Nork ez du entzun familiako kide edo lagunen baten ahotik hau?: “Kriptotxanponetan inbertitu eta aberastu egin da”. Gaur egun medioetan hain ohikoa ez bada ere, duela urte batzuk sarri ikusi izan dugu Kriptotxanponetan inbertituz aberastutako jendearen inguruko albisterik. Zein da ordea errealitatea?
Kriptotxanponak eta burtsa
Kriptotxanponen funtzionamendua burtsaren munduaren guztiz antzerakoa da. Erakunde edo akzio ezberdinen balioak, berauek saldu eta erosteko prest dagoen jende kopuruaren araberakoak dira. Hau da, jende ugari hasten bada kriptotxanpon konkretu bat erosten, kripto horren balioak gora egiten du. Noiz ematen dira horrelako egoerak?
Kriptotxanpon bat ezaguna egiten bada eta inbertsore, erabiltzaile edo erosleen atentzioa bereganatzen badu, horietako asko kriptotxanpon hori erosten hasten dira. Adibide bezala Dogecoin har dezakegu: Elon Muskek kriptotxanpon horren alde egin izan du, Twitter-eko irudia egun batzuz Dogecoinen irudiarekin aldatzeraino. Ondorioz, asko izan ziren Dogecoin erosten hasi zirenak eta kriptotxanpon honen balioak gora egin zuen. Handik hilabete batzuetara, ordea, bere balioa jaitsi egin zen. Seguraski, Kriptotxanpon hori garaiz erosi zein saldu zutenek irabaziak lortuko zituzten. Beste askok ordea ez, “berandu” inbertitu edo “saltzearen” ondorioz.
Inbertitzea komeni da?
Orduan, inbertitzea komeni al da? Norberaren erabakia da hori, burtsan inbertitzea norberak erabakitzen duen bezala. Hori bai, argi eduki behar da inbertituz gero, inbertsio hori galtzeko arriskua beti egongo dela eta, irabaziak ez daudela inondik inora ziurtatuta.
Bestalde, aintzat hartu behar da kriptotxanponak egungo eredu ekonomikoaren alternatiba bat bezala ulertzen badira ere, badirela ahots asko kriptotxanponetan inbertitzea egungo eredu kapitalista elikatzea dela esaten dutenak. Gainera, kontuan eduki behar da, kriptotxanpon batzuek klausula berezi batzuk izaten dituztela: adibidez, erositako kriptotxanponak denbora tarte batean ezin saldu izatea.
Ponzi eskemak
Azkenik, aipatu beharra dago kriptotxanponak erregulatu gabeko espazio bat direla eta, ondorioz, edonork eta edonoiz sortu eta jar dezakeela jendartearen eskura edozein kriptotxanpon. Honi lotuta, asko izan dira aberasteko esperantzaz inbertsioak egin eta guztia galdu dutenak.
Bukatzeko, kriptotxanponetan ere eman den iruzur eredu bat aipatuko dugu: Ponzi eskemak. Ponzi eskemetan lehen inbertsioa egiten duten pertsonek beste inbertsore batzuk bilatzen dituzte, horrela, irabaziak lortzeko. Momentu batetik aurrera inbertsore berrien hazkundea gelditzen denean, kriptotxanponen balioa jaisten da.