Internet Society (ISOC) mundu guztian zabalduta dagoen erakundea da. Bere antolamendua kapituluka zabaltzen da, hau da, interesa duten herrialde edo inguruetan tokiko kapituluak antolatuz. Euskal Herrian ez dugu erakunde honen ordezkaritzarik gaur egun, baina, burujabetza digitalaren bidean aztertu beharreko gaia litzateke.

Internet Society (ISOC) irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakundea da. Erakunde honen helburua Interneten garapena da, eta alor honetara bideratzen ditu bere ekintza eta ahalegin guztiak. ISOC bezala ezagutzen den erakunde hau 1992an sortu zuten Interneteko hainbat aitzindarik, eta munduko pertsona guztien mesederako Interneten bilakaera, erabilera eta garapen irekia sustatzea da bere helburu nagusia. Horretarako hainbat esparrutan aritzen da lanean: Interneteko arau eta protokoloen garapenean, hezkuntzaren alorrean, informazioaren segurtasunean edo Interneten bilakaerari eragiten dioten gai tekniko zein sozialetan. Orohar Internet tresna positibo gisa sustatzeko ahaleginean egiten du lana, horretarako beharrezkotzat jotzen dituen ekimen estrategikoak garatuz.

Hau guztia gauzatzeko ISOC kapituluka antolatzen da, hau da, inguru desberdinetako bazkideak biltzen dituen tokiko kapituluak antolatzen dira, eta hauek dira maila lokalean ekintzak gauzatzeko ardura hartzen dutenak. Internetekin zerikusia duen edozein norbanako edo erakunde izan daiteke ISOCeko bazkide, erabiltzaile soila izan ala Interneteko profesionala izan, berdin dio, nahikoa da Interneten garapenean lan egiteko interesa izatea.

Irudian ikus daitekeen moduan, tokiko kapitulu asko daude antolatuta munduan zehar. Guri dagokigunez, Euskal Herrian ez dago horrelakorik gaur egun, baina Espainian eta Frantzian badira hainbat: estatu mailako ISOC-ES eta ISOC-FR kapituluak daude, baina hauez gain Katalunian eta Galizian ere ISOC-CAT eta ISOC-GAL dituzte. Ez dira bakarrak, Zaragozako Unibertsitatean ere antolatu dute ISOCARA izeneko kapitulu lokal bat.

Hau kontuan izanda ez ote dugu Euskal Herrian ISOC-EH moduko kapitulu bat behar? ISOC-EH moduko kapitulu propio batek ISOCek mundu mailan garatzen dituen ekimenak Euskal Herrian abiatzeko aukera emateaz gain, Internetek izango duen garapenean gure burujabetza digitalaren ikuspegitik aurrerabideak egiteko aukera emango liguke, lurraldetasunaren muga fisikorik gabe.

Interneteko erabiltzaileak biltzen dituen erakunde nagusian ahots propioarekin arituko den ISOC-EH moduko kapitulu bat izatea ezinbestekoa ere gerta daiteke hainbat kasutan. Esaterako, 2017an Katalunian webguneen itxiera eman zenean, ISOC Europako kapituluak publikoki salatu zuen gertakari hau, horretarako ISOC-CATek egin zion proposamena onartuz. Salaketa honek ISOCen Espainiako kapituluaren haserrea eta erantzuna eragin zuen, baina Kataluniako kapitulurik egon ez balitz Espainian Interneteko askatasunari egindako erasoa salatzeko aukera ez zen izango.

Gaur egun, Euskal Herriko Interneteko erabiltzaileok ez dugu ahotsik ISOCen, baina garaiz gabiltza hau ere bideratzeko. Egingo dugu elkarrekin?