Infoxikazio garaian bizi gara, informazioaren gaindosia dugu eta hori kudeatzea garrantzitsua da edozein hiritarrentzat gaur egun. Horrela adierazten du konpetentzia digitalaren DIGCOMP ereduak ere, bere lehen dimentsio moduan INFORMAZIOA ezartzen duenean.
Baina zer esan nahi du informazio kudeatzaile eraginkor izateak? Eta nola landu beharko litzateke hori Hezkuntza esparruan? Zer egin dezakegu ikasleak horretan trebatzeko?
Informazioa kudeatzeaz ari garenean, ikasleak informazioa tratatzeko praktikan jarri behar dituen ezagutzen, trebetasunen eta gaitasunen multzoaz ari gara, hala nola, zeregin hauek egiteko balioko dionaz:
- Zer jakin behar duen identifikatzeko
- Informazioa modu eraginkorrean bilatzeko
- Informazio horrek bere beharrei egoki erantzuten dien zehazteko
- Eta azkenik, lortutako jakintza erabilgarri bihurtzeko.
Interneten informazioa bilatzeko estrategia bat edukitzeaz ari garenean, gutxieneko honetatik abiatzen gara:
- Argi eta zehatz jakitea zein diren bilaketaren helburuak (zeren bila ari naiz eta zertarako)
- Bilatze-ibilbiderik egokienak hautatzen eta bereizten jakitea (nola eta non bilatuko dut)
- Bilaketaren emaitzen inguruko analisi kritikoa egiten jakitea (zer bilatu dut)
- Aurkitutako informazioa behar bezala prozesatzen eta gordetzen jakitea
- Eta bildutako informazioa erabiltzen, aurkezten eta komunikatzen jakitea.
Aipatu dugun gutxieneko horretatik abiatuz honako hau lortu nahi da: ikasleak aski konpetentzia eskura dezala, bai informazioaren bila joateko eta, baita ere, informazio-iturri desberdinak kudeatuz informazio-estrategia pertsonalak definitzeko, hau da, informazioaren bila aritu gabe, interesatzen zaigun informazioa guregana modu automatikoan iristeko. Konpetentzia hori inoiz baino garrantzitsuagoa da egun, infoxikazio garaian, informazio kopuru izugarriak baititugu eskura etengabe.
Eta ikasleak horretan trebatzeko? Beti esan dugun moduan, egunerokotasunean eta ikas arloetako jardueretan integratu beharra dugu egiteko hori. Naturaren Zientziaren arloak adibidez ikerketa zientifikoak bideratzerako informazioaren eskuratze, biltze, gordetze, partekatze, ulertze, baloratze eta komunikatze prozesuak oso garrantzitsuak izango dira eta bereziki, informazio iturriak baloratzen jakitea, haren fidagarritasuna eta edukiaren balio zientifikoa ziurtatu ahal izateko. Gizarte Zientzietan, adibidez, gune anitzetatik eta formatu anitzetan eskainitako informazioaren hautaketak eta analisi kritikoak hartuko du garrantzi berezia eta, horretarako, ezinbestekoa da ikasleak iturrien zein haietan ematen den informazioaren sinesgarritasuna eta pertinentzia baloratzeko gai izatea.