Militantzia eta militante kontzeptuak normalean arloren bati dagozkiola aplikatuta erabiltzen dira, hau da, norbait militantea zerbaitetan izaten da, dela euskaran, dela antimilitarismoan, dela ekologismoan, dela sindikalismoan, dela dena delakoan. Eta adibide horietan ikus daitekeenez eta beharbada partidu politiko batzuetan militatzearen salbuespenarekin, normalean militatzeak esan nahi du gobernu eta erakunde ofizialez kanpoko jarduera eta kausen alde egitea gauzak aldatzeko helburuarekin, mundu hobeago eta justuago baten bila.

Arlo teknologiko-digitalean ere gauza asko daude oker, eta hori denez nire arloa ikasketaz, lanbidez zein afizioz, nire burua militante digitaltzat daukat. Ahal dudan neurrian informatikaren munduan gauzak aldatu eta hobetu daitezen jarduten dut maila profesionalean eta nire denbora librean. Mundu digitalak gero eta garrantzi handiagoa du gure bizitzetan, pisu ekonomiko ikaragarria hartu du mundu mailan, eta horregatik oso garrantzizkoa deritzot alor horretako aktibismoari.

Militantzia eta militante kontzeptuekin jarraituz, esango nuke existitzen dela baita ere militante kontzeptua besterik gabe, arlo jakin bati lotu gabekoa, eta kasu horretan esan nahi du mundu hobeago eta justuago bat bilatzen duten ideiak bultzatzen dituela arlo guztietan eta, neurri handiagoan ala txikiagoan, ideia horiek praktikara eramaten dituela. Atrebentzia handiegia izan daiteke apika, baina ausartuko naiz esatera gurean horrelako militante asko daudela, eremu askotan jarduten direnak maila batean ala bestean: euskararen alde, ingurumena zaintzen, Euskal Herriaren eskubideen defentsan, ezberdintasun eta injustizia ekonomikoen aurka, langileen eskubideengatik borrokan, elikadura-eredua aldatzeko lanean… Agerkari honen irakurle asko ziur aski identifikatuta eta eroso sentituko dira militante orokorraren kontzeptu horretan.

Bada, orotariko militante horietako militanteenek ere erabat ahazten dute mundu teknologikoko militantzia. Informatikaren mundutik ez datorren jendeak, beste arlo denetan oso militanteak izanik ere, paso egiten du teknologiaren munduan egon daitezkeen gauza okerren berri izateari edo hauek aldatzeari, eta egunero ehunka aldiz jartzen dituzte praktikan beste arloetan inoiz egingo ez lituzketen jarrera eta jarduera erabat okerrak. Gizartearen % 99k, militanteek barne, daukaten jarduera digitala hobeto uler dadin, beste arloetako adibideekin konparatuko dut: izango litzateke egun osoa erdaraz aritzea bezala, otordu guztiak McDonald’s-en eginez, inoiz ezer birziklatu gabe eta dena lurrera botaz… Eta sentitzen dut esatea, irakurle, baina horrela aritzen zara zu ere ziur aski. Zer da ba, bestela, mundu mailan aberatsenak diren AEBtako multinazional-monopolioen produktuak (Gmail, Whatsapp, Google, Twitter, Google Drive, Facebook, Google Maps, Instagram, Chrome, Youtube, Android…) uneoro eta akritikoki erabiltzea?

Gogorra izaten da norbere burua ispiluan ikusarazten digutenean eta ikusten duguna atsegin ez dugunean. Nire helburua, hala ere, ez da inor mintzea. Badakit jende gehiena ez dela arazoaz ez egiten duenak suposatzen duenaz kontziente, eta horretaz ohartaraztea besterik ez da izan nire asmoa, arazo bat ezagutzea baita konponbidean jartzeko lehen pausoa. Gainera, esperientziaz diot, ez da erraza izaten mundu teknologikoan jarrera erabat egokia izatea, eta ez dakit posible den ere ideiekin % 100 koherentea izatea (neu behintzat ez naiz, asko saiatuta ere). Baina beste edozein arlotan mundua aldatzeko jarrerak esfortzua eta sakrifizioak eskatzen dituen gisan, arlo teknologikoan ere saiatuta asko egin daiteke nahi izanez gero.

