Hasierara itzuli gaitezen…

Interneten sorrera gauza harrigarria izan zen gutako askorentzat. Ezinezkoa zirudien bilatu eta trukatu zitekeen interesezko informazio andana eskura izatea. Berrikuntza hura telebista eta ohiko hedabideekin alderatzen genuen. Erabilerraza zirudien eta etorkizuna esku artean genuen. Edonork idatz zitzakeen artikuluak, blogak, eta, den-dena, klik soil bati esker! ¡Liberté, Égalité, Fraternité!Eskaintzapeko” eduki digital honek hobeagoak eta askeagoak egingo gintuela pentsatu genuen. 

Bukatu da Google erraldoi teknologiko bihurtu aurreko eta Internet erabiltzea Interneten “bilaketak” egitearen sinonimoa zen garaia. Horren makurra eta sofistikatua bihurtu da gaur egungo errealitatea, zeinak guztiz sinesgaitza egiten duen Internet bidez jasotako edozer gauza ausazkoa eta norberari zuzendu gabekoa dela pentsatzea. Gainera, plataforma digitalei eta sare sozialei ematen diegun erabilera gure gurasoek “kutxa ergelarekin”, hau da, telebistarekin zuten usadiorik okerrena bezain pasiboa da. “Informazioa eskatzetik informazioa jasotzera” itzuli gara. Bilaketak egiten ditugunean ere, pentsamendu askea erabiltzen ote dugu?

Aro modernoa

“The Social Dilemma” (Jeff Orlowski, 2020) dokumentala ikusteak pertsona askok teknologiarekiko, kontrolarekiko eta boterearekiko dugun ikuspuntua aldatu (edo aldatzeari amaitu) zuen. Dena hor zegoen, gure buruetan bueltaka, zer oten zen asmatzea lortzen ez genuen ezkutuko gauza kaltegarri hura. Asko hitz egin da plataformek, sareek eta aplikazioek erabiltzaileongandik nahi dutenaren inguruan: produktuak saltzea, gure datuak eskuratzea… eta dokumental honek “elkartu gabeko hariak” lotzea lortu zuen.  

Dokumentalean aurkezten diren ideiek oihartzun handia izan dute azken urteetan Interneteko alderdi kritikoenean eta enpresa teknologikoetatik (tresna suntsitzaileenak diru askoren truke asmatu ondoren), alde egin duten langileetan. Erabiltzaileon jarrera gobernatu nahi duten plataformen funtzionamendua bi urte lehenago azaldu zen “Zure sare sozialetako kontuak berehala ezabatzeko hamar arrazoi” liburuan (Jaron Lanier, 2018). Gaia atsegin baduzu eta ikuspegi transbertsalagoa eta ondorioak ezagutu nahi izanez gero, “Weapons of Math Destruction” (Cathy O’Neal, 2017) liburuan ere sarrera interesgarriak daude. Erabiltzaileok, kontsumitzaile gisa beharrean, produktu bezala irudikatzeak, gaia perspektibarekin ikustea laguntzen du. Dokumentalak era didaktoan (eta egokian seme-alabak baldin badituzu) azaltzen du “algoritmo” famatu hauen jokabidea. 

Filmeko gaiztoak

“Programa” edo “algoritmo” hitzak entzuten ditugunean, sare sozialetan ikusten dituzun argitalpenak aukeratzen dituzten mekanismoak edo bilatzaileko emaitzez ari garenean, bere kabuz funtzionatzen duen eta hotza eta objektiboa den zerbait datorkigu burura, baina ez da horrela. Sinpleak eta beti modu berean ari direla ere pentsatzen dugu, baina ezta ere. Erabiltzaileon jarrera inola ere aldatzeko (edo kontrolatzeko) gai ez direla uste dugu, baina kasu honetan ere, erantzuna ezezkoa da. Algoritmoek guri buruzko informazio asko dute (eta antzekoa den jendeari buruzkoa ere) eta gurekin alderatuta, oso azkar erabiltzeko gai dira. Funtzionamendua etengabe egokitzen dute eta horregatik, erabiltzaileon aurreikuspen zehatzak egiten dituzte eta oso eraginkorrak dira haien misioa betetzen, hots, gure arreta bereganatzen. Halere, hau ez da kezkagarriena, eta hasierako galderara itzuliz… larriena hau egiteko erabiltzen dituzten mekanismoek marra delikatuago bat gurutzatu dutela da. Algoritmoak erabiltzaileak aldatzen ari dira.

