Nire arlo profesionalean kultur arloko egitasmoen komunikazio eta marketinarekin erlazionatutako proiektuak bideratzen ditut.
Nire ibilbidean kultur sektorean oinarritutako edo horrekin erlazionatutako hamaika arlo ezberdinetan lan egin izan dut: museoak, sormen arloko egitasmoen komunikazioa, artea, arlo ezberdinetako artista eta profesionalei laguntzea, festibalak, euskalgintza…
Loraldia Festibala da horietako proiektu bat. Loraldiaren komunikazioa eta marketina nire ardurak dira. Duela hiru aste amaiera eman genion bosgarren edizioari.
Hau dela eta pertsona ugari jartzen dira nirekin kontaktuan, euren egitasmo edo ekimenen komunikazioan zalantzak dituztelako, hau edo bestea ez dakitelako nola gauzatu, estrategikoki ez dauzkatelako ekintzak burutzeko aukerarik ikusten… eta abar luze bat.
Sare sozialetan nola jardun eta ingurune honetan zelan hedatu egitasmo kultural bat izan da azken hilabetetan gehien kontsultatu didaten gaia.
Horregatik, laburbilduta eta lan-orri bezala erabil daitekeen 10 urratsetako zerrendatxo hau prestatu dut.
Hasi baino lehen, kontuan izateko lau ohar
Hasteko, esan sare sozialek gizartea aldatu dutela: gizakion arteko komunikatzeko modua eta baita markak, enpresak, ekimen eta besteen eta gizakien artekoa ere aldatu dira.
Kultur arloko ekintzei dagokionez, audientzia aldatu egin da: ikusle arruntak izatetik kultur ekintzen parte hartzaile aktiboak izatera pasatu dira.
Elkarrizketak sustatzen dira, norabide bakar batean hitz egitea baino.
Kultur sektoreak profila tradizionala aldatu behar du eta kultur ekimenak egun daukaten balio erantsiaz jabetu behar dira: enpresak bezala ikusi behar dute bere burua, espazio eta produktuen sortzaileak eta testuinguruan kokatu behar direnak.
Bigarren, sare sozialetan presentzia izatearen garrantzia aipatu behar dut. Kultur sektorea ez dago orokorrean gai honetaz oso konbentzituta eta sarritan sare sozialetan egotearen arrazoiak ez dira estrategia batetik eratorrita. Bestelakoak izaten dira: beste ekimen batzuei jarraituz egiten da, lantaldean lagunen batek ardura hartzen duelako, probatzearren…
Beraz, egun, kultura eta arteen munduan sare sozialetan egotea bada oraindik ezaugarri bereizle bat. Eta hau estrategikoki baloratu beharrekoa da.
Hirugarrenez, presentzia hori gauzatzeko estrategia baten beharra azpimarratu nahi dut.
Maiz inguruan ematen den beste kasu bat: ekimen baten izenean jarduera hasi sare sozialetan eta ez jakin zer eta nola egingo den, non eta noiz agertu, zein eduki partekatu… Azken finean, aldez aurretik estrategiarik ez garatzea.
Eta honek, gehienetan, ondorio negatiboak erakartzen ditu: irismenik ez, emaitzarik ez lortzea etab. Beraz, aldez aurretik plangintza bat landu behar da.
Azkenik, sare sozialetan egoteko behar hori gastu bat egitea suposatzen badu, inbertsio bezala kontuan hartu behar dela uste dut.
Kultur-egitasmo baten sare sozialetako plangintza 10 urratsetan
Hau esanda, eta oraindik interesa baduzu, 10 urratsetako ibilbidea proposatzen dut.
Plangintza honetan sare sozialetan egitasmo horren komunikazioa bideratzeko estrategiak zehaztuko dira, helburuak, ekintzak etab.
Hartu orriak eta arkatza edo jar zaitez arbelaren aurrean eta bagoaz!
1 Hausnarketa: marka, identitatea
Hau hasiera da eta agian atalik garrantzitsuena. Pentsatu, lantaldean hausnartu eta proiektuaren ezaugarriak zerrendatu:
- Zer da zure egitasmoa, zeintzuk dira bere ezaugarriak.