Behin arazoaz jabetuta, arlo teknologiko-digitalean bere jarduera aldatzeko prest dagoenak orientabide gehiago behar izaten ditu: zein diren jarraitu beharreko arau edo printzipio teorikoak, zein tresna erabili… Artikulu honetan nire jarduera digitala gidatzen duten printzipioak zein diren eta zertan dautzan azalduko dut. Ikusiko dugu gainera, nola denak beraien artean loturik dauden, elkarren beharra duten eta elkar elikatzen duten. Tresnei dagokienez, adibide gisa batzuk azalduko ditut, baina luzeegia litzateke tresna guztientzat alternatiba hobeago eta justiziazkoagoak ematea eta ez da hau gaurko nire asmoa.

Has gaitezen, beraz. Marx (Groucho, ez bestea) parafraseatu eta manipulatuz: hauek dira nire printzipioak, eta ez badituzu atsegin, ez dut besterik.

 

Software librea

Software librearen mugimendua izan da urte askoan informatikaren munduko aktibismoaren ikur. Arlo teknologikoa eraldatzeko baldintza beharrezkoa da baina ez nahikoa, beste printzipioak azaltzen ditugunean ikusiko dugun bezala.

Enpresa batek garatu, iturburu-kodea ezkutuan mantendu eta erabiltzaileei baldintza jakin batzuetan erabili ez besterik egiteko lizentzia baten bidez banatzen den software pribatiboak ez bezala, software librea nahi denerako erabil daiteke eta iturburu-kodea agerian dago, edonork kopiatu, banatu edota aldatzeko moduan.

Bere definizio ofizialaren arabera, software bat librea da haren erabiltzaileak lau askatasun baditu:

  • Helburua edozein dela ere, programa exekutatzeko askatasuna.
  • Programa aztertu eta norberaren beharretara egokitzeko askatasuna.
  • Programa kopiatzeko eta kopiak banatzeko askatasuna.
  • Programa hobetzeko askatasuna eta hobetutako bertsioa zabaltzeko askatasuna, edonork etekina atera diezaion.

Askatasun horiek bermatzeko, esan bezala, nahitaezkoa da programen iturburu-kodea irekia izatea. Bestalde, software libre batzuk copyleft ere badira; hauetan, libre banatu den software hori aldatu edo hobetuz gero, aldaketekin ere libre izaten jarraitu behar du.

Software librea erabilita, ez zaude hornitzaile baten edo batzuen menpe, erabiltzen duzun softwarea zure kontrolpean dago eta zure beharretara egokitu dezakezu. Finean, teknologikoki burujabea izatea ahalbidetzen dio edozein enpresa, erakunde edo norbanakori. Softwarearekin nahi dena egin daitekeenez, euskaraz ere jar daiteke, software pribatibo eta zerbitzu digital ohikoen hornitzaile izan ohi diren erraldoi teknologikoek euskaratu dezaten zain egon beharrik gabe. Eta enpresa txikiei erraztu egiten die zerbitzuak, teknologikoak zein ez, eskaintzea eta dena handi gutxi batzuen esku ez egotea.

Software librearen adibide dira sistema eragileen munduan Linux, ofimatikaren munduan LibreOffice, web nabigatzaileen munduan Firefox, hodeien munduan Nextcloud…

Gehiago software libreari buruz:

 

Burujabetza teknologikoa

Burujabetza teknologikoaren kasuan, ez dago software librearenean bezalako definizio bakar garbirik. Aldi berean, terminoak berak bere burua azaltzen duela uste dut: teknologikoki burujabe izateak esan nahi du ez duzula besteren dependentziarik teknologia baliatzeko eta ez zaudela inoren baldintza edo apeten menpe, gai zarela zu zeu bakarrik teknologia garatu, egokitu edota baliatzeko.

