Gaur egun teknologiek abiadura handia daramate. Horren eredu nabarmena, eta adibide gisa jartzeko, mugikorrak dira; azken generazioko mugikor bat erosten dugunean askotan urtea igaro baino lehen teknologia zaharkitua bilakatzen da, mugikor horren bertsio berria ateratzen delako. Gauza berdina gertatzen da Internet konexioekin, izan ere, gure etxebizitzetan 4Ga sartu zenetik jakin bagenekien hurrengo pausua laster emango zela, eta hala da; 2020.urterako 5Ga dator. Teknologia berri horrek abiadura ekarriko du, beste hainbat onuren artean. Horren ondorioz, zalantzan jartzen da Internet konexioen sistema: konexio finkoak vs. konexio mugikorra.

Kontuan izan behar den lehenengo gauza da, 4Ga Interneten ohiko erabilera egiteko nahikoa dela, eta dagoen muga operadoreek jartzen duten tarifetan dago, hori horrela, ADSL edo fibra konexioak bazter utz genitzake.

Deloittek, 2017.urtean egindako inkestan ateratako ondorioak aurretik azaltzen ari garen guztia agerian uzten dute. Inkesta horretan 1.082 etxebizitza elkarrizketatu ziren Espainian eta elkarrizketa horietatik ondorioztatu da %15ak ez duela Interneterako konexio finkoa, bai ordea konexio mugikorra. Esan bezala, gaur egun 4Ga besterik ez dago, eta dagoeneko internet finkoa etxeetan desagertzen ari da, telefono finkoa desagertzen ari denez. Horregatik, 5Ga datorrenean dagoen tendentzia portzentaje hori handitzen joatea da 2020.urtetik aurrera.

Aldaketa horren ondorioa ez da bakarrik 5Gak izango duen abiadura ikaragarria. Beste faktore batzuek ere eragina dute. Faktore horien artean alderdi ekonomikoa dago, batez ere gazteen artean, izan ere, egun bizi den egoera ekonomikoak gazteen artean izan du eraginik handiena, eta askok nahiago dute konexio mugikorra eduki finkoa baino, leku guztietan konektaturik egon baitaitezke.

Aipa genezakeen beste faktoreetako bat da landa-gune eta hiri-gunearen artean dauden desberdintasunak. Konexio finkoa ez duten etxebizitzen portzentajea asko aldatzen da landa-guneetatik hiri-guneetara. Horren arrazoietako bat da landa-guneetara Internet eramateko beharrezkoa den inbertsioa handia dela eta gainera geldoa. Horrek dakar konexiorik gabeko etxebizitzen zenbatekoa handiagoa izatea, halere, etxebizitza horiek badute konexio mugikorra. Zenbatekoetan hitz egiteko, landa guneetan konexio finkorik gabeko etxebizitzen zenbatekoa %20a da eta hiri guneetan berriz %14a.

Zuntz optikoaren hedatzeak mugikorren hedatzea ere badakar, eta jendearen aukera nagusia da. Tendentzia honek aurrera jarraituko du, esan bezala, 2020.urtetik aurrera 5Ga gure etxebizitzetan sartzen denean. Are gehiago, etorkizuneko generazioek tendentzia hau gehiago markatuko dute, une oro konektaturik egoteko beharra areagotu egin delako, eta alderdi ekonomikoari begiratzen badiogu, bi aukeren artean haientzako erabilgarriena dena aukeratuko dutelako.

Tendentzia honek ez luke mugarik izango telefonia operadoreek ezartzen dituzten datuen bolumena mugatua izango ez balitz, eta mugikorrarekin egin daitezken ekintzak mugatuko ez balituzte. Egoera honek horrela jarraitzen duen bitartean, konexio finkoak gure etxebizitzetako parte izaten jarraituko dute, baina hau aldatu bezain laster, konexio finkoak atzerakada nabarmena jasango du behar bada desagertu arte.