Askotan nabarmentzen dira teknologiak dakartzan abantaila eta aurrerakuntzak, eta horiek gure bizi-kalitatean duten eragina. Historikoki horrela izan da (eta izango da) eta azken aldian eboluzioa asko azkartu da, berrikuntza horiekiko menpekotasuna ere sortuz. Hori dela eta gure egunerokoa gero eta digitalizatuagoa dago, pertsonen artean erlazionatzeko moduak aldatzetik hasita euskarri teknologiko batetik egin daitekeen guzti horretaraino (erosketak, administrazioko izapideak, lana etxetik egin ahal izatea…).
Dena den, beste gauza askorekin bezala, intentzioak asko baldintzatzen du emaitza, eta horrek teknologiaren “idealtasun” hori ere zapuzten du. Esaterako, aurrerakuntza (eta inbertsio) teknologikoak osasunera bideratzea ondo dago, baina zentzua galtzen du horiek gero gizartearen gehiengoak inoiz ezingo baditu aprobetxatu, etekinaren mesedetan.
Biologia eta ikerketa aipatu ditudan bezala, informatikan ere berdina gertatzen da. Periodikoki programazio ingurune, liburutegi, eta zerbitzu berriak argitaratzen dira, horiek oinarri hartuta liburutegi eta zerbitzu berriak garatzea ahalbidetzen dutenak. Horrek, eta urteek ematen duten esperientziak, artikuluaren hasieran aipatutako berrikuntzak posible egin dituzte. Hala ere, hasieran esanda bezala informatikan intentzioak ere asko baldintzatzen du amaierako emaitza.
Testuinguru gisa: urte honetako maiatzaren 25ean Europear Batasuneko herrialde guztiei eragiten dien GDPR araudia jarri zen martxan. Jon Turrillas-ek ondo azaldu zituen araudiaren nondik norakoak artikulu honetan. Araudi honek ordezten duen LOPD legearekin konparatuta erabiltzaileen datuen babes handiagoa dakar GDPR-ak, baita zigor gogorragoak ere.
Araudi berri horren aurrean EB barruan lan egin nahi duten enpresek, edota EB-n kokatutako bezeroak dituzten enpresek GDPR-k ezarritako betebeharrak errespetatu behar dituzte. Horrek webgunean aldaketak egitea suposatzen du, cookie eta e-posta zerrendekin lotutakoak batez ere. Bada, EB-z kanpoko enpresa batzuek lan hori egin ordez nahiago izan zuten EB-tik zetozen bisitari guztiei sarbidea ukatzea.
Artikulu hau idazteko ideia Joxean Koret-en Twitter kontutik atera nuenetik gauzak aldatzen joan dira eta lehen blokeo hori jarrita zeukaten webgune batzuek orain onartzen dituzte bisitari europearrak, baina oraindik badira kasuak sarean zehar. Adibidez, Los Angeles Times eta Chicago Tribune egunkariak, edota e-mail subskripzioak kudeatzeko erabiltzen den unroll.me zerbitzua.
Hau da Los Angeles Times egunkariak europear bisitariei erakusten dien orrialdea, blokeoaren arrazoien berri emanez:
Orrialde baliokidea, unroll.me zerbitzuarentzat:
Sarbide ukatze hori egiteko horretarako berariaz garatutako JavaScript liburutegiak erabili ohi dira, EB-tik datozen IP helbideak identifikatu eta baztertzeko. Horren ordez GDPR-a betetzen laguntzeko berariaz garatutako liburutegi, plugin etab.-ekoak ere erabili zitezkeen eta horrela erabiltzaile guztientzako eskuragarri dagoen zerbitzu bat izan, baina lehen esanda bezala, intentzioak asko baldintzatzen du emaitza.