Mundu digitalean, haien dependentziarik beharko ez litzatekeen horiek multinazional erraldoi teknologikoak dira, normalean AEBn daudenak. Eta zein da burujabetza teknologikoaren subjektua? Nahi bezain txikia izan daiteke: estatua, nazioa, eskualdea, herria, enpresa, elkartea, norbanakoa… Mundu guztia teknologikoki burujabe izatea ezinezkoa izan daiteke eskatzen duen ezagutzagatik eta jende gehienak beti beharko du dendaren baten edo hornitzaileren baten laguntza, eta hori ez da txarra. Baina hortik gure behar teknologiko guztien hornitzaile bakarrak Estatu Batuetako enpresa gutxi batzuk izatera, mundu bat dago.

Teknologikoki burujabe den herri batek errazago aseko ditu bere beharrak, ezagutza handiagoa dauka klabea den arlo batean, lanpostu gehiago izango ditu, gastu teknologikoa bertan geldituko da eta aberastasun handiagoa izango du…  Eta gauza bera edozein enpresaren kasuan. Enpresa edo herri batek behar teknologikoak kanpoan asetzea, merkeagoa izan arren, ikuspegi motzeko estrategia da.

Burujabetza teknologikoan asko laguntzen du software libreak. Gaur egun, teknologikoki burujabe izateko ez dago behar den software guztia norberak zerotik garatu beharrik, software libreko alternatibak daude imajina dezakegun ia edozein tresna edo beharretarako.

Hemen esandakoei buruz informazio gehiago:

 

Deszentralizazioa

Internet eta weba sare banatuak izateko sortu ziren. Informazio eta komunikaziorako tresnak sare horretako nodoen artean banatuko ziren. Eta hala izan zen hasiera batean: webguneak, web-zerbitzuak eta informazioa zerbitzari ugaritan banatuta zeuden, eta komunikazio-tresna nagusia, posta elektronikoa, posta-hornitzaile askoren artean banatutako zerbitzua zen. Baina gaur egun, erraldoi apur gutxi batzuek menderatzen dute sarea, eta sare zentralizatu bihurtu da. Komunikatzeko gehien erabiltzen den modua berehalako mezularitza da (Whatsapp, Facebook, Messenger, Telegram…). Zerbitzu horietan, komunikazio guztiak enpresa bakar batean zentralizatuta daude, eta zerbitzu beraren beste erabiltzaileekin komunikatzeko balio dute soilik. Bideokonferentzian ere zerbitzu zentralizatuak erabiltzen dira gehien (Skype, Zoom…). Eta posta elektronikoa bezalako zerbitzu banatu baten kasuan ere, eskuko hatzekin konta daitezke ia mundu guztiaren e-mailak kudeatzen dituzten zerbitzu-hornitzaileak. Eta web trafikoaren parte handiena oso webgune gutxitan izaten da: sare sozial batzuk (Facebook, Twitter, Instagram…), bideo-zerbitzu eta -plataformak (Youtube, Netfilx…), Amazon, AirBnB, TripAdvisor, WordPress, Google Docs…

Deszentralizazioak, beraz, esan nahi du komunikazioak eta zerbitzuak ez egotea hornitzaile bakarrean zentralizatuta. Besteekin komunikatzea edo elkarlanean aritzea edo informazioa partekatzea behar duten zerbitzuetan ere, nodo ezberdinetan banatuta egon daitezke erabiltzaileak eta informazioa eta nodo guztiak euren artean komunikatu.

