Euskaldunon apalategitako liburu arrosa da Elhuyar hiztegia, orain dela 25 urtetatik gure ohiko baliabide bihurtu dena. Ospakizunetan murgilduta gaude Elhuyarren, ez baita edonolako marka 25 urte betetzera iristea, baliabide eguneratu eta erabilgarri bat eskainiz.

Itxuraz berrituta etorri da Elhuyar hiztegia, webguneko eta mugikorretako bertsioetan (Google Play eta Apple).

Euskaraz idazten eta lan egiten dugunontzat erreferentziazko hiztegia da Elhuyarrena. Bertako hiztegigileek eta ingeniariek batera lan egiten dute, orain 25 urte libururako sortutako edukia garaiko errealitatera ekartzeko; oinarri teknologikoa egokitu eta eraldatzeaz gain, hiztegiko sarrerak, adierak eta bestelakoak egunean mantentzea ez da erronka makala.

Elhuyar erreferentea da hiztegigintzan eta euskaran, eta proiektu honek erakutsi digu hiztegi batean hizkuntza eta teknologia eskutik doazela. Izan ere, 1996an Elhuyarren euskara-gaztelania/gaztelania-euskara hiztegia paperean eta CD-ROM formatuan argitaratu zen, hau da, dagoeneko euskarri digitalean kontsultatzeko modua zegoen; handik hiru urtera, 1999an, hiztegi hori bera online jarri zen.

Elhuyar aldizkariko iragarkia, 1996.

 

Elhuyar hiztegiaren lehen online bertsioa, 1999.

 

Onlineko eskaintza handitzen joan zen: euskara-frantsesa/frantsesa-euskara eta euskara-ingelesa/ingelesa-euskara hiztegiak ere gehitu zitzaizkion bertsio horri.

2011ean apalategitan eta ordenagailuan kontsultatu zitezkeen hiztegiak gure poltsikoetara iritsi ziren: Elhuyar hiztegien lehen aplikazioak sortu ziren.

Hainbat papereko edizio argitaratu ziren, eta 2013an, papereko edizio berriekin batera, hiztegiak.elhuyar.eus webgunea sortu zen. Hiru hiztegiak batera kontsultatzeko aukeraz gain, sarreretan eta itzulpenetan egin zitezkeen bilaketak; paperezko hiztegi batek eskaintzen ez zituenak. 2021ean, 25. urteurrenaren harira, azala aldatu diogu hiztegiari, webgunea eta mugikorretako aplikazioak eguneratuta.

Urte hauetan guztietan, hiztegigileen lana ere eraldatuz joan da. Euren egunerokoaren oinarri bihurtu dira datu-baseak eta XML egituradun datu-multzoak. Urruti gelditu dira papereko hiztegiaren gainean boligrafo gorriarekin egiten ziren zuzenketa eta proposamenak. Masiboki eskuratutako corpusetan bilatzen dituzte erreferentziak, eta bertatik hautatzen dituzte hiztegirako sarrera berriak eta adibide egokienak.

Hiztegiaren erabiltzaileontzat ere asko aldatu da panorama. Hiztegian bilaketa bat egin behar dugunean, webgunera edo mugikorrera jotzen dugu, ez apalategira.

25 urte pasa dira lehen hiztegi hartatik, papera eta CD-ROMa boladan zeuden garai hartatik. Jarrai dezagun hiztegiak sortzen eta kontsultatzen, eta, teknologia lagun, hizkuntzarekin lan egiteko baliabideak sarean eta denon eskura jartzen.