Nork zaintzen ditu zaintzaileak? Duela ia bi mila urte egin zuen galdera hau Juvenal poetak, eta onartu berri den jabetza intelektualaren legea ikusita galdera berriz egin dezakegu: nork erabakitzen du webguneak itxi ala ez?

2011.urtean onartu zuen Espainiako kongresuak Sinde lege moduan ezagutu zena. Lege honen helburua egileen jabetza intelektuala babestea zen, Interneten bizi den pirateoari aurre eginez.Baina aditu askoren ustez, praktikan, Interneteko askatasunaren kontrola zorrozteko balio izan du. Lege honi esker epaile batek erabaki zezaken webgune bat itxi ala ez, eta erabaki hau praktikan gauzatzen ikusi dugu behin baino gehiagotan.

Orain, kongresuak lege honen eguneratzea onartu berri du, lehendik zehaztutako webguneak ixteko aukera are gehiago zabalduz. Lege berriaren arabera ez dago epaile baten beharrik webgune bat ixteko: aurrerantzean webguneen itxiera batzorde batek erabakiko du zuzenean. Hau, teorian, jabetza intelektuala babesteko asmoz egiten da, eta baimenik gabe edukia sarean partekatzea ekiditea du helburu. Baina hainbat mugimenduk salatu duten moduan, aldaketa honek edozein webgune ixteko aukera ematen dio gobernuari epaileen bermerik gabe.

 

Webgune itxieren aurrekariak

Badaude kezka eragiteko moduko aurrekariak, horien artean oihartzun handikoa duela bi urte bizi izandakoa: Espainiako Gobernuak PuntCAT Fundazioari Urriaren 1eko erreferendumarekin zerikusia zuten webgune guztiak ixteko eskatu zion. Hau gauzatzeko, Guardia Zibilak zuzenean PuntCAT Fundazioko bulegora sartzeaz gain Interneteko hainbat hornitzaileren bidez bideratu zituzten webguneen itxierak. Gertaera hau ICANNen aurrean salatu zuen PuntuEUS Fundazioak, Interneten askatasunaren aldarria eginez.

Orain, Espainiako kongresuak onartutako lege berriak Interneten askatasuna are gehiago murrizten du estatuan. Juvenalek orain bi mila urte egindako galderak erantzunik gabe jarraitzen duela dirudi, bai mundu errealean, eta baita digitalean ere.