Nire ekarpenak jarraitzen dituzuenek, jakin badakizue Informatikaren irakaskuntzaren apologia egiten dudala beti. Badaezpada, gure artean ezagutzen ez nauen norbait baldin badago, aipatu beharrean ikusten dut nire burua, Informatikaz aritzen naizenean zientziaz ari naizela. Jakin badakigu konputagailuek tresna asko eskaintzen dizkigutela gure egunerokotasunean gauzak azkarrago, txukunago, modu fidagarriago batean egiteko. Baina guzti horren atzean informazioaren tratamendurako zientzia bat dago. Eta? Nola tratatzen da informazioa? Zer egiten dute  konputagailuek informazioarekin? Nola tratatu daiteke informazioa azkarrago? Nola erabil daiteke informazio hori gizartearen behar berriei aurre egiteko?

Egin ditudan azken bi galderak aurreneko biak baino askoz sakonagoak dira eta ezingo dira erantzun aurreneko biei erantzuna eman ezean. Eta aurrenekoei erantzuna eman nahian ni beti hasten naiz bitekin eta sistema bitarrarekin.

Top-down edo bottom-up estrategiak diseinuan bezala irakaskuntzan erabiltzen dira. Aldea, orokorretik zehatzera (top-down edo goitik behera) edo zehatzetik orokorrera (bottom-up edo behetik gora).

Kasu honetan, behetik gora ariko ginateke. Informatikan informazio puska txikiena bita da eta bitekin 2 aukera adieraz daitezke. 8 bitek byte bat osatzen dute, hau da, 256 aukera desberdin eta byteak elkarturik edozer gauza adieraz daiteke, testuak, irudiak, bideoak, musika eta datu pertsonalak!

Gure datu pertsonalak askotan zein formatan erabil daitezkeen irudikatzea zaila izaten da, baina “zure etorkizunari itxura ematen dioten indarrak digitalak dira eta horiek ulertu beharrean zaude” dioen liburua irakurtzen nabilela, honen aurkezpentxo bat egingo dizuet, ea kuriositateak heltzen zaituen.

Blown to bits du izena liburuak. Argi eta garbi hitz jokoa da, hasteko esaldiaren esanahia da zati txikitan eztanda egindakoa, baina gainera to blow puztea da eta bits, zati txikiak izateaz gain digitu bitarrak (binary digit) ere badira. Beraz, bitak, puztuak, dena zati txikitan eztanda egitera eraman arte?

“Zure konputagailua bitak biltegiratzeko diseinaturik daude – fitxategiak, karpetak eta bestelako datuak, programatzaileek sortutako ilusioak dira.” … “Ulerterrazagoak diren kontzeptu horiek gabe ezingo genuke bizi, baina  amarruak dira. Azpian dena bitak dira.” … Eta “bitak ondasun arraroa dira. Behin askatuta mundu guztiak dauzka. Eta zuri nire bitak ematen badizkizut, nik ez dauzkat gutxiago (Thomas Jefferson ideiei buruz).” Gaur egun, “boterea ez dator bitetatik zuzenean, baizik eta bitekin gauzak egitearen gaitasunetik.”

Adibidez, “Ezin bada aurkitu – eta azkar aurkitu – existituko ez balitz bezalakoxea da.” Eta nork erabakitzen du zer aurkituko dugun azkar eta zer ez?

Fidelizazio txartelekin, “erosleek pentsatu behar dute saltokiak sari bat ematen diela erosle zintzoa izateagatik, baina saltokia benetan bezeroen erosketa ohiturei buruzko informazioa ordaintzen ari zaie… Gure ohiturak geuretzat mantentzeko gehiago ordaintzen dugu.”

Dena den, … “informazioaren teknologia bere horretan ez da ez ona ez txarra – onerako zein txarrerako erabili daiteke… gizartean aldaketak eragiten ditu eta aldaketak arrisku eta aukerekin datoz.” Hori bai, besteen eskuetan utziz gero, arriskuak handitu eta aukerak txikitu egin ohi dira.

Blown to bits liburuak badauzka hamar urte eta egia esan azken hamar urteetan gauzak asko aldatu dira. Hala ere gauza interesgarri asko aipatzen ditu eta espero dut bertatik aterako esalditxo hauekin tentatu izana. Liburua creative commons lizentzia pean eskuragarri dago helbide honetan: http://www.bitsbook.com/thebook/