Koronabirusak sortutako krisian murgilduta gauden honetan teknologikoari bi aldetatik so egin diezaiokegu:

  • funtzionalitatetik: pandemiaren kontrolean eraginkortasunez laguntzeko moduak egon behar dira. Hainbeste baliabide eta aditu duen arloak bere ekarpena egin behar du komunitatearen onerako.
  • mesfidantzatik: eraginkorrak izateko datu pertsonalak eskaini beharko dira, eta kontrol fisikoa indartzen ikusi dugun bezala, Interneten ere hala ari da gertatzen, eta hala gertatuko da. Snowden-en informazioak eta gero, kezka are saihestezinagoa da. Marina Garcesen ekarpena interesgarria da arlo horretan.

 

Bi joerek talka egiten dute proiektu teknologikoetan izarra den telefonoetarako app famatuan eta dagozkion protokoloetan. Ez naiz luzatuko zehaztasunetan, Lander Muñagorrik eta Iratxe Esnaolak deskribapen zehatza egin dute-eta. Orain arte, telefonia-konpainia, telefono-antenen bidez, eta Interneteko erraldoiek, GPS bidez, jasotzen zituzten modu legalean informazioa pertsonen (telefonoen) kokapenez. Hartu-emanez ere bai, deien (telefoniakoek) edo interakzioen bidez (Internetekoek). Sistema berrian, bluetooth teknologiaren bidez, pertsonen (telefonoen) arteko gerturatzeak erregistratuko dira haien arteko distantzia laburra denean. Horrela, pertsona bat kutsatu dela detektatzean berarengandik hurbil egon direnak berehala ohartarazi ahal izateko.

Sortu berria den PEPP-PT izeneko protokoloan bi aldaera daude lehian: hartu-emanen erregistroa zerbitzarietan egitea, eraginkorragoa, edo telefono bakoitzean (DP-3T izenarekin), konfidentzialagoa. Dirudienez Googlek eta Applek azken aukeraren alde egin dute, eta beraiekin batera hainbat herrialdek ere. Alemania, iritziz aldatuta, eredu deszentralizatuaren aldeko azkena da oraingoz.  Beraz, badirudi hortik joango dela telefonoan automatikoki ezarriko zaigun protokoloa eta aukeran? eskainiko diguten aplikazioa.

Baloraziora igaroz, Gorka Juliok eta Iratxe Esnaolak, beste batzuen artean, ekarpen interesgarriak egiten dituzte. Horra hor irakurri dudanetik ateratzen ditudan ondorio nagusiak:

  • Egin dezakeen ekarpena interesgarria da, baina apala da, Singapurren datuek diotenez.
  • Teknologia ez da heldua eta parametro batzuk doitzea ez da erraza. Seinalearen potentzia eta distantziaren arteko korrelazioa ez da egonkorra. Gainera, zenbat distantzia/denboratik aurrera jo daiteke bi pertsona(telefono) arteko hartu-emana kutsagarri? Behetik jotzen bada jende gehiegi isolatu beharko litzateke, goitik loz gero eraginkortasun-falta gerta daiteke.
  • Hartu-emana erregistratuta geratzeko bi pertsonek eraman behar dute telefonoa eta aplikazioa. Hartu-emanen erdia erregistratuta gera dadin biztanleriaren %70a eraman beharko luke (0,7*0,7 da probabilitatea kasu horretan). Are gehiago, adinduen artean ezinezkoa da maila horretara iristera, eta horiek lirateke helburu garrantzitsuena abisua hedatzean.
  • Aurreko zenbakietara hurbiltzeko aplikazioak jendartearen konfiantza bereganatu behar du, eta funtsezkoa izango litzateke konfidentzialtasuna eta burujabetzaren aldetik ezaugarri gehigarriak izatea: software librea, desinstalazioa automatikoa larrialdia pasa eta gero, askatasunen aldeko elkarteen monitorizazioa.
  • Edozein kasutan, pertsonen arteko harreman fisikoen erregistroak arriskua du beti, eta aurrekari bat ezartzen du. 

 

Esan bezala app hori etorriko dela ziurtzat eman dezakegu, baina honetan ere, beste alor askotan bezala (hezkuntza esaterako), sumatzen da hemengo administrazioak multinazionalen atzean geratzen direla, erantzukizuna hartu gabe. 

Balia dezagun egoera digitalizazioak hartu duen garrantziaz jabe gaitezen. Garaia da arlo honetan anbizio handiko estrategia digital bat ezar dezagun. Industriara (ia) murriztu den agenda digitala (Europako lerro estrategikoa) zabal eta potentzia dezagun.

Hor doaz estrategia horren barruan berehala sartu beharko liratekeen zerbitzu batzuk:

  • Sintomak nabaritzen duen jendeari begirako arreta-zerbitzu pertsonalizatua eta ondo publizitatua. Krisiaren hasieran egon den deskontrola saihestu behar da: lineak blokeatuta, pandemiaren urgentziak eta bestelakoak (112) elkar kolapsatzen… Telefono, eposta eta whatasapp konbinatutako sistema bat ezarri behar da, erabiltzaileak abisua emanez gero aditu baten berehalako mezua/deia ziurtatuz. Hau oso garrantzitsua da normaltasuneranzko bidean foku berriak detektatu eta konponbidean jartzeko. Ez da app baten zain egon behar horretan bidea lantzen hasteko.
  • Datu guztiak irekian zabaltzea txukun eta azkar. Opendata bidez kazetarien, zientifikoen eta komunitateko bestelako ekintzaileen lana bultzatuko da. API bat eta CSV formatua lirateke lehentasuna. Gero Osasun Sailak bere analisiak eta interpretazioak egin ditzake, pdf formatuan nahi badu; baina datu guztiak irekian eskainita.  
  • Datuak biltzeko metodologia mantendu behar da denboran zehar, zeren, sarri, datuen bilakaera datuak beraiek baino garrantzitsuagoak baitira. Eta bestelako datuak, zuzenketak edo datu xehatuagoak, baldin badatoz, sekuentziak atzera berregiten saiatu behar da administrazioa. Ez da onargarria egun batean astebete bateko datuak gehitzea bestelako zehaztasunak eman gabe, edo sekuentzia osoa berreraiki gabe.
  • Fase berrietarako erabilgarri izango diren zerbitzu digitalak prestatzea. Gaindegik prestatu duen km. bateko eremuaren mapa oso adibide ona da. Sinplea eta eraginkorra. Beste bat litzateke udalei zuzendutako edukieraren kontrolerako zerbitzua. Frontoi, areto, hondartza etab.etan sarbidea mugatzeko sistema baten beharra egongo dela dirudi: udalak edukiera definitzeko, eta herritarrek web bidez erreserba egin eta ziurtagiria telefonoan (edo inprimatzeko) jaso ahal izateko.
  • Hau luzerako doa, eta eten digitala gero eta arazo larriagoa bihurtuko da. Momentu egokia izan daiteke alde horretatik anbizio handiko politikak martxan jartzeko, ikasleei, zaharrei, immigratuei… begira. Administrazioa eta herrigintza elkarrekin joanda emaitza onak lor daitezke alor honetan.

 

Eta ezin dut bukatu berriro azpimarratu gabe online unibertsitatearen beharra 😉