzeko datu-base gisa MusicBrainz aukera egokiagoa da. Edozein kasutan, biek elkarrenganako loturak jartzeko aukera ematen dute. Eta noizbait Wikidatak abesti ahalik eta gehienak barne hartu nahiko balitu, beti inportatu litzake MusicBrainz-etik (erdi-)automatikoki.

 

 

Haurride-proiektuak: AcousticBrainz, CritiqueBrainz, Cover Art Archive, ListenBrainz…

MusicBrainz datu-basearen atzean MetaBrainz irabazi asmorik gabeko fundazioa dago, eta honetan Cory Doctorow edo Lawrence Lessig bezalako jende esanguratsua dago. Eta MusicBrainz-ez gain, interesgarriak diren beste proiektu batzuk ditu.

Cover Art Archive proiektua, adibidez, Internet Archive-ren eta MusicBrainz-en arteko proiektu bateratua da, eta haren helburua da diskoen azalak modu antolatu eta egokian jendartearen eskura jartzea. Diskoen azalak, izatez, MusicBrainz-etik bertatik kargatzen dira eta bertan ikusi daitezke, baina Internet Archivek irudientzako banda-zabalera, biltegiratzea eta lege-babesa eskaintzen ditu. MusicBrainz komunitateak azalen irudiak editatu eta bikoteka berrikusten ditu, zuzenak, spamik gabeak eta kalitate onenekoak direla ziurtatzeko.

AcousticBrainz da fundazioaren beste proiektu bat, kasu honetan Pompeu Fabra Unibertsitateko Music Technology Group taldearekin batera daramatena eta jendearen ekarpenen bidez musikaren informazio akustikoa biltzea duena helburu. Programa libre batzuen bidez, jendeak bere musika-liburutegiak eskaneatu eta datu akustikoak datu-basera bidal ditzakete, eta datu akustiko horietatik abiatuta, AcousticBrainz-ek automatikoki kalkula ditzake tempoa, tinbrea, tonua, eskala, generoa eta beste. Gero informazio hori musikaren joerak aztertzeko, antzeko musikak gomendatzeko edo beste hainbat gauzarako erabili daiteke.

ListenBrainz proiektuak, bestalde, jendearen musika-entzuketa datuak jasotzea eta libre banatzea du helburu, nolabaiteko audientzia-neurketa gisa, ikerketarako, gomendioetarako eta hainbat erabilerarako baliatzeko. Music Player Daemon, Spotify, Rhythmbox eta Last.fm bezalako erreproduzigailu eta zerbitzuetatik jendeak egindako bidalketak ditu datu-iturri.

Azkenik, CritiqueBrainz Creative Commons lizentzia duten musika iruzkinak jasotzen dituen biltokia da. Momentuz ematen du guztiak ingelesez daudela, baina euskarazkoak ere jaso litezkeela pentsatzen dut, eta euskarazko komunikabide gehienak CC lizentziarekin argitaratzen direnez, bilduma majoa sor liteke, une honetan dauden iruzkin kopurua kontuan izanik nahiko esanguratsua den proportzioa lortzeraino.