“Internet komunikazio-sare interkonektatuen multzo deszentralizatu bat da”. Esaldi horrekin hasten da Wikipedian Internetaren inguruko definizioa. Komunikazio du funts Internetek. Lehen ahoz aho, eskutitz bidez edota telefonoz soilik egiten genuena, egun webgune, e-mail, txat edo bideokonferentzia bidez egitera pasa gara.

 

Garrantzitsua da uneoro garbi izatea gutxienez bi zerbitzu behar ditugula egungo komunikazio horiek aurrera eramateko. Adibide gisa e-mail zerbitzua har dezakegu. e-mail zerbitzua izateko, lehenik ezinbestekoa zaigu interneterako sarrera izatea, bai etxetik edo bai mugikorretik. Horretarako hornitzaileren batekin kontratu edo aurre ordainketazko zerbitzu bat hartu beharra dugu, normalean konexio edota datu kopuru jakin baten baitan hileroko kuota baten trukean. Baliteke zerbitzu horrek e-mail zerbitzu bat eskaintzea, baina ez da ohikoena. Beraz, e-mail zerbitzu bat kontratatu beharko genuke hori nahi izatekotan, adibidez ni.eus-ek eskaintzen duena. Zerbitzu hau doakoa nahiz ordainpekoa izan daitekeela, baina bi kasuetan, erabiltzaile eta hornitzailearen arteko harremana kontratu batean gauzatu beharko da. Horrenbestez, orokorrean, e-mail zerbitzu bat izateko, bi kontratu behar ditu: sarrerako sarbidea ahalbidetuko diguna eta e-mail zerbitzua eskainiko duena. e-maila beharrean, beste zerbitzu motekin berdin berdin litzateke, mezulari zerbitzu, blog zerbitzu edo webgune zerbitzuen kasuan esaterako.

 

Aurreko azalpena beharrezko iruditu zait Bielorrusian gertatzen ari dena ulertzeko. Izan ere, dakizuen moduan, herritar asko kalera atera da azken hauteskundeen emaitzak ezbaian jarriz. Ez naiz sartuko nork duen arrazoia eztabaidatzen, interesatzen zaidan eztabaida beste bat baita. “Egoera kontrolatu beharrak” bultzatuta, gobernuak internet zerbitzuak mugatzeari ekin zion, nahiz eta kanpoko eraso batek eragindako sareko arazoak zirela zabaldu gobernutik. Facebook eta Googlen zerbitzuak mugatuak izan ziren protesten antolakuntzak zaildu asmoz, momenturen batean internet zerbitzua bera ere mozteraino, izan ere, mozketarik gabe bazegoen funtzionatzen jarraitzen zuen komunikazio zerbitzu bat: Telegramek.

 

 

Ez da arraroa herrialdeko komunikazio hornitzaileek gobernuari kasu egin eta eskatutako neurriak hartzea, zehazki zenbait webgunetarako trafikoa moztuz. Edo sare sozial konkretu batzuei orrialdeetarako sarrerak blokeatzea, edo komunikazio txata bertan behera uzteko eskatzea. Hori horrela izanda, zerk egiten du desberdin Telegram?

 

Lehenik eta behin sortu zen unetik komunikazio askea bermatzea du helburu. Horretaz gaindi, zerbitzu erabilerraza dela ezin uka, eta garrantzizkoena, horrelako egoera zailetan zerbitzuak martxan jarraitzeko gai da teknologiak eskaintzen duen heinean. Bielorrusiaren kasuan, domain fronting-a erabiltzen du Telegramek zentsuretatik ihes egiteko. Teknika honen bidez interneterako sarrera gaitzen duten konpainiak ez dira gai datu-trafikoa diskriminatu eta hauek mugatzeko. Aipatu bezala, eta momentu batean egin zuten moduan, internet sarrera osoki ixtea beste aukerarik ez dute trafiko hori mozten dela ziurtatzeko. Horri Telegramek berak duen enkriptatze maila gehitzen badiogu, agintarientzako esan daiteke ezinezko egiten zaiela komunikazio sare hau kontrolatzea.

 

COVID-19aren pandemiarekin Telegrameko erabiltzaileen kopurua asko igo da, baina ez zait iruditzen soilik Whatsappekiko alderatuta funtzio interesgarriagoak dituelako denik. Aldiz, uste dut erabiltzaileok gero eta gehiago jabetzen ari garela zein diren komunikatzen jarraitzeko bermea eskaintzen duten zerbitzuak egoera edozein dela ere, mugarik gabe, alegia, gure mihiak bere horretan uzten defendatzen saiatuko diren zerbitzuak.