Gaurko artikulu honetan Metabertsoaz arituko naiz; zer den, teknologiaren ikuspegitik nola gauzatu daitekeen eta, Metabertsoak arlo ekonomiko zein sozialean izan dezakeen eraginaz, esaterako. Gaian sakondu aurretik, baina, Leire Palacios eta Ainhoa Marzolek haien podcast–ean egiten duten spoilerra abiapuntu gisa lagungarri gerta dakiguke.
Metabertsoa: zertaz ari gara hizketan?
Era sinple batean azaltzearren: modu digitalean ematen den bizitza paralelo bat edo batzuk dira Metabertsoa. Askotan errealitate birtualarekin nahas badaiteke ere, Metabertsoa, hori baino gehiago da. Balioaren internetaz hitz egin izan da sarri azken urteotan, hau da, erabiltzaile bakoitzak bere datuen kontrol, jabego eta merkataritza egingo duen internet espazioaz; Web 3.0 bezala ere ezagutzen dena.
Metabertsoak nolabait, Web 3.0 paradigma horri erantzuten dio. Erabiltzaile bakoitzak bere datuak eta jabegoan dituen kontuak esplotatzeko aukera emango duen ekosistemaz ari gara; hau da, datuen merkataritzan eta trukean aritzeko errealitate digitalez. Bai errealitate digitalez, pluralean. Izan ere, Metabertsoa errealitate birtual ezberdinek osatuko dute eta, bertan erabiltzaile bakoitzak bere ondasun eta aberastasunak bere erara kudeatu ahal izango ditu errealitate ezberdin horietatik.
Errealitate birtualeko aplikazioetan oinarrituz, erabiltzaileek Metabertsoa bizi eta haien jabego eta datuen merkataritza eta trukea gauzatu ahal izango dute espazio ezberdinen artean. Egun errealitate birtualeko aplikazio ezagunenak, joko birtualak ditugu. Adibide bat jartzearren: Pokemon jokoan harrapatutako gure Pikachu Pokemon bakarra, Fortnitera eraman eta gurekin borrokan jarri ahalko dugu.
Nola gauzatu daiteke Metabertsoa?
Ez al dago dagoeneko Metabertsoaren zati bat osatuta? Sare sozialak erabiltzean, ez al gara ari gure bizitza eta harremanak digitalki gauzatzen? Bestalde, errealitate birtualean oinarritutako jokoetan, gure avatar propioak etabar sortzen ditugunean, ez al gara ari metabertsoan?
Bai, horrela da. Egun, gure bizitzaren zati bat Metabertso horretan ematen dela esan dezakegu. Bizitza digital horri, ordea, datuen jabego eta kudeaketa gauzatzea falta zaio. Blockchainen oinarritutako identitate digital, NFT eta kriptotxanponak erronka horri erantzuteko tresnak izan daitezke. Baina zergatik Blokchain?
Bere deszentralizaziogatik. Blockchain teknologian oinarritutako sistemek ez dute jaberik. Blockchainen oinarritutako kriptotxanponen balio edo eragiketak ezin daitezke aldatu. Eta horrek, Metabertsoa eraikitzeko behar den konfiantzazko geruza ematen du.
Egiazko errealitate bat al da? Arriskurik izan dezake?
Metabertsoaren joera hau, azken hilabete eta urteetako joera bat da. Oraingoan ere, Facebookek bere posizioa markatu nahi izan du Metabertsoaren bandera bere gain hartuz eta, baliteke horren ondotik, Metabertsoaren kontzeptua ezagunago egin izana. Hala ere, Metabertsoa Facebook bera eta sare sozialez harago doa.
Metabertsoan Web 3.0 paradigma gauzatzen bada, mundu digitalera soilik mugatu daitekeen ekonomia batekin aurkitu gaitezke. Hau da, aberastasunak metatu eta galdu daitezkeen mundu berri batekin. Eta honek, gaur egun joko birtual eta apustu etxeek sortzen dituzte adikzio eta arriskuak biderkatu ditzake.
Azkenik, Metabertsoa bera, sare sozialen handiagotze bat izango da eta, horrek, sare sozialek dituzten arriskuak ere biderkatu ditzake. Beste behin, teknologiak aukera berriak ematen badizkigu ere, tentuz erabiltzen ikasi beharko dugu.