Gaur egun Internet-en dauden zerbitzu ia denak enpresa erraldoiek emandakoak dira, Google, Facebook, Microsoft, Apple eta enparauak. Horren adibide dira e-posta, dokumentuak hodeian editatzeko zerbitzuak, bideo-deiak, mapak eta sare-sozialak. Guzti horiek erabiltzean nor garen esan eta pasahitza eman behar dugu, eta horri esker guri buruzko informazio andana pilatzen dute, askotan gu kontziente izan gabe ere. Zerbitzu txikiagoak erabiltzean ere erabiltzaile bezala Google, Facebook edo Microsoft-ekoak erabiltzen ditugu identifikatzeko, adibidez telefono mugikorreko aplikazioak erabiltzean Google edo Apple-eko kontua erabiltzea ezinbestekoa da. Egun, badirudi teknologia berri hauek erabili ahal izateko, gure datuak beraien esku uztea beste aukerarik ez dugula.

 

Horretaz jabeturik, eta blockchain teknologiak kudeaketa deszentralizaturako ematen dituen aukerak baliatuta, hainbat zerbitzu ari dira antolatzen. Mugimendu honek bere kongresu propioa antolatu du eta Internet-en sortzaile den Tim Berners-Lee beraren aldeko jarrera ere dauka. Bere aldeko manifestu antzeko bat ere idatzi izan da. Deszentralizazio honek, nolabait, bere garaian fitxategiak modu deszentralizatuan partekatzeko peer-to-peer sareek (torrent bezelakoek) eduki zuten ideiari jarraitzen dio, baina blockchain teknologiari esker erabiltzaileen kudeaketa segurua eta enkriptatua ahalbideratuz.

www.graphitedocs.com

Hainbat adibide egonda ere, honakoak aipatuko ditugu: norbera identifikatzeko kontu zerbitzaria, fitxategiak hodeian gorde eta editatzeko webgunea. Hau dena martxan jartzeko pauso erraz batzuk jarraitu behar dira. Hasteko Graphite Docs delakoan izena eman. Honek Blockstat erabiltzaile kudeatzailean kontua sortzea eskatuko digu, kontu hori erabili izateko. E-posta eman, pasahitza sortu, eta inoiz pasahitza errekuperatu ahal izateko hitz gako andana nonbait gorde. Eta kitto, dena prest fitxategi eta dokumentuak hodeian partekatzeko, hodeian bertan editatzeko aukerarekin, enkriptazioari esker era seguruan eta anaia-handien begiradatik kanpo.