Izenik desiratuenak

Karaktere bat eta biko .EUS domeinu-izenen erregistroa ireki da.

Izenik motzenak, karaktere gutxien dituztenak, horiek dira Interneten balio handiena dutenak. Zailak dira lortzen, luzapen guztiak ez daude salgai, eta daudenak ez dira prezio arruntean saltzen.

Izenik motzetan motzenak karaktere bat edo bi dituztenak dira, domeinu-izen bereziak dira. Eta, orain, karaktere bakarreko edo bi karaktereko .EUS luzapendunak ere eskuratu daitezke. Eskuragarri daude a.eus, z.eus, gu.eus, zu.eus…

 

Zergatik orain?

Orain posible delako. 2014an, .EUS eta domeinu berriak sareratzen hasi zirenean, ICANNek ez zituen domeinu hauentzako karaktere bat eta biko izenak onartzen. Horrela, gu.eus edo z.eus domeinu izena kontsultatzen zuenak, ‘ez dago eskuragarri’ mezua jasotzen zuen bueltan.

PuntuEUS Fundazioak, beste batzuen artean domeinu-izen hauek askatzeko eskaria aurkeztu genuen. ICANNek domeinu berrietan ere izen berezi hauek askatzea aukera zabaldu zuen.

Bidean, urte hauetan, PuntuEUS Fundazioak erantzun ezin ziren hainbat eskari jaso ditu. Orain, eskari horiei erantzuteko modua egongo da.

 

Zertarako?

Hainbat marka izen motzak dira, zer esanik ez siglak izena bera baino ezagunagoak direnean, alderdi politikoak kasu: EA, PP, eta abar. Marka horientzat garrantzitsua da haien izenarekin bat egiten duen domeinu-izena izan eta erabiltzea.

Bestelako marken artean ere, izen laburrak erabiltzeko joera goranzkoa da. Sare sozialen garaiotan siglek eta marken lehen letrek, inoiz baino toki handiagoa hartu dute. B letra, esate baterako, Berria egunkariarekin identifikatzen dugu B letra darabilelako sare sozialetako abatarretan.

Azpiko irudian ikus daiteke markarik entzutetsuenek eskuratu dutela dagoeneko karaktere bakarreko domeinuren bat: a.com, Amazon; m.me; Facebook; w.org, WordPress..

 

 

Nola esleitzen dira?

Domeinu-luzapen bakoitzak erregistro-baldintzak propioak ditu, hainbat luzapenek (.biz eta .info, adibidez) enkantean esleitu dituzte karaktere bateko eta biko domeinu-izenak. .es domeinua ere kuriosoa da. A priori, ez ditu onartzen baina eskari zehatz batzuei erantzun izan die eta aktibo dago pp.es domeinu-izena, esate baterako.

Dagokigun kasuan, hauek dira karaktere bat eta biko .eus domeinuen erregistro-faseak:

Eskaria 2020ko urriaren 15era arte. 

Fase honetan, karaktere bateko edo biko .eus domeinuen eskaera guztiak jasoko ditugu. Domeinu horiek ezin izan direnez lehenago erregistratu, aukera handia dago intereseko izena libre aurkitu eta erregistratzeko. Hala ere, domeinu-izen beraren hainbat eskariren aurrean lehentasun irizpideetara joko da izena esleitzeko.

  1. Euskal hizkuntza eta/edo kultura sustatzen duten domeinu-izenak
  2. Espainiako edo Frantziako marka komertzialak, Europako Erkidegokoak eta Espainian edo Frantzian eragina duten JIMEren nazioarteko markak (Euskal Herriko tokiko markei emango zaie lehentasuna beti).

Eskariak  berrikustea eta erregistroak ematea urriaren 16tik 25era. 

Denbora horretan, PuntuEUS Fundazioak eskaera guztiak berrikusiko ditu eta erregistroak emango ditu.

Erregistro librea, 2020ko urriaren 26tik aurrera. 

Egun horretatik aurrera, erregistro-prozesua sinplifikatu egiten da, edonork eskatu dezake edozein domeinu-izen eta automatikoki esleitzen da. Zure domeinua libre egoteko aukerak ere murriztu egiten dira, erregistro asko aurreko fasean eman baitira.

 

Prezioa

Erregistratzaileak finkatzen du azken prezioa eta aldea egon daiteke baten eta besteen artean. Prezioa beti ez da publikoa. Karaktere bat eta biko domeinu batek milaka euro kosta ditzake. Albiste ona da, domeinu mota hauen artean .EUS domeinuak direla merkeenetakoak eta 200 eurotik aurrera eskuratu daitezkeela.

 

Lehenengoa komunitatearentzat, ni.eus

Agian, norbait konturatuta egongo da badela bi karakteredun .EUS bat martxan: ni.eus PuntuEUS Fundazioak domeinu hauek merkaturatu aurretik ni.eus posta-zerbitzua komunitatearen eskura jartzea erabaki zuen. Horrela, dagoeneko, milaka lagunek erabiltzen dugu oso mugatua den zerbait gure egunerokoan, posta elektronikoan. Milaka lagunek badugu bi karakteretako domeinu-izen baten puska bat.