Kongoko Errepublika Demokratikoa, batez ere herrialdearen ekialdea, munduko meatzaritza-gune garrantzitsuenetakoa da. Bertan, koltan mineralaren munduko erreserben % 80a dago. Mineral hori gabe, ezinezkoa izango litzateke hainbat gailu teknologikoen fabrikazioa, bereziki telefono mugikorrena. Koltanaz gain, aipatzekoak dira meategi horietatik ateratzen diren beste hiru mineral: urrea, wolframioa eta eztainua. Mineral horiek urriak eta garestiak dira, eta ‘gatazka-iturri diren mineralak’ edota ‘odolezko mineralak’ deitzen zaie.

Mineral hauen erauzketan, prozesamenduan eta salmentan talde armatuek duten kontrola dela eta, bost milioi lagun baino gehiago hil dira 1998tik eta milioi bat lagun lekualdatu ziren 2013an. Bestetik ere, indarkeria handiena emakumeek jasaten dute ehun mila emakume baino gehiago bortxatzen baitituzte urtean. Sexu-indarkeria horren ondorioz, emakume hauek euren familiengatik baztertuak izaten dira, haien bizilekuetatik alde egin behar dute. Horren ondorioz eta beharraren premiaz, prostituzioan edota meategietan zamaketari gisa aritzen dira lan-segurtasunik gabe eta ia-ia esklaboak bezala lan eginez bizirik irauteko.

Gatazka iturri diren mineral horiek mugikorren bidez heltzen dira gure eskuetara, jakitun izan gabe, meatzeetako langileen esplotazioa eta talde armatuen finantziazioa eustera laguntzen dugula.

Gaitz hauen pairamena murrizteko, ALBOAN GKEak “Gatazkarik gabeko teknologia proiektua abiarazi du, mugikor, tablet eta ordenagailuetako materialek Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko gerrarekin duten lotura ezagutarazteko helburuarekin. ALBOANen, gizartearen mobilizazio sortu nahi dute, gaiaz jabetzeko eta mineral horien nazioarteko salerosketari buruzko europar araudia lortzeko. Era berean, laguntza eskatzen dute gatazka armatuarengatik beren etxea utzi behar izan dutenen bizi-baldintzak hobetuko dituzten proiektuei laguntzeko.

Kanpaina

Aipatutako mugimenduaren barruan, GKE honek “Kongoren aldeko mugikorrak” izenpean, mugikorrak birziklatzeko kanpaina abian jarri du. Honen harira, KZguneetan erabilgarri ez dauden mugikorrak uzteko kaxak ipini dira. Horrela, proposamen honetara haien ekarpena egin nahi dutenek jada erabiltzen ez dituzten mugikorrak KZguneen lokaletan dauden edukiontzietan utz ditzakete. Telefono mugikorrak birziklatze eta berrerabiltze ekintza sinple honi esker, mineral gutxiago erauzi beharko dira Kongon, izatez, telefono mugikorren osagaien % 90 da birziklagarria baitira.

Ekintza honen helburua telefono mugikorrak arduraz erabiltzea, haien birziklatzea sustatzea, ingurumena kontserbatzen laguntzea eta mineral gutxiago erauzi behar izatea da. Birziklapen horretatik lortutako etekin ekonomikoak, bestetik, Kongoko ekialdeko gatazka armatuak eragin dituen errefuxiatuei eta iheslariei laguntzeko proiektuak sustatzeko erabiliko dira.

Beraz, badakizu telefono mugikor zaharkitua baduzu ez bota zakar ontzira, KZgune batean  dagoen kutxan laga.