Ilgoropil hitzarekin ez dudanez arrakasta handirik izan, hemen nator berriro erasora, teknologien aurrerabide zoroak hiztegia aberasteko ekarri digun beharrari erantzun bat -bueno ez: bi- ekartzen. Esango didazue zer iruditzen zaizuen.
Lehenengoa ez da hitz berria, baina adiera berri bat gehitu beharko genioke hiztegian… edo beharbada ez. Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera, ‘kakaztu’ aditzak bi esanahi ditu: ‘gorotzez bete, guztiz zikindu’ edota ‘galarazi, hondarazi, nahasi’. Bada, ingelesez ‘enshittification’ deitu dioten fenomeno bat, teknologia alorrean gero eta azkarrago hedatzen ari dena: software, hardware eta bestelako produktu eta zerbitzuen kalitate edota erabilgarritasun galera nabarmena, interes turbokapitalisten mesedetan. Adibidez: behinola komunikatzeko eta informatzeko leku atsegina zen Twitter, pixkanaka-pixkanaka ultraeskuinaren bozgorailu erraldoi eta adiktiboa bilakatu izana, edo ‘ez izan gaiztoa’ leloarekin sortu zen Google gutako bakoitzaren pausu guztiak zelatatzeko makina gupidagabea izatera pasatu izana, edo ordenagailu, telefono eta abarrak norberak konpondu edo hobetzeko modurik ez duten sistema ultra itxiak bihurtu izana… uste dut erraz ulertuko duzuela kontzeptua: hasieran ideia eta zerbitzu edo produktu ona zena, pixkanaka-pixkanaka ‘shit’ edo kakaz betetzen joatea. Esango nuke (eta ez naiz bakarra) hitz jator askoa dela ‘kakaztea’ hori deskribatzeko, ingelesezko hitzera jo beharrik gabe.
Bigarrena asmatu behar izan dut, baina prest nago aldaera hobeak onartzeko. Ingelesez ‘gadgeteering’ esaten diote. Esango nuke euskaraz ‘trepeteria’ edo ‘trepetatzea’ edo antzeko zeozer erabil genezakeela. Definizioa litzateke merkatua ‘gadget’ edo trepeta berriekin erabat betetzea, teknologia berri baten orokortze masiboa errazteko, bereziki zaintza-kapitalismoa. Adibidez: duela urte gutxi batzuk Alexa, Google Home, Siri eta antzekoen bueltan iritsi zitzaigun laguntzaile digitalen tsunamia, edo pixkanaka-pixkanaka inguratzen ari zaigun adimen artifizialaz hornitutako gailuen olatua. ‘Trepetatzea’ litzateke horrelako gailu berriak oldeka merkaturatzea, behar berriak sortu eta teknologia jakinen onarpen masiboa behartzeko. Esate baterako: laguntzaile birtualek asko murriztu dute etengabe entzuten digun gailu baten aurkako errezeloa, kapsulako kafe-makina merke eta nonahikoek kafe ziztrin bat hartzeko hondakin kopuru onargarriaren inguruko langa eraldatu diguten bezala.
Ingelesez beste hitz bat erabiltzen dute ideia horrekin lotuta: ‘gadgeteer’. Hori da gailu horiek sortu eta merkaturatzen dituena, euskaraz trepetaria-edo deituko genukeena. Baina baita gailu horiek poz-pozik, jostailu berrien liluraz eta inolako erreparo kritikorik gabe erosten dituena. Euskaraz trepeteroa izan liteke, adibidez. (Eta aitortu behar dizuet kategoria horretan ni neu sartzen naizela onartu nahi nukeena baino maizago. Bakoitzak bere bizioak ditu!).
Esan bezala, ea hitz hauekin ilgoropilekin baino arrakasta handiagorik dudan. Proposamen alternatiboak ere onartzen dira, noski! Edonola ere, buelta batzuk emateko moduko kontzeptuak dira biak ala biak.