Wikipediaren arabera, argazkia -edo fotografia, edo fotoa- argiaren eraginez argiarekiko sentikorra den gainazal batean sortzen den irudia da. Hau da, nolabait esateko, argiak leku eta une jakin batean utzitako arrastoa. Halaxe ulertu dugu gehienok argazkien izaera oraintsu arte, baina, beste hainbat kontu bezala, hori ere hankaz gora irauli den/diguten errezeloa daukat azken boladan.
Askok entzungo zenuten Samsung etxeko telefonoen inguruan sortu den ‘Moongate’ auziaz. Marketin eta salmenta argudio gisa, Samsungek dio izugarrizko zoom ahaltsua jarri diola bere sakelakoari eta, besteak besteak, ilargiaren argazki ezin zehatzagoak egin ditzakeela, edozein teleskopiorenak bezalakoak. Hasi da jendea telefono garestia erosten eta, bai, saltzaileek esan bezala, ilargiaren argazki benetan ederrak egiten ditu.
Baina, ai! Ilargiaren irudion ederrak hainbat erabiltzaileren zalantzak piztu ditu eta, Samsung konturatu orduko, hainbat erosle esperimentuak egiten hasi dira. Haietako batek ilargiaren argazki lausotu bati egin dio argazkia telefonoaz eta… sorpresa! Sakelakoak satelitearen irudi ultra definitu bat erakutsi dio, jatorrizkoa baino askoz ere zehatzagoa.
Eta tira, Samsungek onartu behar izan du ilargiaren kasuan, telefonoak ez dituela kamerak jasotzen duen irudiaren erreprodukzio soila erakusten, adimen artifizial bidez hobetutakoa baizik. Hau da: ‘argazki’ horiek ez dira benetan argazkiak. Ez dira argiak une horretan lentearen gainean proiektatu duen arrastoa, baizik eta ordenagailu bidez sortutako irudi bat, arrasto horrek izan beharko lukeen irudia erakusten diguna. Halako batean estralurtar batzuek -edo Elon Muskek, kasurako- base militar edo lantegi erraldoi bat eraikiko balute ilargian, Samsungen telefonoen argazkiek ez ligukete erakutsiko, programatuta baitaude ‘argazki’ horietan erakusteko nolako itxura izan beharko lukeen ilargiak, ez nolako itxura duen benetan.
Pentsatzen hasita, fenomenoa ez da berria, noski. Hor dauzkagu, adibidez, telefonoetako kamera guztietan dauden ‘filtroak’, ez dizkigutenak erakusten errealitatea, baizik eta norbaitek erabaki duen haren bertsio ‘optimoa’. Hainbesteraino non, jakina denez, Instagrameko edertasun filtroek, adibidez, gaitz psikologikoak eragiten dizkieten mundu zabaleko milioika eta milioika neraberi.
Post-egiaren garaiotan, post-argazkilaritzaz ere hasi behardugu hizketan? Noraino barneratu dugu berez une eta leku baten isla zehatza izan behar zuena, argazkia alegia, une eta leku horren itxura “optimoaren” interpretazio bat izatea. Noraino normalizatu dugu filtroz jositako irudi egokitu horiek ikusi eta errealitatearen islatzat hartzea? Eta nola eragiten dio horrek gure inguruaz eta geure buruaz ere dugun pertzeptzioari?
Zilegi da ‘argazki’ deitzen jarraitzea ‘ez-argazki’ horiei? Ala hitz berriren bat asmatu beharko dugu?