Gaurkoan DIGCOMP ereduko bigarren eremuaz arituko naiz, KOMUNIKAZIOAz eta bereziki komunikazio digitalaz.
Baina eremu digitalarekin hasi aurretik komunikazio konpetentzia metadiziplinarraren ildo batzuk aipatu nahi nituzke.
Zer dira konpetentzia metadiziplinar edo zeharkako konpetentziak? Ikaslearen irteera-profilean aurreikusitako hezkuntzaren xedeak eta oinarrizko konpetentziak lortzeko bitartekoak edo eragileak dira prozedura metadiziplinarrak.
Ikasarlo bakoitzak, lortu nahi duen oinarrizko konpetentzia eskuratzeko, prozedura propioak ditu, berariazko prozedura diziplinarrak. Baina Derrigorrezko eskolaldiaren funtzio nagusia baldin bada ikaslea bizitzarako prestatuta egon dadila lortzea, horrek eskatzen du ikasleak oinarrizko konpetentzia metadiziplinarrak ere eskuratzea. Hau da, pentsatzen eta ikasten jakin behar du ikasleak, era bateko eta besteko kodeak erabiliz komunikatzen jakin behar du, elkarrekin lan egiten eta bizitzen jakin behar du, norbera izaten jakin behar du eta egiten eta ekiten jakin behar du. Hori guztia ahalbidetzeko bitarteko dira prozedura metadiziplinarrak.
DIGCOMP ereduan komunikazioaz aritzean ondorengoa deskribatu nahi da: Ingurune digitaletan komunikatzea, online tresnen bidez baliabideak partekatzea, tresna digitalen bidez beste batzuekin elkartu eta lankidetzan jardutea, komunitateetan eta sareetan interakzioan jardutea eta parte hartzea..
Gaitasunak:
- Teknologien bidez interakzioan jardutea
- Informazioak eta edukiak trukatzea (Adibidea)
- Herrigintzan online parte hartzea (Adibidea)
- Kanal digitalen bidez lankidetzan jardutea (Adibidea)
- Netiquette (egonline gida)
- Nortasun digitala kudeatzea
Zer eragin du honek ikasgeletako egunerokotasunean? Eta nola landu behar dugu?
Teknologia digitalaren bilakaerak komunikaziorako bide berriak plazaratu ditu, denboraren -komunikazio sinkrono eta asinkronoa- eta espazioaren mugak gaindituz eta ikasgelan ere horiek ahalbidetuz. Benetako komunikaziorako aukerak ugaldu egin direnez gero, komunikazio egoera erreal eta funtzionalak sortzea errazagoa izango da.
Ahozko zein Idatzizko komunikazioa ezin da egun pentsatu baliabide digitalen erabilerarik gabe. Ikasleek, bakarka zein elkarlanean, egoeraren eta haren eskakizunen ezaugarrien araberako testu mota anitz sortu eta partekatu beharko dituzte.
Netiketa eta “nortasuna digitalaren kudeaketa” atalei ere garrantzi berezia eman behar diegu ondorengoak lortuz:
- Online interakzioetako edo interakzio birtualetako portaera-arauak ezagutzea
- Kultura-aniztasunarekiko kontzientziatuta egotea
- Bere burua eta besteak online arriskuez babesteko gai izatea
- Portaera desegokiak identifikatzeko estrategia aktiboak garatzea.
- Nortasun digitala sortzea, egokitzea eta kudeatzea;
- Identitate digitala babesteko eta bakoitzaren datuak kudeatzeko gai izatea.