Software libreak eta protokolo irekiek eta estandarrek laguntzen dute zerbitzuak deszentralizatzen, nodo gehiago garatu edota irekitzea errazten baitute. Burujabetza teknologikoan ere laguntzen du, ezinezkoa baita burujabe izatea zerbitzu zentralizatu eta jabe bakardunak erabiliz gero. Aldiz, zerbitzu deszentralizatu batean gure nodo propioa sor dezakegu, edo hornitzaile lokal batena erabili. Sare sozial deszentralizatu baten ez du multinazional batek erabakiko mezuek zein hizkuntzatan egon behar duten edo ezingo du bere irizpideen araberako zentsurarik aplikatu, nodo bakoitzak bere arauekin funtzionatuko du, baina aldi berean denak elkarrekin konektatuta egonik.

Zerbitzu deszentralizatuen adibide dira Mastodon, PixelFed eta PeerTube sare sozialak (hurrenez hurren mikroblogging-a, irudiak eta bideoak partekatzeko direnak), Nextcloud hodeiko ofimatika softwarea, Matrix berehalako mezularitza protokoloa eta softwarea… Mastodon sare sozial globalean euskarazko Mastodon.eus nodoa daukagu, esaterako.

Deszentralizazioari buruzko gehiago:

 

Euskara

“Euskaraz bizi nahi dut” leloarekin guztiz bat egiten dut. Euskara da euskaldun egiten gaituena, eta herri gisa etorkizunik izango badugu euskaraz izan behar duela sinetsita nago. Euskaraz naturaltasunez bizi ahal izateko, baina, edozein motatako edukiak (musika, literatura, komunikabideak, ikus-entzunezkoak…) euskaraz egotea oso beharrezkoa da, baina ez da gutxiago mundu digitaleko edukiak eta tresnak euskaraz izatea. Nire jardun profesionalean horretan aritzeko zortea dut, Elhuyarren euskararentzako hizkuntza- eta hizketa-teknologiak garatzen hain zuzen, eta aisialdiaren zati handi bat ere teknologia eta euskararen inguruko kontuetan pasatzen dut.

Tresna informatiko, web zerbitzu eta abar ahalik eta gehien euskaraz egon daitezen, software librea oso garrantzitsua da. Gaur egun software asko euskaraz gozatu dezakegu software librean daudelako (ia beti Librezale elkarteak euskaratuta; inoiz ezingo diegu nahikoa eskertu egiten duten lan ikaragarria). Eta kasu batzuetan enpresa handiek beraien tresna edo zerbitzuak euskaratu dituzte euskarazko alternatiba libreak egoteak eragindako presioagatik.

Gehiago honi buruz:

 

Formatu eta protokolo estandarrak eta irekiak

Aurrerapen teknologikoak urrutirago eta mundu guztiarengana iristeko, oso beharrezkoak dira formatu eta protokolo estandarrak eta irekiak. Software batek fitxategiak gordetzeko erabiltzen dituen formatuak enpresa sortzaileak soilik ezagutzen badu, enpresa horrek egindako softwarearen bidez soilik erabili ahal izango dira. Era berean, komunikatzeko software batek enpresa garatzaileak definitutako protokolo ezkutuko bat erabiltzen badu, software hori darabiltenekin soilik komunikatzeko balioko du.

Formatu eta protokolo itxiek monopoliotara daramate. Software batek dokumentuak gordetzen diren formatua ezezaguna bada, dokumentuok irakurtzeko software hori beharko du derrigor jasotzaileak, eta gurpil zoro horren ondorioz denok instalatu behar dugu software hori azkenean. Komunikatzeko tresnek eta sare sozialek beren protokolo propioa badute eta bere erabiltzaileen artean soilik komunikatzea ahalbidetzen badute, helburua beti ahalik eta jende gehienarekin komunikatzea denez, gehien erabiltzen den tresnak denok harrapatzen bukatuko du. Adibideak ugariak dira: Microsoft Office, Facebook, Whatsapp… Eta monopolioekin ez dago burujabetza teknologikorik. Aldiz, protokoloak eta formatuak irekiak edo estandarrak badira, software librearen bidez horiek baliatzeko beste programa batzuk garatu daitezke eta agian modu deszentralizatuan ere erabili. Honen adibide aparta da ActivityPub, jarduera publikatu eta partekatzeko formatu eta protokolo ireki eta deszentralizatua. Honen bidez sortu dira Mastodon microblogging zerbitzua, Pixelfed argazkiak partekatzeko sare soziala eta beste batzuk, denak dira deszentralizatuak eta gainera denak beraien artean komunikatu daitezke.