Pertsonek garatu dituzte algoritmoak eta arrakasta terminoetan, haien lana hobeto egiten dute erabiltzaileok plataformara gero eta konektatuagoak baldin bagaude. Beraz, esan dezakegu, adibidez, haserre edo amorratuta dagoen pertsona bat errentagarriagoa dela algoritmoarentzat. Milioika pertsonekin eginiko frogen bitartez, ikasi dute, pantailari itsatsita denbora gehiago igarotzen dugula urduri edo asaldatuta baldin bagaude. Algoritmoaren funtzionamendu onaren oinarriak ausazkotasuna eta ikaskuntza dira. Ikasteko ausazko frogak egiten dituzte, zure arreta bereganatu eta sarean denbora gehiago igaro dezazun eta, froga horiek, aldi berean, gu aldatzea ere lortzen dute. Algoritmo asko berdinak dira, baina badaude gutako bakoitzarentzat algoritmo pertsonalizatuak ere. Denak balio du beraien misioa betetzeko. Epe luzera, plataforma hauen eguneroko erabilera egiten dugunez, eraldatzen gaituzten eta gizartea eraldatzen duten horretan bilakatzen dira. Era berean, jendartea polarizatu eta erabiltzaileok errealitatearen inguruan dugun ikuspegia aldatzen dute. Dagoeneko somatu dezakegu (eta, sarean, milaka adibide ditugu) sare sozialetan ditugun jarreretan, erabakiak hartzeko orduan, erosketak egiterakoan eta baita gure bozka hautetsontzian sartzean ere. Horregatik, tentuz jokatu behar dugu artikuluaren izenburuan plazaratzen den galderari erantzutean: gure pentsamendua eta jokabidea libreki hautatzen ditugu, edo uste bat soilik ote da?

Dokumentalean zertzelada batzuk besterik eskaintzen ez zaizkion idea esanguratsu bat ere badago: algoritmoen sorrera nolakoa izan zen jakitun diren pertsona gutxi daude enpresetan, eta, gainera, lekuz kanpo daude erabat. Enpresa hauen buruzagiei algoritmoak “eraginkorrak” izatea axola zaie eta diruenez, badira. Gure begien aurrean, informazioa jasotzen dugunean, askatasunaren, aukeraketaren eta komenigarritasunaren “ilusioa” eraiki dute. Guretzako entretenigarria, ikaserraza edo interesa sortzen digun informazioa dela iruditu diezaguke, baina algoritmoen arrakasta terminoetan, gogoratu dezagun pantailara gehien konektatzen zaituen informazioa jasoko duzula.  

Zinez, algoritmoek horren ondo funtzionatzearen arrazoia gure ahuleziak aprobetxatzean datza. Eta, guzti hau… ez da kasualitatea. Arduradunak ezkutatzen ere maisuak dira algoritmoak… Egungo erretorikan, badirudi programa hauek informazioa jasotzeko mekanismoen egileak direla, baina jakina, errudunak hauek diseinatu zituztenak dira. Duela urte batzuk, Facebookeko lehen presidenteak, Sean Parkerrek onartu zuen oso ondo zekitela zertan ari ziren algoritmoek mekanismo sinple bat indartzea bultzatu zutenean: onarpen sozialak ekartzen duen ongizatearen “yonki”-ak bilakatzea, zeinari itxura inozentea eman zioten, oso ezaguna diren egungo LIKE (atsegin dut) horien antza. 

Edward Osborne Wilson, sozio-biologo paregabeak (gizakien eta animalien jarrera sozialen oinarri biologikoak aztertzen zituen), oso ondo laburtu zuen: “Gizakiaren arazo handiena zera da: emozio paleolitikoak, Erdi Aroko instituzioak eta Jainkoen teknologia ditugula.” Triangelu horrek erakusten digu zer txikiak (eta basikoak) garen programa horiekin lehiatzean, eta gure instituzioek (dortoka bezain motel mugitzen direnak) ez badute ezer egiten, eta ongizatea kapitalismo teknologikoaren aurrerapenaren aurretik jartzen badugu, arazoak edukiko ditugu. Ez gaitezen despistatu, batzuetan, aurrerapen teknologikoa interes ekonomikoarekin nahasten baita… eta benetako ongizatearen alde lan egin beharrean, talde txiki baten onurarako solik baldin bada… ziur gaude algoritmoak “aurrerapen” gisa har ditzakegula?

Zoritxarrez, negozio-mekanismo eta -eredu arrakastatsu gisa probatu direnez, ohikoagoa da denak modu berean funtzionatzea: bilaketak, iragarpen-sistemak, entretenimendu-plataformak, ligatzeko aplikazioak, bideojokoak, sare sozialak… Baina badaude haien aurka egin ditzakegun zenbait gauza, itxaropena egon badago, jakina!!

Zer egin dezakegu?

