‘Interneten ere, lehen hitza euskaraz’ proiektua ez da oharkabean pasa. Abiarazte honetan, aste bakarrean 9.000 lagunek deskargatu dute mugikorra euskaratzen laguntzen duen aplikazioa, 1.000 lagunek euskaratu dute nabigazio-hizkuntza eta 60tik gora webgunek egin dute egitasmoarekin bat.

Twitter eta posta-elektroniko bidez jasotako galderak ere asko izan dira eta gehien errepikatzen diren horiek ekarri nahi nituzke hona

Zergatik, lehen hitza?

Mugikorraren hizkuntza eta nabigazio-hizkuntza ez dira eremu pribatuak: bisitatzen dituzun webguneek, deskargatzen dituzun aplikazioek eta hauen atzean dauden pertsonek badakite zein hizkuntzatan dauzkazun zure gailuak, guzti-guztiek. Eta, datu horietan oinarrituta eta eskari-eskaintzaren logikari jarraituta hartzen dituzte erabakiak.

Webgune askok erabiltzailearen nabigazio-hizkuntzan erakusten dute edukia. Euskal Herriko erabiltzaileen %3k dauka nabigazio-hizkuntza euskara. Ez da nahikoa merkatu handia euskarazko edukiak sortzeko.

Androiden, esate baterako, mugikorraren hizkuntza berean konfiguratzen dira aplikazio asko. Mugikorrik ez badago euskaraz garatzaileek aplikazioak euskaratzeak ez du zentzurik.

Webguneek ere badute ardura. Eta, erabaki dezakete, aurrez aurreko harremanetan bezala, haien webguneek lehen hitza euskaraz egitea. Hau da, defektuz, lehen orria euskaraz ematea.

Ez dakit euskaraz daukadan

Zure nabigazio-hizkuntza aukerak ezarpenetan begiratu daitezke. Zure lehentasunen ordena adierazten dute, zein hizkuntzatan nahiago duzun edukia. Errazago? Kik bakarrean jakin dezakezu! https://www.lehenhitza.eus/aukera 

Euskaraz jarri nahi dut, nola?

Nabigatzailearen zein mugikorraren hizkuntza aukerak zehaztu ditzakezu ezarpenetan?

Errazago?

Ordenagailua: Zoaz lehenhitza.eus-en konfiguratu atalera eta aukeratu zure nabigatzailea. Eta, eginda!

Mugikorrean: Jaitsi Androidera Lehen Hitza aplikazioa.

Plugina instalatu dut baina menuak gaztelaniaz jarraitzen dute

Plugina instalatuta nabigazio-hizkuntza aldatzen da eta ez nabigatzailearen hizkuntza. Aldatzen da ematen dugun informazioa eta ez menuak. Nabigazio-hizkuntza izan daiteke ez ebidentea erabiltzailearentzat, baina webgune batera sartzen zarenean informazio hori ematen du eta horren arabera erakusten dizu edukia. Nabigatzailearen hizkuntza, menuen hizkuntza da.

Iphone euskaraz ipini daiteke?

Aplikazioak euskara onartzen duten mugikorrak euskaratzen ditu. Applen mugikorrek ez dute euskararik onartzen, horregatik ez da berariazko aplikaziorik garatu.

LehenHitza aplikazioarekin aplikazio asko ingelesez ditut

Aplikazio gehienek mugikorraren hizkuntza hartzen dute aintzat. Hau da, mugikorra gaztelaniaz badaukat Twitter ere gaztelaniaz agertuko zait. Mugikorra euskaratzen badut eta Twitterren aplikazioa ez badago euskaraz litekeena da defektuz ingelesera jotzea. Horregatik, euskaraz ez dauden aplikazioak ingelesez daude orain.

Hori horrela, eta aplikazioak euskaraz nahi baditugu, garrantzitsua da mugikorrak euskaraz izatea: zenbat eta mugikor gehiago euskaraz aukera gehiago aplikazioen garatzaileek euskara aintzat hartu dezaten. Mugikorrik ez badago euskaraz garatzaileek aplikazioak euskaratzeak ez du zentzurik.

Aplikazioa ireki dut eta nire mugikorra ezin da euskaraz jarri

Aplikazioak euskara onartzen duten mugikorrak euskaratzen ditu. Android badago euskaraz, baina mugikor-etxeek erabakitzen dute hizkuntza-pakete horiek txertatu ala ez. Gertatu daiteke marka bereko mugikor modelo bat euskaraz egotea eta beste bat ez. Mugikorra erosterako orduan aintzat hartzeko irizpidea da.