ICANN gTLD Erregistroen Akordioaren (RA) eta Erregistratzaileen Akreditazioaren Akordioaren (RAA) Osoko Zuzenketa garatzen ari da, erregistroek eta erregistratzaileek formatu estandarizatuan, Erregistro Datuak Eskuratzeko Protokoloaren (RDAP) bidez (egungo WHOIS Protokoloa erabili ordez) erantzunak emango dituztela bermatzeko eta horrela, gTLD RDAP profila beteko dutela ziurtatzeko. Aldaketa tekniko hutsa da, operadore tekniko guztiekin negoziatua, eta beharrezkoa da zerbitzu horiek era efizienteagoan emateko kontratuak egokitzeko. Erregistro-datuetarako sarbide mailakatua ahalbidetzea ere badu helburu: adibidez, publiko orokorrari oinarrizko informazioa soilik emago lekioke, baina erregistratzailearen informazio zehatzagoa izango lukete segurtasun-indarrek eta segurtasun-adituek.
COREren Erregistroen eta Erregistratzaileen Plataformek dagoeneko ezarrita dute RDAPa. Denbora luzez egon da erabilgarri, eta CORE/COREhub-ek zerbitzua ematen diegun Erregistro eta Erregistratzaile guztientzat gaitu dugu. Beraz, Osoko Zuzenketa hau onartzeak ez du inolako aldaketa operatiborik eragingo COREren kide eta bezeroentzat.
Aurrekariak
Jakina denez, gaur egun Erregistroek domeinu-izenen informazioa argitaratzen duen zerbitzu bat izan behar dute. Erregistratutako domeinuak, domeinua ostatatutako zerbitzariak eta hauek erregistratu dituzten pertsonen izena publikoa izan behar dira (soilik pertsona juridikoa bada eta Erakundearen Izena Eremuan agertzen bada). Domeinua erregistratu duen pertsona azaltzen ez bada, beharrezkoa izango da gutxienez haren jurisdikzioa eta beste zenbait informazio publikatzea. Hau da hainbestetan entzun dugun WHOISa.
RA eta RAA, oro har, RDDS Erregistro Datuen Direktorioko Zerbitzuaren parte dira. WHOISa, orain arte derrigorrezkoa zena, horietako bat da, eta RDAP beste bat da, 2013-2014 urteetan guztiz garatu gabea zegoena, Erregistro eta Erregistratzaile gehienek ICANNekin akordioa sinatu zuten garaian, zehazki. Kontratu-aldaketa horren bidez, RDAParen zerbitzu berria aktibatzeko betebeharra, aipatutako zehaztapenak eta dagozkien SLAak gehitu nahi dira. Era berean, WHOISaren “pixkanakako erretira” aurreikusten du (sistema automatizatuek erabiltzen duten zatia, RDAPak egingo duena).