Bidaiatzea gustuko dut. Beste herrialde batzuk bisitatu, jende berria ezagutu, jaki goxoak dastatu. Baina nik dakidala behintzat, ez naiz sekula Luxemburgen izan. Akaso ametsen batean joan nintzen bertara, eta baliteke bertan egonda plater zoragarri batez gozatu izana ere.

Sentsazio horrekin esnatu nintzen aurreko astean. Goizean goiz esnatu, mugikorreko alarma itzali, eta nire bankuko mezu bat ikusi nuen arte. Nire kreditu txartelaz erosketa bat egin zela aipatzen zen mezu hartan. Goizeko 03:00etan Amazon plataformaren bitartez Luxemburgen izozkiak erosi nituela adierazten zuen mezuak.

Begietatik makarrak kentzen nituen bitartean, Amazoneko nire profilera sartu nintzen, ea erosketa arraroren bat agertzen zen ikusteko. Akaso atzeratutako erosketa baten ordainketaren inguruko mezu bat izan zitekeelako nire banketxeko abisu hura. Arrastorik ez. Banketxeko aplikazioan sartu nintzen orduan, eta bertan agertu zen: AMZN ES HELADERIAS. 47,00 €-ko ordainketa bat.

Maula delitua

Nire baimenik gabe, norbaitek nire kreditu txartelaren zenbakia ordainketa bat egiteko erabili zuen. Eta hortxe eman nuen lehen pausua, txartela desaktibatzea, ordainketa burutu zuenak berriro ere nire aurrezkiak lapurtzeko tentazioa izan ez zezan.

Salaketa jartzera joan nintzenean, bertan argiago ikusi nuen: Ez nintzen Luxemburgeko izozkien zapore gustagarriaz gozatzen zuen lehena. Bertan jakin izan nuenez, ezagunak zaizkigun izenak erabiliz ordainketak egin ohi dituzte gaizkileek (AMZN, IZOZKIAK…): Alde batetik AMZN ez zen Amazon, eta izozkitegia ni ez ohartzeko jarritako izen arrunt bat besterik ez zen. Eta Luxemburgeko helbidea, dirua atzerrira, paradisu fiskal batera, erabateko bidea izan zen. Beste kasu batzuetan kriptotxanponen inbertsioak egitera bideratu izan direla era jakinarazi zidaten salaketa jartzerako unean.

Nire kreditu txartelaren datuak erabili zituenak, operazio txikiak burutu nahi zituela ohartu nintzen, harpidetza txiki baten antzera denboran zehar pixkanaka nire dirua eskuratzeko, ni ohartu gabe. Eskerrak hanka sartu zuen, izozkiak beste nonbait erosten nituela jarri izan balu, akaso ziria sartuko zidalako!

Eta nondik eskuratu ote zituen gaizkileak nire datuak? Deep webetik? Hackeo erraldoi baten ondorioa akaso? Ez bata ez bestea. Nire arduragabekeriaren ondorioa izan litekela uste dut. Ziurrenik nire kreditu txartelaren zenbakia behar ze nuen orrialderen batean sartuko nuen, hots, gaizkileren batek zelatatzen zuen web orriren batean. Errazagoa baita pertsona fisiko bati ziria sartzea, edo deskuidu batean harrapatzea, manipulazio informatiko erraldoi bat egitea baino.

Poliziaren agiriari esker, nire banketxea niri kendutako dirua itzultzeaz arduratu zen. Eta azaldu zidatenaren arabera, mota ezberdinetako online ordainketak egin daitezke, eta bakoitzak segurtasun mota ezberdin bat erabiltzen du. Gaizkileek niri lapurreta saiakera egiteko erabilitako bideak, ez zuen bigarren pausu bat eskatzen ordainketa burutzeko. Kreditu txartelaren atzean dauden aseguru etxeek babesten dutena, alegia. Ordainketa egiteko, gako edo klaberen bat eskatu izan balit, eta nik onespena eman izan ezkero, beste egoera baten aurrean egongo nintzatekeelako.

Eta orain zer?

Zenbat aldiz entzun izan ote dut, edo okerrago! Zenbat aldiz gomendatu izan ote dut nik kontuz ibiltzeko sarean zabaltzen ditugun datuekin! Eta azkenean, nire arduragabekeria tarteko, ni neu erori naiz.  Aurrerantzean kontu gehiagorekin ibiliko naiz: momentu jakinetarako txartel birtualak sortuko ditut, banketxean ahalik eta segurtasun neurri gehienak aktibatuko ditut: Nire esku dagoen guztia egingo dut. Baina ziur nago gutxien espero dudanean berriro ere eroriko naizela.

Momentu hori iristen bada, amets bat izan dadila faborez. Eta Luxemburgeko plazaren batean txokolatezko izozki erraldoi batekin harrapa nazala.