Lehenik eta behin, badakit normalean nire artikuluen influentzia-esparrua domeinuen mundua izaten dela, baina gaurkoan Unai Bilbao-rekin esparrua elkarbanatu, eta mugikorrei buruz hitz egingo dut, 😉

Kontua da aste honetan arazo txiki bat izan dugula gure Android mugikorretan. Lanean G Suite (Google Apps bezala ezagutzen zena) erabiltzen dugu eta laneko kontua gure Android gailuan gehituta daukagu, posta, egutegia eta Google-en gainerako zerbitzuak bertatik kudeatu ahal izateko. Bat-batean errore mezua jaso genuen, Google Apps Device Policy aplikazioa instalatzeko aginduz. Hori egin arte, laneko Google kontuak mugikorrean funtzionatzeari utziko zion.

Sorpresa bakarra? Ez horixe!

Aplikazioa instalatzerako orduan, berriz, beste sorpresa bat. Konfigurazioarekin amaitu ostean lankideei Google-en aplikazioak (Gmail, Drive, Calendar, etab.) bikoiztu zitzaizkien, batean laneko Google kontuen informazioa zeukaten, eta bestean bere Google kontu pertsonalen informazioa. Horretaz gain, gailu berdinean ezin da laneko posta kontu bat baino gehiago kudeatu, bigarrena gehitzean lehendik dagoen kontua ezabatu egingo delako.

Hau da aplikazioen menuak hartzen duen itxura, kontu pertsonalerako eta laneko konturako profil ezberdinekin:

Aldaketa hori G Suite-eko administrazio guneko ezarpen batengatik da (Device Management ataleko Mobile Management ezarpena), duela gutxi automatikoki aldatu dena. Ezarpen horrek G Suite erabiltzen duten enpresen mugikorren segurtasuna zaintzea du helburu. Erabilgarri dagoen segurtasun maila xumeenak pantaila desblokeatzeko patroi bat edukitzera behartzen ditu erabiltzaileak, gailuaren erabilera estatistikak ikusteko aukera ematen du, baita mugikorraren edukiak administrazio paneletik ezabatzeko aukera ere, gailua eskuetan eduki beharrik gabe.

Segurtasuna

Segurtasun maila aurreratuenean lehen aipaturiko aplikazioen duplikazioa egiten da, kontu pertsonala eta lanekoa bereizteko, instalatu daitezkeen aplikazioak mugatzeko aukera dauka edota pasahitzen segurtasun maila minimo bat ezartzekoa, lanerako erabili daitezkeen gailuak baimentzearekin batera. G Suite-en administrariari malgutasun gehiago emateko, segurtasun maila ezberdinak zehaztu daitezke gailuaren Sistema Eragilearen arabera, edo erabiltzaile horren erabiltzaile-taldearen arabera. Artikulu honetan ikus daitezke gainerako ezarpenak.

Gailuak lanerako soilik erabiltzen direnean Google Apps Device Policy edukitzea aukera ona izan daiteke, gailuaren galera edo lapurreta baten aurrean informazioa babesteko, eta zehaztutako segurtasun irizpideak jarraitzen direla ziurtatzeko. Erabilera pertsonalerako diren baina lanerako ere erabiltzen diren gailuetan zalantza gehiago sortarazten dira, administrariak gailuetan ezarri ditzakeen mugengatik (instalatu daitezkeen aplikazioak, adibidez) eta, batez ere, datu pertsonalak ere ezabatzeko aukera izango lukeelako.