Formatu eta protokolo estandar eta irekiei buruz gehiago jakiteko:

 

Enpresa txikien alde eta monopolioen aurka

Azalpen gutxi behar du printzipio honek. Aberastasunaren banaketa justuago baterako, aukera berdintasunagatik eta beste arrazoi askogatik, enpresa txikiak bultzatu eta beraien zerbitzu eta produktuak erosi behar dira erraldoienen ordez, mundu fisikoan bezainbeste (edo gehiago) teknologikoan ere. Teknologia gaietan, hornitzaile ahalik eta lokalena bilatzen dut: herriko informatika denda, hurbileko ostatatze zerbitzua, sare sozial deszentralizatuaren nodo lokala… Aldiz, ikusi besterik ez dago zein den egungo panorama teknologiaren munduan: arlo bakoitzean (berehalako mezularitza, sare sozial ezberdinak, lainoko konputazioa…) multinazional erraldoiek ia-ia monopolioa daukate, eta teknologiaren mundu osoan 5 enpresa soilen artean (GAFAM famatua) kontrolatzen dute dena. Honek zer esan nahi duen kontziente izateko, lehen elikaduraren kasuan aipatutako adibide bat harago eramango dut: mundu guztian jateko aukera bakarra McDonald’s balitz bezala da, eta hori gertatu da denok bertara joaten hasi garelako beti eta beste guztiek itxi egin behar izan dutelako.

Software libreak, deszentralizazioak, protokolo irekiek eta burujabetza teknologikoak laguntzen dute enpresa txikiak egoten mundu teknologikoan, beste bide guztiek monopoliora daramate. Gainera, normalean enpresa txiki hurbileko eta lokalek gehiago izaten dute kontuan euskara multinazional erraldoiek baino.

Gehiago erraldoi teknologikoei eta monopolioei buruz:

 

Pribatutasuna

Mundu digitala oihana bihurtu da, non enpresa multinazionalak harrapariak diren eta sarearen erabiltzaileon informazioa ehizakiak. Guri buruzko informazioa jasotzen ari dira etengabe enpresa horiek, nabigatzen ditugun webguneak, ikusten ditugun bideoak, atsegin ditugun txioak, egon garen lekuak, sare sozialetan ditugun lagunak… Eta gero datu horien araberako (teorian) publizitatea erakusten ari zaizkigu etengabe, edo beste batzuei saltzen dizkiete haiek egin dezaten. Gainera, frogatuta dago (gogoratzen Edward Snowden?) enpresa horiek CIA eta NSA bezalako agentzien esku jartzen dituztela datu horiek.

Horren guztiaren aurrean, gure pribatutasuna babesteko jarrera aktiboa hartzea da dagoen bide bakarra. Eta horretan lagun dezakete aurretik ikusi ditugun printzipio guzti horiek.

Sare sozial edo zerbitzu zentralizatu batean (Twitter, Google Docs, Whatsapp…) badakigu guri buruzko informazioa arpilatu eta salduko dutela. Deszentralizatu batean, aldiz, informazioa pribatua mantendu dezakegu gure konfiantzazko nodo bat hartuz (Mastodon.eus…), edo gure nodo propioa jarriz (Nextcloud, Matrix…).

Bestalde, softwarea librea denean, kodea aztertu daiteke eta ziurtatu ez duela egiten behar ez duenik gure datuekin. Eta horrez gain, normalean software librezko zerbitzu eta programetan zifratuta gorde ohi da informazioa eta bidaltzen dira komunikazioak, edo horretarako aukera ematen da behintzat.

