Galdera denbora bezain zaharra da: zer da zentsura eta zer askatasun falta? Zer da debekatzea eta zer erregulatzea? Non da muga? Umoreari aplikatu ahal diogun galdera da, edo autoa erabiltzeari, eta baita beste hainbeste arlori ere.
Baina azkenaldian mundu digitalari dabil zuzenduta, eta egunero eremu berri batean agertzen zaigu. Nahiz eta, ondo begiratuz gero, eremu guztiek lotura bat dutela ikus dezakegun. Hemen doaz zenbait adibide:
1. Gazteak eta mugikorra
Estatuko zenbait gurasok mugikorra debekatu nahi dute beraien seme-alabentzat… klasean. Adikzioak, scroll amaiezinaren eragina, arreta mantentzeko arazoak eta tankerakoak aipatu dituzte arrazoitzat.
Zenbait erkidegok debeku hori ezarri behar dute Gabonak eta gero, beraz ezin daiteke esan eraginik ez dutenik lortu. Abokatu, guraso-elkarte eta bestelakoen bitartez oihartzuna lortu du mugimenduak.
Debekua eta erregulazio eta edukazioaren arteko eztabaida pil-pilean dugu beste behin: ez da lehen aldia eta ez da azkena izango ere. Galderak ere ez dira berriak, garrantzitsuena agian hau izanik: debekatu, erregulatu edota edukatu behar dutenek, ba al dakite mugikorra modu egoki batean erabiltzen? Debekatu, erregulatu ala hezitzeko gai dira?
2. Sare sozialak
Guraso askok “mugikorra debekatu” diotenean “sare sozialak debekatu” esan nahi dute. Guraso askorentzat mugikorra eta TikTok edo Instagram gauza bera dira, eta ez da hala.
Edonola ere, sare sozialak debekatu nahi dituzten gurasoak ez daude bakarrik: zenbait herrialdek neurriak hartu dituzte jada. Nepalek, esaterako, TikTok debekatu berri du. Bitxiena, agian, erabilitako aitzakia izan da: “bake soziala mantentzeko” debekatu omen dute.
Indiak gauza bera egin zuen duela ia urtebete, arrazoiak bestelakoak ziren arren. Horrek ez du gelditu sare sozialen erabilera herrialdean, soilik plataformaz aldatu ditu. Edukiak ere ez dira aldatu, TikToken zegoena Instagrameko reel-etan ikusten baitute orain. Zenbaitek diote herrialdeko gazteek ikusten dutena kontrolatzeko balio diela, beste batzuk ordea Txinak beraien herrialdean horrenbesteko eraginik izan ez dezan egiten dutela. Gogoratu AEBko erregulazioak TikTok enpresa ezberdinetan banatzera behartu zuela, Txinakoa eta Txinatik kanpoko TikTok konpainiak sortuz, ustez beraien artean daturik partekatu ezin dezaketenak.
Azkenik esan beharra daukat, aipatutako zenbait herrialde arabiarrek TikTok barruan algoritmo ezberdintasuna salatzen dabiltzala: mundu “okzidentalean” dantzei eta txantxei lehentasuna ematen dieten bitartean, “ekialdean” gauzak sortzeari ematen omen diote lehentasuna. Gazteengan eta orokorrean gizartearengan eragin gehiegi dutela diote.
Galdera, beste behingoz, erroan dago: gobernuek sare sozialak debekatu edo kontrolatu nahi dituzte?
3. Adimen Artifiziala (AA)
Heldu da AA erregulatzeko lehen legea. Ez da azkena izango, ezta onena agian, baina bai lehena. Eta non eta Europan sortu da, Txina edota AEBen ondoan adimen artifizialean oso gutxi inbertitzen duen (baina asko kontsumitzen duen) kontinente honetan. Bitxia, ezta?
Legeak eredu sortzaileak erregulatzeko balio du, gardentasuna eta jabetza babesteko asmoz, baina baita biometria bezalako beste zenbait arlo. Modifikazioak eta zehaztasunak beharko ditu, baina lehen urratsa emanda dago. Denborak esango du norabide onean egindakoa ote den.
4. Entretenimendua
Dena den, askoz garrantzitsuagoa izan daitekeen beste araudi bat definitzen ari da: AEBetako gidoilari eta aktoreek AAaren inguruan ezarritako arauak.
Nolatan izan daiteke hau Europar Batasunaren araudia baino garrantzitsuagoa? Ba historikoki begi ona izan dutelako gidoilari, aktore, zuzendari eta oro har industria horretako langileek.
Gidoilarien sindikatuak, momentuz, lorpen handia du patrikan: gidoi guztiak pertsona batek sinatu beharko ditu. Nork irabazten du honekin?
- Gidoilariek. “Makina” batek ez ditu ordezkatuko (kontuz, ñabardura asko ditu akordioak, eredu hauek ideiak sortzeko erabiltzea barne, adibidez).
- Ekoizleek. AAk sortutako edukien gainean ezin dute Copyright-a aplikatu… eta hori ezinbestekoa dute inbertsioa berreskuratzeko. Pertsona batek sinatutakoak badira, dena aldatzen da.
Industria honetakoek istorio luzea dute teknologiei aurreratzen: 2000. urtearen bueltan Internet bidezko erreprodukzioak erregulatzeko greba egin zuten. Jende askok “zer da Internet?” galdetzen jarraitzen zuen bitartean, hauek erreprodukzio bakoitzarengatik zenbat kobratuko zuten aurreikusi nahi zuten.
Arinago, 60. hamarkadan, serie eta filmen eredua goitik behera aldatu zuten: lehen telebista batek serie bat egitea eskatzen (eta ordaintzen) zuen, eta eduki hori berarena zen. 60. hamarkadan ordea seriea zuzendari edo ekoizleek ordainduko zituzten eta telebistek emititzeko eskubideengatik ordaindu beharko zuten. Ideia apurtzaile eta arraroa izan zen bere garaian; komenta iezaiezu orain Friends-eko ekoizle eta aktoreei, adibidez.
Baina gauza asko dituzte erregulatzeko industria horretan: audizio batera joaten bazara, zure aurpegia gorde dezakete eta fondoko irudi bezala erabili AAren bidez? Eta ahotsa? Eta ideiak?
Adibide guztietan erregulazio eta kontrolaren arteko muga ez da oso argi ikusten. Negozioa tarteko dagoenean agian errazagoa da galtzaileak eta irabazleak identifikatzea, baina horietan ere agian ez gaude etorkizunari begira, agian oraingo arazoei bakarrik begiratzen diegu gure iritzia sortzeko unean.
Eta zuk, informazio nahikoa al duzu debeku/erregulazio hauen alde edo kontra egoteko?