- Zer da eskaintzen duena
- Zertan bereizten da
- Zeintzuk dira indarguneak? Eta ahulguneak?
- Zelan nahi duzu publikoak hartzea zure marka
- Zeintzuk dira proiektuaren baloreak
Hau ondo finkatu ezean, zaila izango da ondoren ekintza zehatzekin lerrokatuta egotea, publikoari heltzea eta baloreak islatzea ekintza horietan.
2 Inguruan ikertu
Behin zure egitasmoa zer den edo zer izatea nahi duzun finkatuta, egitasmoarekin erlazionatutako testuingurua ikertu behar da:
- Ekimenari buruz esaten dena: zein da publikoak edo gizarteak duen pertzepzioa zure ekimenari edo arloari buruz?
- Zein da iritzia?
- Ekimenaren inguruan bilaketak egiterakoan sarean, zer nolako emaitzak agertzen dira?
- Azken finean, zelan dago kokatuta onlineko erreputazioari dagokionez?
3 Konpetentziaren azterketa
Egitasmoak konpetentziarik baldin badauka edo antzeko besteren bat baldin badago, zertan den berdina eta zein puntutan bereiz daitekeen jakin behar da.
Horretarako sarean ikertu behar da zer agertzen den beste egitasmo horri-horiei buruz. Zure ekimenaren inguruan egin izan duzun bezala, besteekin berdin egin behar duzu.
Hau dena aztertzeko, erantzuna eman behar diozu zenbait galderei:
- Webgunea baldin badauka, zer eskaintzen du? Nola agertzen da?
- Zein nolako ezagutza maila dago sarean egitasmo horri buruz?
- Sareko bilaketetan zer agertzen da horri buruz?
- Zein sare sozialetan dauka presentzia?
- Zer egiten du sare sozialetan?
- Zenbat jarraitzaile ditu?
- Jarraitzaile horien artean badago nabarmentzen den baten bat?
- Nolakoak dira burutzen dituen ekintzak?
4 Helburuak finkatu
Zer lortu nahi den zehaztu behar da. Zein da sarean egotearen arrazoia? Ezberdinak izan daitezke:
- Bisita kopuru handia izatea.
- Egitasmoaren webgunera bisitak bideratzea.
- Publiko berriak bilatzea.
- Jada publikoa dena lotzea eta esperientzia berriak eskaintzea.
- Kontaktuak lortzea.
- Egitasmoaren izena sarean ikustaraztea eta ikusgarritasuna lortzea.
- …
5 Zein sare sozialetan izango duen presentzia erabaki
Aurreko lau urratsei esker badakizu nolakoa den zure proiektua, zer transmitituko duen, antzekoek zer eta nola egiten duten eta zureak zer lortu nahi duen.
Orain non egongo den erabakitzeko unea da, zein sare sozialetan agertuko den.
Guztietan izan behar du presentzia egitasmo kultural batek? Ez! Ezta gutxiago ere. Ez dira modak edo joerak jarraitu behar edo konpetentzia sare sozial batean dagoelako horretan profila zabaldu derrigorrez.
Ondo pentsatu behar da zergatik eta zertarako izango duen presentzia ekimenak plataforma horretan. Eta bakoitzaren ezaugarriekin lerrokatutako ekintzak bideratu behar dira.
Kontuan izan sare sozial gehiagotan egoteak ez duela bermatuko ekimenak helburuak hobeto lortuko dituenik, ezta irismen handiagoa izango duenik ere.
- Nori zuzentzen zaio?
- Zer lortu nahi da?
- Zein da ekimenaren izaera?
- Zeintzuk baliabideak (ekonomikoak, kideen konpetentzia eta gaitasunak, denbora aldetik, aurrekontua…)?
Aholkua: hobeto gutxinaka hastea eta profil gutxiago izan baina ekintzak ondo bideratzea, hainbat plataformetan presentzia izan eta edukirik ez partekatzea baino.
6 Ekintzak asmatu
Aukeratutako sare sozial bakoitzean egin beharreko ekintzak zehaztea da hurrengo urratsa.
