Azken boladan gero eta hedatuago dauden tresnak dira solasbot-ak edo chat-bot-ak, pertsonekin elkarrizketan aritzeko gaitasuna duten robotak. Bai Facebook eta Google-eko buruek beraien interesa azaldu dute. Zuckerbergek, adibidez, solasbotak Facebooken integratzeko aukera zabaldu zuen. Gurean  Luistxo Fernandezek artikulu batean eta Beñat Iriondok irrati-programa batean halako robot batzuen deskribapena egiten dute. Erdal medioetan ere arraroa da haien inguruan aipamenik egin ez duena.

Ez dira berriak, lehen “laguntzaile birtual” izenarekin egin ziren ezagun. Begiratu hemen inguruko enpresa/erakundeetan dauden/zeuden batzuk identifikatzeko: https://www.chatbots.org/language/basque/. Baina gero eta adimentsuagoak dira. Etorkizuna asmatzea zaila da, baina aditu batzuen ustez halako tresnak hedatuko dira eta gaur egungo ohiturak aldatuta bilatzaileak bazterrean utziko dituzte. Salerosketen eremuan behintzat indar handiz sartu dira halako sistemak.

Funtsean ahozko zein idatzizko elkarrizketa bat bideratzen duen programa bat da solasbota. Gero eta gehiago app moduan zabaltzen ari badira ere webguneen sarbideak direnak ere badira.

Oinarrizko elementuak bi dira:

1) Interfazea: Elkarrizketa bideratzen duena. Hizketa bidez baldin bada hizketa-testu eta testu-hizketa moduluak behar dira. Aholab taldeak garatutakoak erabil ditzakegu. Testua zuzenean kudeatzen bada xuxen-xuxen idatzita ez dela egongo aurreikusi beharko da. Xuxenen egokitzapen batekin molda gintezke. Itxura robotikoagoa emateko avatar bat erabili dezakegu

ber2tek

2) Bilaketa modulua: Erabiltzaileak galdetzen duenari erantzuna aurkitzea du helburua. Sinpleena aurreikusitako galderen artean bilatzea da. Kasu horretan “sarri egindako galderak” eta dagozkien erantzunak datu-base batean egongo dira gordeta. Baina bilaketa ezin da izan ohikoa, semantikoa baizik: gauza bera beste hitzekin esaten denean dagokion galdera aurkitu beharko da. Baina horrekin ere ez goaz urrutiegira. Hobe litzateke galderak aurreikusita ez egotea eta galderaren arabera erantzuna bilatzea datu-base erraldoi batean. Horretarako galdera-erantzun sistemak daude. IBMren Watson sistemak iraultza ekarri zuen arlo honetan duela bost urte, AEBn hedatuen dagoen Telebistako jokoa (Jeopardy du izena) irabazi zuenean aditu nagusien aurka. Euskararako, bere neurrian, halako sistemak garatu dira Ber2tek proiektuaren barruan. Beste aukerak ere badaude ikasketa automatikoa erabiliz. Adibidez IXA taldean “irakurriz ikasi” (learning by reading) estrategia probatu dugu.

Osagarri horiekin oinarrizko sistema polit bat egin daiteke, baina urrats bat gehiago behar dugu sistema adimenduna izatea nahi badugu. Hemen sartzen dira adimen artifizialaren azken aurrerapenak. Zer egin behar du programak erantzunik ez duenean edo galderarik ez dagoenean? Iniziatiba hartu behar du? Nola? Bestalde, zer egin galdera-erantzun eredutik kanpo geratzen diren interakzioekin? Alde honetatik datoz azkenaldiko berrikuntzak. Adibide gisa CaptionBotek sistema dugu, argazkien deskribapena egiten duena.

Irudia | Pixabay