2006an, Spotify sortu zenean, jende askok uste zuen musikaren euskarri fisikoen garaiarenak egin zuela. Edo agian zertxobait lehenago pentsatu zuten hori, iTunes sortu zutenean eta kanta bakoitza 0.99 dolarretako prezioan saldu nahi zigutenean. Pirateriaren aroa zen, bai, baina momenturen batean aukera ez-legalak amaituko zirela ematen zuen, polizia eta legeak tarteko. 

Euskarri fisikoak gutxi batzuen kontua izango zela zirudien. Zentzua ere bazuen: 10 euroren truke (edo debalde), gutxi gorabehera, munduko musika guztia eskura izan zenezakeen. Zertarako gastatu 20 euro disko bakar batean, zeina apurtu edo kalitatea galdu dezakeen? 

Errealitatea, ordea, oso bestelakoa izan da. 

Spotify ez da hil, oso bizirik dago (arazo ekonomiko larriak izan arren, bere eredua diskoetxeen menpe baitago oraindik). Eta, hala da, arerioak edonon ateratzen zaizkion arren, hala nola Amazon Music, Deezer, Apple Music, edota Youtube bera: Spotifyren prezioa igotzen den bakoitzean, erabiltzaile askok debaldeko Youtubera egiten dute salto. 

Baina euskarri fisikoak ere ez dira hil. Hori bai berria. 

Taylor Swiftek bere azken diskoaren 600.000 binilo saldu ditu. Hori ez da bildumazale apur batzuen kontua, zenbaki horiek bestelako zerbait adierazten dute. Kontuan izan gainera jarraitzaile asko gazteak direla, formatu fisikoak sarri pertsona nagusienekin erlazionatzen diren kontuak izanik. 

Adelen 30. diskoaren 500.000 kopia prestatu zituen diskoetxeak, horrek munduko beste binilo guztien prezioak garestituz (material falta egon zen); ez zen espero bezala saldu, baina argi dago iragarpena “asko” saltzea dela. Horrelako beste hainbat kasu daude. 

Nola gertatu da hau? Eredu digitalak dena irentsi behar zuen momentuan, nola itzuli gara euskarri fisikoetara?

Erantzuna ez da betiko gatazka: Spotify merkeagoa dela, kalitate hobea duela, azkarragoa dela, aukera gehiago ematen dituela, edota bestaldean daudenek diotena, ordaindu bai baina gero ez daukazula ezer. 

Ez, erantzuna beste bat da. Euskarri fisikoak erosteko gogoa piztu du norbaitek gutxika, sareen laguntza tarteko. Negozioa bueltan da. 

Marketin kontua da.

***********

Paperezko liburuen azkena heldu zela uste genuen askok. 

Azken finean, papera eta tinta eta garraioa eta beste hainbat gauza behar dituzte liburuek, eta gehienak bizitzan behin soilik irakurtzen dituzu. Irekita mantentzeko 2 eskuak behar dituzu, gauean irakurtzeko argia piztuta izatea eskatzen dute, leku nahikotxo hartzen dute etxean, hautsa hartzen dute… Liburu elektroniko edo ebookek ordea kontu horiek guztiak konpontzen dituzte. Idazle “txikientzat” akabo produkzio gastuak, gainera! Oporretan zoazela hainbat liburu eraman ditzakezue edo, irakurtzen zabiltzana atsegin ez baduzu edo amaitzen bazaizu, beste bat lor dezakezu segundotan, edonon zaudela. 

Eta hala ere, liburu fisikoak saltzen dituzten argitaletxe eta liburu-denda asko inoiz baino osasuntsuago daude. Zeresanik ez manga fenomenoaren bigarren loraldiari buruz! Euskarri fisikoetan soilik saltzen dituzten argitaletxeak asko dira, edizio berezi eta politak prestatzen dituztenak baita, eta maiz errazago saltzen dira 20 euroko liburuak 10ekoak baino. 

Nola gertatu da hau? 

Beste behingoz, marketin kontu bat da. Euskarri fisikoek dakartzaten alde onak goraipatzen dituzten profilak edonon daude eta, gutxika, buelta eman zaio logikak zioenari. Beste behingoz, marketinak irabazi du. 

***********

Marketinak irabaztearen kontu hau ez da sektore guztietan gertatzen, noski, baina askotan bai. 2023an paperezko agendak saltzen jarraitzen dugu; hauteskundeen publizitatea paperez bidaltzen dizute etxera, baita espresuki esan baduzu ez duzula halakorik nahi; bilerak presentzialki egiten ditugu, online egiteko hamaika aukera dugun arren; bideo-joko asko diskoetan saltzen dira oraindik, disko horrek Interneteko gordailuren batetik atalak jaistea eskatzen duen arren. 

Digitalizazioa, orokorrean, ona da planetarentzat: askoz garbiagoa da denontzat streaming bidez filma bat ikustea, filma hori dakarren diskoa erostea baino. Normalean, digitalizazioak erabiltzailearen esperientzia hobetzen du: dokumentu elektronikoak hobeak dira gordetzeko, gauzak aurkitzeko edota beste pertsona bati emateko, paperean gordetako horiek baino. Luzera begira, orokorrean merkeagoak ere badira: Amazonen gorde dezakezun argazki kopuruak edozein disko gogorretan gorde ditzakezunak gainditzen du (momentuz; ez zaitez fida gehiegi Amazonez badaezpada). 

Baina zenbaitetan gure behar fisikoek gainditu egiten dute logika, zentzuak sentimenduen aurkako gatazka galtzen du. Halakoak gara. Teknologia aldatzea azkar samarra izan daiteke; pertsonen sentimenduak aldatzeak denbora gehiago behar du. 

Eta marketinak hori egiten du: gure garunak gauza fisikoak erosteko duen behar horretaz baliatu eta digitalizazioari aurre egin. 

Neurri batean, galtzaileak gu gara. Behar ez ditugun gauzak erosten ditugu, edo beharko genukeena baino garestiago, eta planetari beharrezkoa ez den kaltea eragiten diogu. Bidean, norbaitek dirua irabaziko du. Tira.