Sare sozial bakoitzaren izaera, publikoa, lengoaia… ezberdina da.
- Zer egingo duzu bakoitzean? Nola?
- Zeinek sortuko ditu eduki eta baliabideak?
- Zein epetan? Ze maiztasunez?
- Zein motatako edukiak partekatuko dituzu?
7 Emaitzen jarraipena
Sare sozialetan aritzeak denbora behar du. Arreta eskaini behar zaio patxadaz aritu nahi bada.
Edukien sormenak denbora eta kudeaketa eskatzen du; eta baita edukiek lortutako erantzunak ere. Horien artean, publikoari arreta eskaini behar zaio, elkarreragin, erantzun, etab.
Hau izaten da etsipenerako puntu beltza sarritan. Jarduera hasi eta eskaini behar zaion lana eta denbora ikusita, kudeaketaren beharra areagotzen denean, egitasmo ugaritako arduradunek, zoritxarrez, erdizka utzi eta abandonatu egiten dute. Horregatik 5. puntuan aipatutakoaren garrantzia: hobe sare sozial gutxiagotan parte hartzea eta modu egokian kudeatzea.
8 Krisien kudeaketa
Agian, bidean, kritikak sortuko dira. Kultur arloko egitasmoak sensibleak dira ikuspegi honetatik.
Hau izaten da komunikazio publikoaren beste puntu beltz bat: zer egin troll-ak eta erasotzaileak agertzen direnean? Nola jokatu?
Aholkurik onena hau da: aldez aurretik, jarduerarekin hasi baino lehen, plangintza bat osatzea da.
Plangintza horretan krisialdi bat sortzearen arriskuaz aldez aurretik landuko da. Hausnarketa bat egingo da eta galdera ezberdinei erantzuna emango zaio. Krisialdiak ez ustekoan sortzen dira eta hobe prest egotea.
Kultur arloko egitasmoetan ematen diren krisialdiak orokorrean arrazoi hauengatik ematen dira:
- Entzute aktiboa egin ez delako eta ez delako jakin zer gertatzen ari zen.
- Sare sozialen kudeaketa eskasagatik edo, zuzenean, kudeatu ez direlako.
- Publikoari, edo honen zati bati, espero ez zuen erantzuna eman ziolako. Itxaroten zuena eskaini ez zaiolako.
- Zerbitzu egokia eskaini ez delako edo agindutakoa ez delako bete.
- Publikoak emandako erantzun eta kritikei arreta jarri ez zaiolako.
Krisialdirako plangintza horretan honelako irizpideak jaso behar dira:
- Zein arduratuko da erasotzaileak erantzuteaz?
- Zein izango da eskainiko den erantzuna?
- Nola neurtuko den non eta nola sortu den krisia eta horren irismena.
- Zein ekintza bideratuko diren krisialdia gainditzeko.
- Krisialdiaren ondoren zelan jokatuko den, zein ekintza egingo diren.
9 Aurrekontua
Burutuko diren ekintzek zein kostu izango duten baloratu behar da.
Sare sozialetan profilak sortzea gehienetan doakoa bada ere, horien kudeaketa, elikatzea eta modu profesionalean burutzeak aurrekontua eskatuko du. Baliteke, gainera, lan hauek bideratu ahal izateko ordainpeko beste tresna batzuk erabili behar izatea.
Sare sozialetan publizitate kanpainak bideratu nahi izanez gero, hauek ere aurrekontuan aurreikusi behar dira.
10 Monitorizatzea eta neurketa
Sareak ematen duen abantailetariko bat neurtzea ahalbidetzen duela da. Hartzaileek egindako ekintzak monitorizatu eta neurtu daitezke: irismena, bisitak, egindako klikak, ikusitako bideoak etab.
Kudeaketa egoki batean, monitorizazioa etengabekoa da eta neurketak eskaintzen dituen emaitzen arabera, aldaketak eta zuzenketak egitea posible da.
Bestalde, arrakasta handien lortzen duten ekintzak zeintzuk izan diren jakitea erraza izango da eta aukera berriak sumatzea.
Zure kultur ekimenaren sare sozialetarako plangintza egiteko prest?