Egongo dira zerbitzu eta app-ak gure pribatutasuna gordetzen dutela diotenak. Hala ere, fidatu egin behar, horretaz ezingo gara inoiz ziur egon erabiltzen duten softwarea librea ez bada eta ez badago gure kontrolpean…

 

Pribatutasunari buruz gehiago jakiteko:

 

Adierazpen askatasuna

Software ohikoari edo komunikazio pribatuei ez zaie aplikatzen printzipio hau, baina bai webean hainbesteko garrantzia duten sare sozialei, blogei edo bestelako eduki plataformei. Edukien zabalkunde eta komunikazio publikoetarako erabiltzen diren zerbitzuetan, zerbitzu horien jabeak dira zer den argitaratzeko modukoa eta zer baztergarria erabakitzen dutenak. Eta behin eta berriz errepikatu dugunez, horiek AEBko enpresa aberats erraldoiak dira, eta zentsuratzeko edukia zein den erabakitzeko dauzkaten irizpideekin ia inoiz ez ginateke egongo ados ezkerreko ikuspegi batetik. Batzuetan departamentu “lokalak” (hau da, estatuetakoak) dira erabakitzen dutenak, eta horrek ez du gure kasurako arazoa hobetzen. Kontu faxistak eta horien mehatxuzko txioak onartu bezain erraz ixten dituzte kontu independentista baketsuak, esate baterako. Onargarritasun-irizpideotan hizkuntza ere sar daiteke: Twitter-ek, esaterako, txioetan bai baina publizitatean ez du onartzen euskararik. Eta zehatz-mehatz adierazpen askatasunaren aurkakoa ez bada ere, herri gisa marko asko inposatzen dizkigute plataformek: zein den eremua “trending topic” lokaletarako, zein hizkuntzatako streaming-ak bilatu daitezkeen…

Sare sozial eta plataformetan euskaldunon eta beste edozein kolektiboren eskubideak errespeta daitezen bidea adierazi da gorago: protokolo ireki deszentralizatuetan oinarritutako eta software librean garatutako sare eta zerbitzuak eraikitzea, non talde, hizkuntza, afizio edo dena delako bakoitzak bere nodoa izango duen bere arau eta irizpideekin eta zeintzuek aldi berean beste nodoetakoekin komunikatzea ahalbidetuko duten. Hori bera da zehazki Mastodon sarea eta euskarazko toot-ak onartu soilik ez baizik are exijitzen dituen Mastodon.eus nodoa. Egia da adierazpen askatasunak bi aho dituela, eta faxistak edo ultraeskuindarrak sare horietatik baztertzen dituzten kasu apurretan beraiek ere muntatu izan dituztela beraien nodoak Mastodon bezalako sare deszentralizatuetan, baina ez da egia txikiagoa kasu horietan beste nodoek eta sareak darabilen softwareak blokeatu egiten dituztela; hau da, beraien sare soziala muntatzen dute, baina isolatuta gelditzen dira hortik kanpokoekin komunikatzeko eta haien artean beraien mezua zabaltzeko aukerarik gabe.

Hemen aipatu direnen inguruko informazio gehiago:

Beraz, irakurle militante hori, mundu digitalean ere gauzak aldatu eta militatzeko gogoa sartu bazaizu, orain behintzat badakizu zeintzuk diren (edo izan daitezkeen) jardun praktikante bat eramateko orduan jarraitu beharreko printzipioak (edo printzipio batzuk). Hurrengo artikuluren batean azalduko ditut, agian, normalean jende guztiak erabiltzen dituen programa, aplikazio eta sareez harago zein alternatiba dauden eskura printzipio hauek betetzen dituztenak; eta itxaron ezin baduzu, sarean bilaketa xingle bat eginez erraz aurkituko duzu gidarik.