Azken urteotan paradoxa bat gertatzen ari da itzulpengintza automatikoaren inguruan: sistema neuronalekin gertatutako kalitate-jauziak ez du ekarri aldaketa handirik hizkuntz ohituren aldetik. Asko erabiltzen ari da Elia eta Itzuli euskararako, edo Deepl eta Google Translate hizkuntza nagusietarako, baina horrek ez du ekarri gure ingurura batzuek espero zuten/genuen aldaketa soziala: komunikabide digitalek ez dute bilatzen irakurle berriak itzulpen automatikoaren bidez (zientzia.eus litzateke salbuespena), bileretan eta konferentzietan ez da integratzen automatikoki interpretatzeko aukera, are gutxiago elkarrizketetan. Argi dago teknologien arteko integrazioan hutsune bat dagoela oraindik, eta horretan urratsak eman behar direla (konferentzia-aretoetan itzulpengintza/interpretazio automatikoa integratuz adibidez) telefonoarekin eta haririk gabeko aurikularrekin nahikoa izan dadin testua edo solasa beste hizkuntza batean jasotzeko. Zer esanik ez hoteletako harreran edo informazio-puntuetan. Teknologikoki oraindik falta da, baina sozialki urratsak emateko erresistentzia sumatzen dut.

Hausnarketa horretan sakontzeko bi ekarpen interesgarri ditugu gertu, eta euskaraz gainera: Katixa Agirreren “Berriz Zentauro” liburua eta UEUk, Errenteriako Udalak eta Badalabek antolatutako HDEH2022 jardunaldia.

“Berriz Zentauro” eleberri interesgarriak etorkizun hurbilean kokatzen gaitu eta idazleak Metabertsoaren bere bertsioa aurkezten digu. Aurreko liburuan bezala –“Amek ez dute”–  fikzioarekin batera zientzia-dibulgazioa egiten du. Adibidez, nobela hasi baino lehen, 9. orrian, hiru kontzeptu argitu nahi izan ditu: errealitate birtuala (VR), errealitate areagotua (AR) eta errealitate hedatua (XR).

Spoiler izan nahi gabe, eta ezaguna den kapituluan oinarrituta, hiru zutabetan oinarritzen da Katixa Agirrek proposatutako metabertsoa:

Hiru iraultzak markatu zuten errealitate birtualaren bilakaera azken hamarkada eta erdian, ia batera eman izanagatik fundamentuz bereiztu beharrekoak: Delphi metaversoaren garapena eta zabalkundea aurrena, OFtalen asmakizuna gero —tramankulu bakar batean errealitate birtuala eta areagotua batzen zituena—, eta teknologia haptikoaren sukarra handik gutxira.

Mintzagai dugun itzulpengintza/interpretazio automatikoa betaurreko moduko OFtal tramankulu ezinbestekoan dago integratuta, eta horren eragin soziolinguistikoan asko sakontzen ez badu ere zertzelada batzuk ematen ditu eleberrian zehar, hizkuntzak ikasteko motibazioaren apaltzea adibidez.

Bestalde, itzulpengintza eta interpretazio automatikoaren eragin soziolinguistikoa da bete-betean “Qui vol el Panglòs?” 1993an, duela ia 30 urte, argitaratutako zientzia fikziozko eleberria. Aipatutako HDEH2022 jardunaldiaren abiapuntua da nobela, eta Antoni Olivé idazlea izango da lehen hizlaria. WPan agertzen diren pasarte batzuek laguntzen dute kontakizunaren muina ulertzen:

Zer gertatuko litzateke etorkizuneko Katalunian horrelako tresna bat asmatuko balitz? Katalanaren, gaztelaniaren, ingelesaren eta arabieraren arteko hizkuntza-oreka ahulean bizi da Katalunian. Zer gertatuko litzateke ateak mundu guztia ulertzeko eta mundu guztia ulertzeko aukera emango lukeen gailu hori existituko balitz? …

Gaur egun zientzia-fikziozkoa den nobela honetan, itzultzaile automatiko eramangarri batek Kataluniako hizkuntza-erabileretan izan lezakeen eraginari buruz hausnartzen du autoreak. Irakurleak gogoeta egitera bultzatuko duten zenbait egoera deskribatuko ditu. Nola eragingo lioke pangloniarrak katalanari? Nork erabili nahiko luke? Nork ez luke erabiliko? Hizkuntza eta nortasuna nolabait lotuta badaude, zer eragin izan lezake identitate katalanean?

Jardunaldiaren antolatzaileek liburuaren ideia zentralak Euskal Herriko errealitate ekonomiko, soziolinguistiko eta fikzionalera ekarri nahi izan dituzte, gaia komunitarioki problematizatu eta espekulatiboki birpentsatzeko asmoz.

Gomendatu beharreko bi liburu eta jardunaldi bat!