Internet guztiona da, edo hala beharko luke izan. Interneten gero eta hizkuntza gehiagotan aurkitzen dugu edukia, baina erabiltzen ditugun domeinu-izenekin askotan ez da berdin gertatzen. IDN protokoloak hori bermatzea du helburu, nazioarteko errealitate linguistikoa errespetatzea, baita domeinu-izenetan ere.

Internetek bere sorreratik ingelesa izan du oinarrizko hizkuntza. Ingelesez sortu dira eduki gehienak, eta webguneen domeinu-izenek alfabeto latinoa hartu dute oinarri. Baina Interneten argitaratzen den edukiaren eta erabiltzaileon errealitate linguistikoa oso bestelakoa da. Ondoko grafikoan ikusten den moduan, sareko edukiaren zati handi bat ingelesez dagoen arren, Internet gero eta eleanitzagoa da.

 

 

Eleaniztasunaz ari garenean hizkuntza bakoitzaren idazketaz ere ari gara. Alegia, karaktere latinoez gain, zirilikoz, arabieraz eta beste edozein alfabeto erabiliz aurki dezakegu edukia Interneten. Baina eleaniztasun hori ez da web edukietara mugatzen, webguneak identifikatzeko erabiltzen ditugun domeinu-izenetan ere erabilgarri baitago. Duela gutxi arte domeinuek letra latinoak bakarrik onartzen zituzten arren, badira hainbat urte ICANNek bere politika aldatu eta nazioarteko domeinu-izenak (IDN) onartzeko protokoloa abian jarri zuela.

IDN bat (Nazioarteko domeinu-izena) Interneteko domeinu-izen bat da, eta ICANNek ezarritako protokolo eta estandarrak erabiltzen ditu hainbat idazkera eta hizkuntzatan ASCII ez diren karaktereak erabiliz (txinera, arabiera edo zirilikoa esaterako) idatzitako domeinu-izenak onartzeko. Lehen IDNak 2010eko apirilean ezarri ziren Interneteko erroan, eta harez gero ohikoagoa da IDN oinarridun domeinuak ikustea.

Mapan ikusten den moduan, nazioarteratutako TLDek izen latinoaz gain tokiko hizkuntzan dagokion kodetzean ere badaude erabilgarri. Hainbat kasutan, idazkera bat baino gehiago izaten dituzte, herrialde bakoitzak onartzen dituen hizkuntza kopuruaren arabera (India edo Txina esaterako).

 

Irudiaren egilea: John Yunker (https://bytelevel.com/map/IDN.html)

 

Garrantzitsua da ohartzea IDN protokoloa domeinuaren maila guztietan aplikatzen dela. Lehen mailako IDN domeinuak daude (errusiak erabiltzen duen .рф esaterako), eta baita bigarren mailako IDN domeinu-izenak ere (кц.рф). Baina IDN protokoloa domeinuaren edozein mailatan aplikagarria da, adibidez http://الجزائر.icom.museum.

 

ASCIItik PUNYCODEra

IDN protokoloak funtzionatu ahal izateko kodetze desberdinen arteko bihurketak egiten dira. Nazioarteko domeinu-izenak (IDN) ASCII karaktere tradizionalez besteko karakterez osatutako domeinu-izenak dira. Lehen esan bezala, domeinu-izen horiek latindarrak ez diren idazkeren letrak edo karaktereak izan ditzakete. Konputagailu batek karaktereen kodeketa erabiltzen du haiek ulertzeko. Karaktere multzo bateko karaktere bakoitzari zenbaki bakarra esleitzen zaio. Adibidez, ASCII bidez kodetutako karaktereen multzoan, “A” letra larriak 65 zenbakia du. Domeinu-izen gehienak ASCII karakteretan erregistraturik daude (Atik Zra, 0tik 9ra eta gidoia “-”). Hala ere, diakritikoak behar dituzten latinezko idazkerako hitz asko, hala nola gaztelania eta frantsesa, eta latinezkoak ez diren gidoiak erabiltzen dituzten hizkuntzak, esaterako Kanji eta arabiarra, ezin dira ASCIIn eman. Horregatik, IDNek Unicode erabiltzen dute Unicode karaktere kodetu unibertsalen multzoa da, eta 350 hizkuntza hartzen ditu.

Bihurketa hau egiteko, Punycode izeneko sistema erabiltzen da. ASCII ez diren karaktereak detektatuz gero, katea kodetzen da ASCIIrekin bateragarria den kate bat sortzeko, Punycode eskema erabiliz.  Punycode Unicode-ren irudikapen bat da, Interneteko izenetarako erabiltzen den ASCII karaktere mugatuen azpimultzoarekin. Punycode erabiliz, Unicode karaktereak dituzten izenak ASCII azpimultzo batera transkodetzen dira; azpimultzo horrek letrak, digituak eta gidoiak ditu. Adibidez, München (Municherako izen alemana) Mnchen-3ya gisa kodetzen da.

 

.EUS eta IDN

.EUS domeinuak ere IDN erabiltzen du domeinu-izenen erregistro prozesuan. Esaterako Ñ karakterea erabiltzen duten domeinu-izenen kasuan IDN beharrezkoa da, adibidez www.oñati.eus . Adibide honetan, Punycodea honakoa litzateke: xn--oati-gqa.eus.

IDNri esker, .EUSen Ñ hizkia edo bestelako karaktere bereziak dituzten domeinu-izenak erregistratzeko aukera dago. Are gehiago, Ñdun domeinu-izenak erregistratzen direnean arazoak ekiditeko .EUSen sistemak automatikoki Ndun bariantea sortzen du, erabiltzaileari bigarren domeinu bat doan esleituz. Lehengo adibidearekin jarraituz, oñati.eus erregistratzean gure sistemak onati.eus ere erregistratzen du automatikoki, biak aldi berean aktibatuz.

Garbi dago IDNk Interneten demokratizazio linguistikoan aurrerapauso garrantzitsua suposatu duela, baita euskal erabiltzaileontzat ere.