Kripto-txanponak ez erabiltzeko arrazoi anitz daude: espekulazio erreminta bezala erabiltzen direlako, ez ditugulako ulertzen, praktikan energia-baserri batzuen esku daudelako… Laster zerrenda horrek arrazoi bat gutxiago izango du, ordea: Jadanik ez dute horrenbeste energia kontsumituko.

Agian ez dugu oso argi zenbat energia kontsumitu dezaketen txanpon hauek. Hau da: arazoa beraien kontsumoa al da? Azter dezagun gertatu berri dena.

Ethereum izan da, txanpon “handien” artean, urratsa eman duen lehena. Eredu aldaketa bat ezarri berri du, eta aurrerantzean behar duten energia %99a gutxitu da. Asko ala gutxi da hori? Ba pentsa: horrek suposatzen du munduko %0.2 erabiltzeari utziko diotela.

Munduko %0.2! Herrialde guztietako etxebizitza, enpresa eta bestelakoen %0.2! Jabetzen al gara txanpon hauen eraginaz?

Ez da aldaketa zaila, beste hainbat kripto-txanponek ere ezarri baitute aurretik, baina aldaketa da. Lana, esfortzua eta, batez ere, gogoa eskatzen du. Hau da tamainako txanpon batek aldaketa ezartzen duen lehen aldia.

Ziur zuetako askok ez zenutela uste horren hedatuta zeudenik, edota horrenbesteko erabilpena zutenik, ez edo horrenbeste energia kontsumitzen zutenik. Nik ezta. Baina begira: Ethereum-eko eragiketa bakar batek lehen 200 kWh behar zituen. Zenbat da hori? Gutxi gora behera, 2 egun eta erdiz etxean ditugun gailu guztiak topera jarrita izan beharko genituzke hori kontsumitzeko. Eta hau eragiketa bakarra egiteko!

Baina ez da aldaketak ekarriko duen onura bakarra: beharrezkoak diren ordenagailuak sinplifikatzen ditu baita. GPU gutxiago beharko dute, txartel grafikoen merkatua lasaituz. Prezioek behera egingo dute eta stock-a itzuliko da. Bitxikeria: bideo-jokoetarako kontsolak izango dira gehien eskertuko dutenak.

Material gutxiagoren beharra, energia gutxiagoren erabilera: askoz jasangarriagoak izango dira kripto-txanponak aurrerantzean. Tamalez, Bitcoin-ek aldaketa hau egingo ote duen ez dago argi oraindik. Izan ere, eredua aldatzea ez da horren erraza… baina horren zaila ezta ere.

Guzti hau lortzeko eredu aldaketa bat ezarri behar izan du Ethereum-ek. Lehen PoW (Proof of Work) delakoa erabiltzen zuten, meatzaritza oinarrituta: ordenagailu ezberdinek beraien artean konpetitzen dute, eragiketa bat zeinek azkarrago egin aurkitu nahian.

Eredu berriak meatzaritza kooperatiboan du oinarria, PoS edota Proof of Stake delakoa: erabiltzaile ezberdinek egin behar dituzte operazio hauek, bakoitza proportzio batean. Lehia desagertzen da, eta elkarren arteko lana ezarri.

Erabiltzailearentzat, aldaketa nabarmenik ez; planetarentzat, sekulakoa. Espero dezagun beste txanponek bide bera jarraitzea.