Hizkuntza baten erabilera bermatzeko eta, nolabait, osasuntsu mantentzeko, beharrezkoa da ingurune digitalean presente egotea. Euskarazko hizkuntza-teknologiekin lan egiten dugunok ongi dakigu hori, teknologia horien garapena ezinbesteko baita ingurune digitala deitzen diogun horretan gure hizkuntzan jarduteko.

Gainera, gure egunerokoa gero eta digitalagoa den honetan, elkarrekin komunikatzeko inoiz baino teknologikoago bihurtu gara, eta horrek behar berriak sortu ditu. Batzuetan, badirudi, hizkuntza bera pausen gelditu dela, eta teknologiak direla etengabeko eboluzioan murgilduta daudenak. Badirudi diot, hizkuntza ere, erabili ahala, eboluzionatzen ari delako, eta ingurune digitalean bestelako teknologiekin batera eraldatzen ari delako; prozesu paraleloak dira.

Otsailaren 3an egin zen publiko IDE egitasmoa. Euskararen Etxean egin zen aurkezpena, eta bertan egon ginen proiektua babesten Puntueus, Euskaltel, Azkue eta Elhuyar fundazioetako ordezkariak.

IDEk, Ingurune Digitaleko hiztegi Eleaniztunak, behar zehatz bati erantzuten dio: ingurune digitalari buruzko terminologia zehazteko beharrari. Ingurune digitalean euskarak egon behar du, noski, baina ingurune digitalaz hitz egiteko ere euskara erabili nahi dugu. Arloa etengabe aldatzen ari da, eta oso modu bizian sortzen dira termino berriak; gehienak ingelesetik datoz, eta euskaraz nola eman behar diren jakitea ezinbestekoa da.

Interneteko erabiltzaileentzat kontsulta-gune berri bat izango da ide.eus, arlo zehatz horretako terminoei buruzko bilaketak egiteko aukera ematen diona. Horrez gain, aukera izango du proposamenak egiteko, eta lantaldearekin harremanetan jartzeko. Lantaldea ingurune digitalean diharduten hainbat adituz osatuta dago, eta kontzeptu eta terminoen egokitasuna aztertuko dute; lantaldea arduratuko da euskarazko terminoak eta itzulpenak zehazteaz, eta horiek guztion esku jartzeaz.

Esaterako, boladan dagoen termino bat da txatbot, baina ba al dakigu horrela idatzi behar ote den? Edo ingelesez idazten den modu berean jarri beharko genuke? Galdera horiei erantzuteko sortu dugu IDE. Ingelesezko chatbot hitza bilatu dezakegu, eta emaitzan behar dugun informazio guztia topatuko dugu: euskaraz nola idazten den, zer den, kontzeptu horrekin erlazionatutako artikuluren bat ote dagoen, irudia…

Definizioak eta oharrak euskaraz egon arren, bilaketan lau hizkuntzatan egin daitezke: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez.

Proiektuak badauka oinarria, eta hori abiapuntua besterik ez da. Aditu-taldearekin batera termino berriak lantzea eta horiek kontsultagai jartzea dira hurrengo urratsak. Geroz eta informazio gehiago bildu, orduan eta lehenago lortuko da ingurune digitalaz idazteko erreferentzia nagusia izatea.