Dekalogo bat osatzeko inongo helbururik gabe… baliagarriak izan daitezkeen zenbait gomendio jaso ditut:

  1. Jakinarazpenak desaktibatu: sare sozialak mantendu nahi badituzu (bai, denok atsegin dugu garrantzirik ez duten kontuak publikatzea), gutxienez, jakinarazpenak desaktiba itzazu. Plataformak nola erabiltzen ditugun kontrolatzeko berauek duten armarik eraginkorrena neutralizatuko zenuke horrela. Hasieran, pixka bat arraroa da, baina egun gutxitan ohartuko zara mugikorra / ordenagailua beste era batera erabiliko duzula. Pauloven txakur bat izatea baino, “eskaintzapeko” erabileraren antz handiagoa dauka.
  2. Informazio-iturriak ondo aukeratu: oso garrantzitsua da ondo informatuta egotea eta edozer gauza irakurtzeko, iturri fidagarriak, entzutetsuak (hala moduz bada ere) eta independenteak aurki itzazu. Irakurtzen dituzun gauza batzuekin edo askorekin ados ez egotea… iturri egokia kontsultatu duzunaren seinale da. Zerbaitek / norbaitek une oro ados zauden gauzak esaten badizkizu… agian polarizazio-espiral batean sartzen ari zara, red flag.
  3. Ongizatea vs aurrerapen teknologikoa balantza justu batean jarri. Aurrerapen teknologikoak guay-ak dira! Denoi gustatzen zaigu bizitza erosoagoa egingo diguten edo gauza berritzaileak dituzten asmakizunak aurkitzea… baina ez ezazu begi-bistatik galdu horiek zalantzan jartzen dituen jendea, ongizatea eta giza eskubideak lehenesten dituen jendea. Noizean behin Electronic Frontier Foundation edo Center for Human Technologyko kideei kontsulta egitea komeni da, iparra ez galtzeko batik bat.
  4. Galderak egitea: informazioa, produktu bat, albiste bat, aplikazio bat… iristen zaizunean, bereziki aztoratzen zaituzten horietakoak badira (positiboki, negatiboki edo poza eragiten dizutenak), egizu ariketa bat. Galdetu zure buruari ea norbaitek baduen interesik edo onura ateratzen duen zuregana informazio hau iritsiko delako. Onurarik ez badago, garbia da, mozkinak tarteko baldin badaude… kontuz. Jakina, egizu ihes gomendatutako eduki guztietatik, hau da, algoritmoaren eguneko menutik.
  5. Egizu gauza guztietaz barre, batez ere norbere buruaz: saiatu Interneten dagoena serio ez hartzen. Umorea gauzak erlatibizatzen eta, zorionez, askeago izaten laguntzen gaituen tresna baita. Kontuan izan orain irakurtzen ari zaren edukiak aztoratzen bazaitu… algoritmoak partida hau ere irabazi duela! Umoreak bakea gordetzen, distantzia jartzen eta manipulazio-mekanismoetan ez erortzen lagunduko dizu. Konfia ezazu Benderren.

Nahiago nuke artikulu honek erantzunak baino galdera gehiago sortuko balizkizu. Mesedez, bidali zure iritzia, eta informazio gehiago nahi baduzu, utzi galderak iruzkinetan.

 

Begi-bistan edukitzeko erakundeak

https://www.humanetech.com

https://www.eff.org

https://edri.org

https://freedom.press

 

Artikuluak / Hitzaldiak

https://www.nytimes.com/2019/12/05/opinion/digital-technology-brain.html

https://criticaldaily.org/index.php?project=311

https://www.youtube.com/watch?v=-RlhhRfREa0

https://www.ensemblemagazine.co.nz/articles/the-social-dilemma-netflixhttps://blog.hootsuite.com/social-media-algorithm/

https://www.esquire.com/es/actualidad/tv/a34384684/quien-es-jaron-lanier-el-dilema-de-las-redes/

https://es.gizmodo.com/un-exejecutivo-de-facebook-advierte-no-os-dais-cuenta-1821188632

https://medium.com/swlh/social-media-are-manipulating-our-free-will-46e4a737e901

https://www.humanetech.com/youth/social-media-and-the-brain

https://centerforbrainhealth.org/article/social-media-is-changing-our-brains

https://www.brookings.edu/blog/techtank/2021/09/27/how-tech-platforms-fuel-u-s-political-polarization-and-what-government-can-do-about-it/

 

Jende interesgarria

https://www.tristanharris.com/

https://es.wikipedia.org/wiki/Jaron_Lanier

https://es.wikipedia.org/wiki/Cathy_O%27Neil

https://www.nationalgeographic.com.es/ciencia/tras-legado-edward-o-wilson-gigante-biologia_17714

http://www.reneediresta.com/

https://es.wikipedia.org/wiki/Shoshana_Zuboff

https://en.wikipedia.org/wiki/Justin_Rosenstein

 

Dokumentalak / Liburuak

https://www.thesocialdilemma.com/es/

https://www.fnac.es/a4790656/Jaron-Lanier-Diez-razones-para-borrar-tus-redes-sociales-de-inmediato

https://www.casadellibro.com/libro-armas-de-destruccion-matematica-como-el-big-data-aumenta-la-desigualdad-y-amenaza-la-democracia/9788494740848/6228849

https://www.amazon.es/era-del-capitalismo-vigilancia-fronteras/dp/8449336937/