LinkedIn enpresa eta profesionalentzako gune nagusia da. Erabiltzaile kopuru aldetik ez dago beste sare sozial handien maila berdinean, Facebookek edo Instagramek lortu dituzten erabiltzaile kopurutan, baina arlo profesionalean lortzen dituen emaitzak kontuan hartzekoak dira: B2Ban aritzen diren %59ak adierazten du LinkedInek baliozko kontaktuak lortzen laguntzen diela.
Beraz, enpresa baten estrategia digitalean gakoa izan daiteke LinkedIn. Zertarako sortu enpresa-orri bat sare sozial honetan? Zein motatako edukiak argitaratu? Eta, zertan datzate aurreko astean iragarritako LinkedIneko enpresa-orrien berrikuntzak?
LinkedIneko enpresa-orri batean argitara daitezkeen eduki motak
Enpresaren webgune edo blogeko argitalpenak
Enpresak blogarik badauka, bertan argitaratzen diren edukiak sare sozial honetan partekatzea oinarrizko ariketa bilakatu behar da.
Faktore ezberdinen hazkundea erakarriko du: irismena, markaren ezagutza maila eta engagement edo erabiltzaileekiko konpromisoa handitzea eta, noski, webgune/blogera zuzendutako trafikoa bideratzea.
Partekatzea zuzen egiteko hiru oinarri kontuan izan behar dira: esteka lagunduko duen testuak edukiaren nondik-norakoak laburtzea edo klik egiteko erakargarria izatea; beharrezkoa balitz url-a laburtzea; eta edukian irudi bat agertzea.
Enpresari buruzko eguneratzeak
Zein enpresa bera baino hobea bere buruari buruzko eguneratzeei buruz berri emateko? Enpresaren jarduera eta marka barrutik nolakoa den eta nola funtzionatzen duen ezagutzera emateko modua izan daiteke. Enpresaren inguruko berriak eta eguneratzeak kontatu.
Lan-arloa, sektorea, jardueraren inguruko berriak eta ikerketak
LinkedIn sare sozial profesionala da eta publikoak arlo profesionalean dauka interesa. Beraz, enpresak bere lan-arloan, sektorea edo industrian espezializatua dagoela eta aditua dela erakutsi behar du.
Erreferentziazkoa bilakatzea da helburua eta, horretarako, baliozko edukiak partekatzea funtsezkoa izango da. Ikerketak, analisiak, berrikuntzak eta abar partekatzeak lan honetan lagunduko dio.
Bestalde, ez dira bakarrik eduki propioak izan behar. Beste egile batzuen edukiak partekatu beharko lirateke baita ere, arloan eta sektorean benetan informatua dagoela eta aditua dela aditzera emateko eta eduki askoz aberatsagoak eta anitzak izateko.
Laguntza eskaintzen duten edukiek
Erabiltzaileei laguntza eskaintzen dioten baliabideek, eskuliburuak, tutorialak, gauzak nola egiten diren… azaltzen dituzten edukiek erreferentziazko iturria bilakatzeko bidean lagungarri izango dira.
Eta, berriro ere, enpresa bere arloan aditua dela erakutsiko du eta balorea eskainiko dio erabiltzaileari, doako laguntza eta zerbitzua.
Honelako edukiek modu errazean azaldu behar dira. Egun, ikus-entzunezko baliabideak aprobetxatuz egitea aukera ona da.
Modu laburrean garatutako ideiak izan daitezke ere, labur eta puntuka azaldutako gakoak.
Mota honetako edukiek inpresio kopuru handia lortzen dute, iruzkinak eta partekatze maila altua izaten dute.
Argazkiak
Enpresa barruko irudiak partekatzea, eguneroko jarduerarenak, ekintzenak… markaren erakusgarri dira eta erabiltzaileen arreta dei dezakete.
Jarduera era gardenean erakusten da eta marka erabiltzaileei hurbiltzen du.
LinkedInek enpresa-orriak berriztatu ditu hauek dira aldaketa
LinkedInek enpresetarako orriak baliabidean hainbat aldaketa egin ditu aurreko astean eta dagoeneko erabiltzaile guztion esku daude.
Microsoften eskutan dagoenetik plataforma honen bilakaera azkartu da: duela hilabete batzuk orri hauen diseinua aldatu zuten; oraingoan funtzionalitate berriak ditu.
Hiru helburu nagusiekin bideratu dira aldaketa hauek:
- Enpresei marketinerako aukera handiago eta azkarragoak eskaintzea.
- Eta honetatik eratorrita, jarraitzaileekin engaiamendu handiago eta sendoagoak sortu ahal izateko baliabideak eskaintzea.
- Erabiltzaileekiko interakzioa sustatzea.
Hauek dira LinkedIneko enpresen orrietan sortu diren berrikuntzak:
Mugikorretarako aplikazioarekin bat egitea
Aplikazioan informazioa eta edukiak eguneratzeko aukera izango da, zuzenean.
Traolen erabilera
Orain traolak erabiltzea posible da mota hauetako orrietan. Baliabide honi esker, entzute aktiboa egitea errazagoa izango da. Traolen arabera orrian erlaitz ezberdinak gaituko dira eta edukiak bertan ikusi ahal izango da.
Traolen erabilera erabiltzaile edo publikoari begira ere aldaketak ekarriko dizkio: gai zehatz baten inguruan bilatu ezkero, erabiltzaileek bilaketa horien emaitzetan enpresaren orria ikusiko dute.
Edukien iradokizunak
LinkedInek edukia aditzera emango du, zerrenden bitartez, trending topicen antzera. Traoletan oinarritutako sare sozial honetan bogan dauden gaiak izango dira.
Dokumentuak partekatzeko aukera
Orain arte LinkedIneko enpresa orrietan testuak, irudiak eta bideoak partekatzeko aukera zegoen. Hemendik aurrera dokumentuak partekatu ahal izango dira.
Langileen edukiak
Profila korporatiboan enpresako langileek euren profiletan argitaratutako edukiak partekatzea ahalbidetuko du. Honek bi abantaila erakarriko ditu: bata, enpresako orriak eduki kopuru gehiago eta aberatsagoak, anitzagoak eskaini ahal izango dituela. Bestea, engagement delakoa edo lotuta, harremana, engaiamendua handitzea erakar dezakeela.
Erantzunak ematea eta aipamenak partekatzea
Orrian bertan erantzunak ematea eta aipamenak egitea posible da. Aurrekoaren antzera, onura ikusgai dago: interakzioa eta elkarrizketa sustatzea errazagoa izango da; eta entzute aktiboa egitea, enpresa noiz aipatu den kontrolatzeko aukera izango delako.
Beraz, sare sozial honek arlo profesionalean daukan garrantzia sendotuko dela ematen du.