Gauzen internet heldu da, eta teknologia adituen arabera, ikaragarrizko abiaduran hedatuko da gure artean helburu bakarrarekin: gure bizitza erraztea.
Gaur egun ordenagailuak, tabletak edo mugikorrak internetera konektaturik ikustea arrunta egiten zaigu. Baina hiru mota horietako gailuak ez diren bost mila milioi aparatu internetera konektaturik daude. Tramakulu horiek edozein motatako gailuak izan daitezke: Erlojuak, gailu-elektronikonak, jostailuak, ibilgailuak, etxetresnak, ateak, semaforoak, betaurrekoak, arropak edo baita belarritakoak ere.
Internet of things (edo bere laburdura IoT) internetera objektu fisikoak konektatzean eta haien artean sare bat sortzean datza.
Baina zertan lagun diezaguke gailu horiek guztiak konektatzeak? Gauzen interneten bidez sorturiko sarearen xedea informazioa lortzea da. Esaterako, aparkaleku askotan dagoeneko argi berde batek zein leku libre dagoen adierazten digu sentsore baten bitartez. Sentsore hori internetera konektaturik balego, telefonoaren bitartez kontsulta egiteko aukera izango genuke aparkatzera joan aurretik.
Aparkalekuetako sentsorea, argindarraren kontagailua edo uraren kontagailua, internetera konektatzea, logikoa egiten zaigu hein batean, baina hozkailu bat? Zertarako konektatu genezake? Hozkailu adimetsua konektatuko bagenu, hozkailuak berak, ikuskatuko luke bere edukia, kamera eta sentsoreen bitartez eta gure ohituren arabera, falta zaizkigun jakiak erosteko zerrenda egingo luke, baita gure ohiko supermerkatu “online”-en bitartez erosi ere.
Beraz, edozein gailuk, Gauzen Interneti esker, mundu fisikoko edozein datu baliotsu jaso lezake, baita digitalizatu eta partekatu ere. Horrela, mundu erreala digitalizatu dezakegu, eta teknologia digitalen bitartez kudeatu.
Gartner, Inc (teknologien ikerketa eta aholkularitzan aditua) enpresaren arabera, munduan 20,8 bilioi gailu egongo dira konektatuta 2020ean. Horietatik gehienak hirietan murgildurik egongo direnez, IoTen bitartez konektaturiko gailu horien guztien elkarlana erabakigarria izango da hiri adimentsuen kudeaketarako. Hain zuzen ere, Internet of Things Smart Cityaren oinarrietariko bat da.
Kalean dagoen jende kopuruaren arabera argiztapena erregula dezakeen kale-argia, kotxearen GPSra bere kokapena bidaliko duen aparkaleku-toki librea, oinezko eta kotxeen kopuruaren arabera erregulatzen den semaforoa etab. Hirietan Gauzen Internetek ekarriko dituen hobekuntza batzuk izan daitezke horiek baina etorkizunean erabilera berriak ere ikusiko ditugu. Muga bakarra, gure irudimena.